Espainiako Hauteskunde Batzordeak gaur ebatzi duenez, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan posta bidezko botoa ematera doazenek nortasun agiria aurkeztu beharko dute Correosen. Orain arte, boto papera bidaltzeko orduan, ez zen beharrezkoa nortasun agiria erakustea Espainiako posta zerbitzuaren bulegoetan, baina ustez maiatzaren 28ko hauteskundeetan Melillan (Espainian) posta bidezko botoak erosi zirenez, irizpidea aldatu du Hauteskunde Batzordeak. Ofizioz hartu du erabakia, ezein alderdik eskatu gabe, eta «prozesuari segurtasun juridiko handiagoa emateko».
Orain arte, birritan bakarrik eskatzen zen nortasun agiria posta bidezko botoa ematean. Lehenik, herritarrek Correosen bulegoetan eskaria egitean edo Correosen webgunean, nortasun agiri elektronikoarekin identifikatu behar zenean. Eta, gero, eskatzaileak postariaren eskutik agiriak jasotzean, edo Correosen bulegoetara joatean. Baina, behin botoa erabakita, hauteskunde mahaiaren helbidea duen gutun azalean boto papera sartu eta Correosen bulegoetatik bidali behar zenean, ez zen nortasun agiririk eskatzen. Aurrerantzean, ordea, bai.
Bestalde, hauteskunde egunean erroldatutako udalerritik kanpo oporretan egotekoak direnek aukera izango dute hauteskunde mahaian egon behar ez izateko. Izan ere, Hauteskunde Batzordeak erabaki du maiatzaren 30a baino lehen oporrak kontratatuta dituztenen alegazioak aintzat hartuko dituztela hauteskunde mahaian egotetik salbuesteko. Lolekuaren edota garraioen —trenaren, hegazkinaren...— erreserba bidali beharko zaio batzordeari, salbuesteko arrazoi gisa.