«Posible da, eta garaia da»

Zubietako errauste planta gelditzeko eskatuko dute bihar Donostian, manifestazio batean. Hamabost taldek deitu dute mobilizaziora: «aniztasuna» irudikatu nahi dute.

jokin sagarzazu
Usurbil
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hamaika ahots eta aldarrikapen, baina batean bat datoz denak: Zubietako errauste planta (Gipuzkoa) gelditzeko eskaeran. «Posible» dela uste dute, eta «garaia» dela. 17:00etan abiatuko da martxa, Donostiako Ehunurteurrenaren plazatik, eta udaletxearen aurrean amaituko da. Eguraldia lagun izan zein ez, mobilizazio «koloretsua» eta «alaia» izango dela diote deitzaileek. «Indarrak batzea» dute xede, errauste plantaren aurkako borrokan «erabakigarria» izan daitekeen urteari begira.

«Ariketa demokratiko baten emaitza da biharkoa», azpimarratu du Joxe Mari Izeta GuraSOS plataformako bozeramaileak, eta mobilizazioarekin bat egin duten eragileak zerrendatu ditu: «Bakoitza bere iritzitik abiatzen denean, bakoitzak berea defenditu beharra du. Baina uste dut gainditu ditugula zailtasun horiek». Aurrera begira, batasunari eustea izango dute «erronka».

Antzera pentsatzen du Lander Arbelaitz Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideak. Haren ustez, «hainbeste» eragilek bat egin izanak erakusten du «geroz eta jende gehiago» dagoela azpiegituraren kontra. «Hamasei urte darama borroka honek, eta erraustegia oraindik ez dago martxan». Atzera begiratuta, nabarmendu du «inoiz ez bezalako bat egitea» lortu dutela eragileen artean, baina aitortu du beti ez da hala izan. «Gizarte mugimendu guztietan bezala, gorabeherak egon dira, baina indartzen ari dela uste dut».

Izetaren arabera, «inflexio puntu bat» egon zen aldundiak obrak esleitu zituenean. «Desanimoa zabaldu zen». Dena den, uste du ordura arte «erantzun bikaina» eman zitzaiola auziari. «Gizarte honek argi utzi zuen ezin daitekeela horrelako proiektu bat martxan jarri herritarren parte hartzerik gabe, gauzak garbi egin gabe, hobetu, ikertu eta informatu gabe...». Berriz ere horretan ari direla dio, Hitzartu gogoeta prozesuaren bidez, besteak beste.

«Aldundiak erabaki du bai ala bai egitea erraustegia. Ikuspuntu demokratiko batetik hori onartezina da, eta hala ulertu dute geroz eta herritar gehiagok», azpimarratu du Izeak, eta horrekin bat dator Arbelaitz. Haren ustez, aldundiak «inozotzat» hartu ditu herritarrak. «Aurpegira barrez ari diren ustea zabaltzen ari da jendearen artean». Horrekin batera, Izetak uste du «egin ahala aurrera egitearen estrategia» erabiltzen ari dela aldundia. «Jada atzera egitea ezinezkoa den sentsazioa sorrarazi nahi dute gizartean: etsipena». Haren iritziz, errauste plantaren aurkako taldeetan dabiltzanen eginbeharra da «justu kontrakoa transmititzea». «Ahal dela, eta merkea dela». «Sentsazioa dago jada diru pila utzi dela hor, eta berandu dela. Baina hurrengo 35 urteei begira jarri beharko genuke, eta ohartu errauste plantak zer-nolako kostua izan dezakeen».

Eta, Izetaren eta Arbelaitzen arabera, gelditzea posible erakusten du urriaren 10ean Espainiako Kontu Auzitegiak kaleratu zuen ebazpenak. «Gelditu izana babestu du auzitegiak; eta, beraz, berriz ere egin daiteke», dio Arbelaitzek. Eta Izetak: «Hori egin zutenei leporatutako karguetatik absolbitzeko argudioen artean aipatzen da errauste plantaren gaindimentsioa, eta, hain justu, asteon aurkeztu dugun ikerketan erakusten dugu planta berria ere gaindimentsionatuta dagoela».

Azpiegitura geratzea «borondate politikoko kontu bat» dela argi dute biek. «Atzean egongo dira interes ekonomikoak eta abar, baina zaborra bilakatu da alderdien arteko borrokaren oinarria». GuraSOSeko kideak uste du eztabaida «hutsetik» has daitekeela, baina hori lortzeko herritarrek «bultza» egin behar dutela. «Hau alderdiek edo auzitegiek geldituko dute», azpimarratu du Arbelaitzek. «Beraz, gure lana da kalean antolatzea eta jendea ahalduntzea, presio egiteko instituzioei, alderdiei, epaileei...».

Propaganda eta informazioa

Informazio transmisiori dagokionez, gizarte mugimenduetako kideak jakitun dira «borroka zaila» dutela. «Batzuek informazioa jartzen duten tokian, besteek propaganda jartzen dute», dio Izetak. «Manipulazio mediatikoaren sinboloa ere bada erraustegia: albiste asko eta informazio gutxi», azpimarratu du Arbelaitzek. Izetak herritarrekin izan duen elkarrizketetatik ondorioztatu duenez, kezka nagusia da gisa honetako azpiegitura batek osasunean izan dezakeen eraginari buruzko informazio falta.

Biharko manifestazioarekin «esperantza transmisio bat» egin nahi dutela dio Izetak. Gogoratu du herritarren presioari esker «Europako hainbat lekutan» lortu dutela errauste plantak ixtea eta gelditzea. «Guk ere lortuko dugu», dio Arbelaitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.