Euskal presoak. Espainiako Justizia. Joaquin Gimenez. Espainiako Auzitegi Goreneko magistratua

«Posibilista izan behar da, bide berriak urratuz eta banan-banan beti»

Espetxe arloan aurrerapausoak ematearen alde agertu da Gimenez Goreneko magistratua, eta uste du «jauzi kualitatibo handia» izango litzatekeela EPPK-ko kideek legediko aukerak banan-banan jorratzea.

enekoitz esnaola
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Bilbon eta Donostian epaile aritu zen Joaquin Gimenez (Alacant, Herrialde Katalanak, 1945), eta, 1998tik aurrera, Espainiako Auzitegi Goreneko 2. aretokomagistratua da. Sektore progresistenen artean jartzen dute.

Ia bost urte eta erdi dira ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela. Zer diozu zuk zeuk?

Azpimarratzeko kontu bat da. Hori da errealitatea. Instantzia batzuetatik esan dezakete armagabetu eta desegin egin behar duela, baina hori egitea erritualaren parte da. Objektiboa dena da ETAk utzi zuela jarduera terrorista; hori da esanguratsua hemen.

Espainiako Estatuak, Justizia arloak barne, lehengo jokabide berarekin jarraitzen al du?

Egon da aldaketarik. Zigor Kodearen azkeneko erreforman, terrorismo kasuetarako badago potentzialtasun handi eta justu bat duen artikulu bat: 579 bis 4. pasartea. Errealitate berri honetarako sentiberatasuna ager dezake. ETA ez da desegin, baina jada ez du hiltzen. Zer dio artikulu horrek? Ekintza batean erabilitako bitartekoak eta eragindako ondorioak kontuan hartuz, terrorismo delitua larritasun txikiagokoa den kasuetan auzitegiek gradu bat edo bi baxuagoko zigorra ezar dezaketela. 2015eko uztailean jarri zen indarrean, baina atzera begira ere ari daiteke, azter daitezkeelako aurretik izandako delituak, sententzia irmoak dituztenak barne. Zigortuaren onura lortu nahi da. Presoak epaia berrikusteko eskatu behar dio zigorra ezarri zion auzitegiari, 579 bis 4. artikulu berriaren arabera kasua berriro azter dezaten. Prozedura, gainera, oso azkarra da.

Justua hitza erabili duzu...

Zuzenbidea arazoak konpontzeko baitago. Bakegintza eta bizikidetza prozesu bat badago, justiziak hor ezin du harririk jarri.Zigor Kodeko erreforma hori botere legegileak sartu du. Zeozergatik izango da. Erreformak Zigor Kodean ez dauka aurrekaririk.

Iñigo Iruin abokatuak iazko uztailean zioen 26 euskal preso zeudela erreforma horren ondorioz zigorra berrikusteko zain.

Artikulu hau oso zuhur eta oso motel ezartzen ari da auzitegietan, baina badira emaitza esanguratsu batzuk. Goreneko 2. aretoakzazpi kasu berrikusi ditu 2015eko uztailetik, eta bostetan presoaren aldekoa izan da epaia.

Zer da zigorra gradu bat edo bi jaistea? Murriztu, zenbat?

Zigorra heren bat edo erdia pasa jaits daiteke. Larritasun txikiagoko kasu horiek banan-banan aztertu behar dira, gertaera bakoitza zehatza baita. Kasu posibleak? Kutxa automatikoak erretzea, ETAren inguruko kidea izatea... Preso guztiek eska dezaketeberrikuspena, baina, logikaz, batzuek ez dute aurrera egiteko aukerarik txikiena ere.

EPPK 2013ko adierazpeneko ildoa «berritzeko» barne eztabaidan dabil. Modu indibidualean legediko «aukera desberdinak» erabiltzea aipatu du zuzendaritzaren oinarrizko txostenak.

Jauzi kualitatibo handia litzateke, onerako. Espainiako kartzela sisteman etapak daude: lehen gradua da zorrotzena; bigarren graduan, presoek badute asteburu batzuetan-eta espetxetik irteteko baimena; eta hirugarrengoan, egunez kalera atera daitezke, eta lo egitera espetxera itzuli, eta baldintzapean aske ere atera daitezke. ETAko presoek planteamendu dogmatiko bat eduki izan dute, eta disidenteak arazoak izan zitzakeen. Kolektiboak bertako kideei eragotzi egin izan die erabaki pertsonalak hartzea; hau da, kartzelako legedia onartzea eta jorratzea, hori egitea errendizioa zelakoan. Beraz, ez zuten espetxe onurarik-eta onartzen. Ondorioz, preso guztiak aurreneko graduan egotera behartu izan ditu jarrera horrek. Orain presoen kolektiboak eztabaidarako zabaldu duen txostenak aldaketa esanguratsu bat dakar: prest azaldu dira espetxe onuren bidea jorratzeko. Badirudi preso bakoitzak erabakiko duela onurak eskatu ala ez; nolabait esanda, kolektiboaren baimena izango du.

Lege baldintza batzuk bete beharko dituzte onurak izateko. Orain dela aste batzuk, Espainiako Gobernuak Kongresuan EH Bilduri idatzi batean erantzun zion bost direla horretarako baldintzak: «Erakunde terroristarekin haustea, indarkeria uztea, biktimei espresuki barkamena eskatzea, erantzukizun zibila bere gain hartzea eta autoritateekin kolaboratzea».

Hala da. Gero bakoitzak bere egoera du, eta batzuek baimenak eta hirugarren gradua lortzeko zailtasun handiagoak dituzte.

Gobernuak bost baldintzok aipatu ditu espetxe onurak eskuratzeko, baina Barne ministroak zergatik esaten du presoak ETAri desegiteko eta armagabetzeko ere eskatu behar diola?

Horiek adierazpen politikoak dira. Epaileak ez ditu kontuan hartu behar, legedia baizik. Epaileok ez gara inoren akolitoak, eta, zehazki Barne ministroa aipatu duzula eta, ez gara botere exekutiboaren menpekoak.

Damua ere aipatu du Barne ministroak. EPPK-k damua eta salaketa jarri ditu «muga» moduan.

Presoari ezin zaio damua exijitu. Ez da lege baldintza bat espetxe onurak lortzeko. Gogoeta pertsonalaren ondorio izan beharko luke horrek, ez lege exijentzia.

ETAren armagabetzeak eta desegiteak eraginik izango al lukete epaileen erabakietan?

Armagabetzean-eta aurrera egiten bada, onerako izango da, jakina. Hala ere, nire ustez, ETAk eragindako mina aitortu beharkoluketenak, batik bat, haren atentatuak txalotzen eta argudiatzen aritu direnak izan beharko lukete, etakideak berak baino gehiago. Pauso esanguratsua litzateke aitortza hori. ETAren ekintzak txalotu dituztenek-eta lidergo gaitasun bat izan zezaketen delituak egin zituztenen gain. Okerra onartzeko eta barkamena eskatzeko exijitu beharko litzaieke. Bizikidetza eraikitzea da Euskadiko egiteko nagusia, eta lagunduko luke haien aitortza horrek. Desberdina errespetatu egin behar da, beti, eta ez kontrarioa hil. Gorrototik eta beldurretik errespetura pasatzea da erronka.

Presoak legez ezer egin behar al du Euskal Herriko kartzela batean egoteko?

Auzi politikoa da. Beraz, estatuaren esku dago erabakia.

Justiziazkoa al da presoen sakabanaketa eta urruntzea?

Espetxe politika honek bere garaian izan zuen justifikazioren bat, ETAren ortodoxiatik aldetzen zena babesteko. Justifikazio hori izan zezakeen sakabanaketak. Orain zer? Argi eta garbi esanda, ez du inolako justifikaziorik. Bukatu egin beharko litzateke sakabanaketa, eta presoek Euskal Herriko kartzeletan egon beharko lukete, edo, bestela, ingurukoetan. Gaurko errealitate soziala ez da orain sei urtekoa, hogeikoa.... Hortaz, estatu instituzioen tratamendua ezin dalehengo bera izan. Zigor Kodeko 579 artikuluko erreforma hori egin baldin badute, espetxe politikan ere sentibera agertu beharko luke estatuak.

Espetxe Instituzioa Barne Ministerioan dago. Aldiz, 1996ra arte, Justiziakoan zegoen.

Justizia Ministerioan egon beharko luke, beti. [Jose Maria] Aznarrekin pasatu zuten Barne Ministeriora, segituan.

EPPK kontrolatzeko edo?

Gutxi gorabehera, bai.

Justizian balego, zertan antzemango litzateke aldaketa?

Kartzelako erregimena ez da gogorragoa Espetxe Instituzioa Barne Ministerioan egonda, espetxe araudia bera baita, baina Justiziara pasatu beharko lukete, hori duelako berezko lekua. Tokia aldatzeak balio sinbolikoa luke, Barne Ministerioan egoteak esan nahi duelako hemen badela zerbait berezi, eta, nire ustez, gauza bereziak gutxiago badira, hobe.

Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea ere aldaketa horren alde azaldu da. Epaile gehiago al daude alde?

Ez dakit. Ez digute iritzirik eskatu... Justiziatik Barne Ministeriorapasatu zutenean ere ez.

Esan duzu ez zaudela «gauza berezien» alde. Hainbat abokatuk eta legelarik diote 7/2003 legea «salbuespenekoa» dela eta ezabatu egin behar dela.

Egia da baimenak eta baldintzapean aske uztea lortzeko eta gradu aldaketetarako baldintza gehiago jarri zirela gobernuan Aznar zegoenean. Kartzela zigorraren zati handi bat betea izatea eskatzen du lege horrek. Indarrean dago orain ere, baina ez dut uste ezabatu egin behar denik. Posibilista izan behar da, bide berriak urratuz, presarik gabe, eta bidea banan-banan eginez beti, onura eskaerak kuadrillan egiteke... Eta, esan bezala, ikusi dugu Zigor Kodea erreformatu daitekeela.

Kasuren batean izan ezik, Espainiako Justiziak ez ditu kontuan hartu euskal presoek Frantzian betetako kartzela urteak. Ikusten al duzu Europak irizpide hori aldatzeko aukerarik?

Bai. Auzitegi Goreneko 2. aretoaren jarrera ofiziala da Frantziako espetxe urte horiek ez direla kontuan hartu behar Espainian, hemengo zigorrera ez direla batu behar Frantziako urteak. Baina erabaki hori ez zen aho batez hartu; epaile batzuk ez ginen alde azaldu. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak bat egin zuen Gorenarekin. Baliteke Europako GizaEskubideen Auzitegiak atzera botatzea, Europako zuzentaraua errespetatzen ez duela ebatzita. Parot doktrina atzera bota zuen orain dela hiru urte pasa. Europako zuzentarauak dio esparru judizial bakarrean gaudela; hortaz, Frantziako kartzela urteak kontuan hartu behar dira Espainian ere.

Zer gehiago egin daiteke kartzela eremuan aurrerapausoak emateko?

Espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku utzi beharko luke gobernuak. Kataluniak badu. Zergatik ez Euskadik? Gaurko errealitatea oso bestelakoa da, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.