Pandemiaren urtea izan da 2020a, eta nekez egin daiteke urtearen analisirik aldagai hori aintzat hartu gabe. Paul Bilbao (Getxo, Bizkaia, 1971) Kontseiluko idazkari nagusiak dio luzera begira euskararen normalizazioan eragina izan dezakeela izurriak, baina, era berean, espero du hausnarketa egiteko ere balio izatea. Aldaketak eragitea. Urteak, baina, gehiagorako ere eman du.
Joan den astean 2020aren analisia egiterakoan esan zenuenez, adostasun sozial eta politikoak behar dira euskararen erabilera erosoa bermatzeko eta ezagutza unibertsala lortzeko. Horiek eraikitzeko lehen urratsak egin dituzuela ere aurreratu zenuten. Zeintzuk?
Duela hiru urtetik esaten ari gara adostasun berriak behar direla, hizkuntza normalizazioaren prozesua ez delako euskalgintzak soilik bere gain hartu behar duen zerbait. Beste eragileak ere erakarri behar ditugu. Bazkideekin prestatu dugu lehen dokumentua, eta lehen faseari ekingo diogu, ondoren beste eragileengana jotzeko. Bi ardatzak funtsezkoak dira: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera erosoa.
Euskararen erabilera erosoaz hitz egitean, zertaz ari zara?
Funtzio sozial guztiak normaltasunez euskaraz egin ahal izateaz. Euskararen normalizazioan hiztunak eta espazioak behar dira. Hau da, hiztunak lortuta ere, ez badago espaziorik hizkuntza erabiltzeko, jai daukagu. Iruditzen zaigu euskaraz bizi nahi duen herritarrari eroso egin behar zaiola euskaraz bizitzea. Ez duela plus bat egin behar euskaraz jardun sozioekonomiko bat egiteko, kontsumitzeko, ingurune digitalean euskaraz aritzeko... Bada garaia hori guztia eroso egiteko.
Norainoko adostasunak lortzea aurreikusten duzue?
Lehenik, Kontseiluko bazkideekin hasi gara. Baina, horiez gain, nahiko genuke eremu ezberdinak ordezkatuak egotea, dela kirol mundua, dela gazteen mundua... Erantzukizun partekatu bat dagoela erakutsi nahi dugu. Hemen ez gara ari bakarrik atxikimenduaz: konpromisoak hartzeaz ere ari gara. Lehenengo adostasun soziala lortzea da erronka, horrek ekarriko du-eta aldaketa politikoa.
Pello Jauregi ikerlariak BERRIAn esan zuen akordio soziopolitiko bat behar dela 25 urte barrurako ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko. Denbora horretan lor liteke?
Kontua da gauzak nola egiten diren. Nahiko argi identifikatuta dago arazo handienak non dauden. Herri honetan, hezkuntza sistemak milaka haur euskaldundu ditu; hortaz, badakigu zer egin behar den: behingoz murgiltze sisteman oinarritutako ikasketa eredu orokor bat abian jarri behar da. Helduen euskalduntzean, benetako doakotasuna bermatu behar da, baina ez hori bakarrik. Nola egingo dugu euskaltegiak ikaslez betetzeko? Ezagutzeko beharra sozializatu behar da, eta hori hainbat modutan egiten da: lanpostu bat lortzeko hizkuntza eskaerak ezarriz, hizkuntza prestigiatuz... Pello Jauregik aipatzen duen epea ez zait utopia iruditzen. Posible da 0-60 urte artekoen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea 25 urte barru. Gaur 35 urte dituztenak euskalduntzea da hori.
Baita Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian ere?
Epeak ezberdinak izango dira, egoera makurragoan daudelako.
Zuk esana da: pandemiak eragina izango du ezagutzaren unibertsalizazioan. Nola?
Milaka haurrek ez dute harremanik izan euskararekin hainbat hilabetez. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek duten gaitasunarekin kezkatuta geunden lehendik ere, eta milaka ikasle euskara arnastu gabe egon badira hainbeste denboraz, bi elementu horiek lapikoan sartzen baditugu badakigu nolako porrusalda aterako zaigun.
Miren Dobaran sailburuordeak esan du Eusko Jaurlaritzak neurriak hartu dituela halako egoerak bideratzeko. Sumatu dituzu?
Zeozer jarri da, baina hau arnasa luzeko kontua da. Pandemia honek are ageriago utzi du gure zaurgarritasuna. Zenbat aldiz urratu zaizkigu hizkuntza eskubideak azkartasunaren izenean? Jarriko ditugu behingoz mekanismo eraginkorrak hizkuntza eskubideak bermatzeko? Zergatik urratu dira hizkuntza eskubideak? Kontua ez baita zenbat aldiz urratu diren, baizik eta zergatik. Hor jarri behar da arreta, pasatutako urak ez baitu errotarik mugitzen. Ikusi beharko da zer neurri hartuko diren kontratazioetan, agian bada-eta garaia penalizazioak ezartzeko baldin eta hizkuntza eskubideak urratzen badira. Nik nahiko nuke enpresek neurri horiek euren borondatez hartzea, eraginkorragoa delako. Baina nik emaitza bat daukat: zerbitzua gazteleraz eman zaidala. Honek balio beharko liguke benetako mekanismoak indarrean jartzeko.
Jaurlaritza lantzen ari den hezkuntza lege berria ezagutzaren unibertsalizazioaren oinarri izan daiteke? Haren asmoa da oinarrizko hezkuntza amaitzerakoan ikasle denek B2 maila lortzea.
Espero dut hezkuntza lege berriak behingoz ikasle guztien euskalduntzea ahalbidetuko duen eredu orokortu bat izatea ardatz. Ez dago aitzakiarik. Hortik aurrera, ikastetxeek hizkuntza proiektuak egiteko autonomia izan beharko dute, gutxiago duenari gehiago emanez. Ez baita gauza bera Bastida edo Azpeitia. Baina helburuak ez dira aldatzen. Alegia, ingurune soziolinguistikoak ezin du baldintzatu ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean lortu behar duten ezagutza maila. Horrek eskatuko du baliabide gehiago eskaini behar izatea.
Azaroan, bestalde, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen euskara jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena. C1 mailarainoko euskara ikasketak doakoak izatea biltzen zuen. Zein da zure iritzia?
Espero dezagun legegintzaldi honetan halako lege bat aurrera ateratzea. Egia da, hala ere, doakotasunerako urratsak egin direla eta helduen euskalduntzean inbertsioak egiten ari direla.
Galdutako aukera bat izan da?
Bai, baina iruditzen zait konpondu daitekeela. Lege babesa izatea garrantzitsua da, besteak beste, hizkuntzari beste estatus bat ematen diolako. Karga juridikoaz gain, karga sinbolikoa du.
ELArekin eta LABekin batera, proposamena aurkeztu zenuten azaroan: sektore arteko itunetan txerta zedila 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko betebeharra. Patronalek zer erantzun dute?
ELAk eta LABek hartu dute haiekin biltzeko ardura. Inportantea da ikustea gehiengo sindikalak hizkuntzarekiko engaiamendua duela: hori da aipatzen nuen erantzukizun partekatua. Gure ustez, onartezina litzateke proposamen hau ez onartzea, azken finean eskatzen dugun gauza bakarra baita lanbide arteko hitzarmenean euskara planen auzia agendan kokatzea. Kitto. Ez da eskatzen plan bat edo inbertsio bat egitea, baizik eta eztabaidagai izan dadila. Herri honetako sektore bat ez badago prest hitz egiteko ere, hori bada kezkatzekoa.
Ezezkorik espero duzu, ala?
Ez dakit, baina hori da Confebaski eta CENi eskatu zaiena.
Egungo Nafarroako Gobernu berriak urtebete pasa darama agintean, eta ez du ezer egin lan deialdietan euskararen ezagutza aintzat hartzeko. Gobernuaren aldetik zer espero duzu?
Lehenengo eta behin, hitza betetzea. Iaz, Nafarroako auzitegiek [euskara meritu gisa hartzen zuen legearen aurkako] epaia atera zutenean, gobernuarekin bildu ginen, eta esan genion gure ustez kasazio helegitea jarri behar zuela. Erantzuna ezezkoa izan zen, bazeukatelako dekretu berri bat prest. Iazko urrian izan zen hori, eta abenduan gaude. Kasazio helegitea ez bada jartzen, epaia irmo bihurtuko da, eta horrek berekin ekarriko du dekretuak jartzen duen balorazio irizpidea ezin aplikatzea. Zer ari da gertatzen? Deialdietan frantsesa, alemana eta ingelesa aintzat hartzen dela, etaeuskara ez. Bere garaian UPNk euskara zokoratzeko abian jarri zuen neurri bat da hori. 2000. urtean 372/2000 dekretua atera zenean, kalera irten ginen, eta, orain, neurri batean hori aplikatzen ari dira. Badakit euskararen balorazio horiekin soilik administrazioa ez dela euskaldunduko, baina auzia sinbolikoa ere bada.
Mendigorriko auzia ere sinboliko bihurtzeko bidean dago. Herria eremu mistoan dago, eta euskarazko hezkuntza jasotzeko eskaera epaitegian dago. Zer espero duzu hortik?
Badakigu epaitegietan ez daukagula aukerarik, eta, gainera, mina eginda dago: guraso batzuek Garesera eraman dituzte haurrak, eta beste batzuek A eredura. Epaitegietara iritsi behar izatea tristea da. Hau ez da Mendigorriko arazoa soilik; beste herri batean eskatuz gero, zer? Ezin gara herri bakoitzarekin horrela ibili. Bere garaian legea aldatu zen eremu ez-euskaldunean D eredua eskaini ahal izateko hezkuntza publikoan. Bat-batean, herri gogo hori elikatzen hasi ostean, horrela mozten duzu? Harrituta gaude. Uste genuen irtenbidea emango ziotela auziari. Parlamentuak huts egin du? Denek huts egin dute? Ez dakit. Alderdiek serioski pentsatu behar dute gai honetaz.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Ikusi zer gertatzen ari den Iruñeko haur eskoletan; bada, gauza bera gertatzen ari da Nafarroako Gobernuan. Teorian ezberdinak ari dira gobernatzen, ezberdinak daude gobernuetan... Horraino.
Alderdi abertzaleek presio egin beharko luketela uste duzu?
Denek dute erantzukizuna.
Presiorako gaitasun handiagoa izan dezakete abertzaleek...
Bai. Zer pentsatu eman beharko luke honek guztiak.
Ipar Euskal Herrian, bestalde, Hiriburuko eskola publikoan euskarazko esperimentazio gela bat abiatzea lortu da.
Goraipatzekoa izan da batasuna. Esperimentazio gela zabaltzeko nahia erakutsi ondoren, Bordeleko akademiak ezetz esan zuen. Irailean izan zen lehen kontzentrazioko argazkian hezkuntza komunitate guztia egotea sekulakoa izan zen. Bazen modu bat esateko: hemen hizkuntza ukitu nahi digute, eta hemen denok erantzun behar dugu.
Hezkuntza publikoan euskara txertatzeko pausoa izan liteke?
Interesgarria da, esaten baitute murgiltze eredua konstituzioaren kontrakoa dela bere horretan. Esperimentazio gela hauena zirrikitu bat zabaltzea izan da.
Murgiltze eredua Hezkuntza Kodean sartzea onartu berri du Frantziako Senatuak, baina Asanblea Nazionalak du hitza orain. Aukerarik badago?
Frantziako Asanblea Nazionala ez dugu inoiz aldeko izan, baina egia da oinarrizko konpromisoak direla. Ea apurka arrakala batzuk zabaldu daitezkeen hor ere.
Paul Bilbao. Kontseiluko idazkari nagusia
«Posible da ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea 25 urte barru»
Gaur egun 35 urte dituztenak euskaldunduta, mende laurden barru 0-60 urte arteko biztanle denek uler dezakete euskaraz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bilbaok dio egun identifikatuta dauden arazoetan eragin behar dela hori lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu