Eider Alustiza eta Ainhoa Lasa. Emun kooperatiba

«Posible da hizkuntza ohiturak aldatzea»

Euskararen erabilera handitzeko motibazio eta jarreretan eragin behar delakoan, Moti+Batu jardunaldia egingo dute Donostian bihar eta etzi.

mikel p ansa
Andoain
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskararen erabilera areagotzeko motibazioan, jarreretan eta portaeretan nola eragin aztertuko dute Moti+Batu jardunaldietan, bihar eta etzi, Donostiako San Telmo museoan. Emun kooperatibak antolatu ditu, baina sektoreko hainbat eragileren parte hartzearekin, metodoan ere modu irekian aritu nahi izan dutelako. «Nahi genuen jendearekin partekatuta egin, ez genuen nahi Emunen gauza bat izatea», Eider Alustiza Emuneko kidearen hitzetan. Topaketei azken ukituak ematen ari dira Alustiza eta Ainhoa Lasa. 80 lagunek izena eman dute dagoeneko, baina azken orduko parte hartzaileei ere irekiko diete atea bihar.

Zergatik eta zertarako antolatu dituzue jardunaldi hauek orain?

EIDER ALUSTIZA: Euskararen normalizazioan gabiltzanok leku berera iristen ari gara azkenaldian: ea ez ote garen mugarri batera iritsi. Azken urteetan oso-oso lan ona egin da, baina eman duena eman du: lehen pentsatzen zen ezagutzari garrantzia emanda erabilerarako jauzia berez etorriko zela. Baina uste dugu erabilerarako jauzia egiterakoan motibazioaren gaiak garrantzia hartu behar duela. Lanean egunero ikusten dugu gai hori, eta ekarpen bat egin nahi izan dugu.

Zailtasunak ikusten dira erabilera areagotzeko. Motibazioan indarra jarrita zer espero liteke?

AINHOA LASA: Portaerak aldatzea eta erabilera handitzea, hori da helburua. Motibatzeko, askotan, kanpainetan jarri da begirada. Azkenaldian, psikologia sozialean arituak gerturatu dira, ikusteko jarrerak nola landu ditzakegun, eta horietan zer aldagaik hartzen duten parte. Sentsibilizazioa, aurreiritziak… landuz jarreretan eta portaeretan eragitea da asmoa, motibazioa beste era batera lantzeko, kanpainez harago. Denok dauzkagulako ezinak edo deserosotasunak.

E. A.: Helburua da erabilera areagotzea, izan ikastetxeko jolasgaraian, aisialdian musika entzuten edo lanean bilera bat egiten.

A.L.: Galdera bat dago hondoan: euskaldun pila bat gaude; gazteak, zer esanik ez. Ulermen arazorik ez daukagu, eta, halere, ez dugu egiten euskaraz. Zer pasatzen da? Modu ezberdinak bilatzea da gakoa, palankak bilatzea.

E. A.: Duela 30-40 urte ezagutza zen oztopoa, ez zegoelako ezagutza nahikoa. Gizartea aldatu egin da. Hori ikusita, estrategia berberekin jarraitu behar dugu?

Jada ez du balio denentzat gauza bakarra egitea, beraz? Psikologiara eta norbanakoaren arrazoietara jaitsi behar da?

A.L.: Zuk, zerbait egiten hasteko, motibazio bat behar duzu. Posible da inguruak horretara bultzatzea, baina gogoa eduki behar duzu, eta gogo hori ez da lortzen hitz egin gabe. Hor gelditzen dira kanpainak motz, ezinbestekoak izan arren. Maiz, pertsona bat ez bada euskaraz bizi, ez da aukerarik edo gogorik ez duelako. Makina bat jende ezagutzen dugu gogoa eduki arren euskaraz bizi ez dena. Beste zerbait dago hor azpian.

E. A.: Eta inguru erdaldunetan, aldiz, zailtasunak daude euskaraz egin nahi duenak inguru euskaldun bat topatzeko. Kasuistika asko ditugu. Ezin dugu gauza bera egin %80tik gorako ezagutza dagoen leku batean, eta %10ekoa dagoen beste batean. Egokitzen ikasi behar dugu. Kontzienteago izan behar dugu bakoitzaren egoera nondik datorren.

Zer landuko duzue topaketan?

A.L.: Sentsibilizazioaren eta aurreiritzien ingurukoak dira gai gehienak. Sentsibilizatzearen barruan, neure burua ezagutzea dator. Jakin behar dut niri zer pasatzen zaidan —zer traba ditudan, zer sinismen, trebeziak…—, jarrerak eta portaerak lantzeko.

E.A.: Bi ikuspegitatik egingo dugu. Batetik, euskaraz badakitenak baina erabiltzeko jauzia batzuetan egiten dutenak eta besteetan ez; [bihar] aztertuko dugu zer gertatzen den egoera horietan bakoitzaren buruan. Bestetik, [ostegunean] ikusiko dugu ikasten ari direnei nola erraztu bidea. Adibidez, gai bat izango da zilegitasuna. Ikasten ari dena noiz sentitzen da seguru euskara erabiltzen hasteko? Beste bat: euskararen ulermena ziurtatua baldin badago, zergatik aldatu gaztelaniara? Halakoetan, euskal hiztunok ere badugu bide bat egiteko.

Praktika eta ikuspegi berri horiekin zer ari da lortzen?

E.A.: Ikusi dugu posible dela hizkuntza ohituretan aldaketak egitea. Baina esku hartzeak izan behar du zehatza eta momentukoa. Leku naturaletan egiteak ere laguntzen du. Bakoitzaren portaeren atzean zer dagoen arakatzen duzunean hasten zara ulertzen zergatik egiten duen bakoitzak egiten duena. Bestea ulertzen baduzu, enpatizatu egiten duzu, eta enpatizatzen duzun momentuan bestea ere gerturatu egiten zaizu. Lorpen txiki asko agertzen dira; bizitza pertsonalari lotuak eta oso zehatzak, baina pertsona horientzat oso inportanteak.

A.L.: Badugu harremana taldeetatik pasatutako jendearekin, eta askok esaten dute kuadrillan aldatu egin dutela [hizkuntza ohitura], edo etxeko egoerari buelta eman diotela, edo patxada irabazi duela euskaraz aritzeko. Baliagarria da. Haserre eta ezinegon asko arintzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.