Portugaleteko gaztetxeko sutea nahita piztua izan dela salatu dute gazteek

Gaztetxeko kideek adierazi dute «froga irmoak» dituztela esateko sutea nahia piztutakoa dela. Manifestazioa egin dute kalteak gaitzesteko

Gaztetxeko kideek gertatutakoa salatu zuten, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Denbora gutxi zuen Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka gaztetxeak, baina ibilbidea hasi orduko izan dute ezbeharra: sua piztu zen astelehen gauean, garai batean Karmengo Ama eskola izan zen eraikinean. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, oso egoera «arraroa» izan da. Astelehenean 21:30ean irten ziren eraikinetik, eta handik ordu laurdenera jaso zuten sutearen abisua. Suhiltzaileei ateak zabaldu zizkieten, eta, barrura sartzean, suteaz gain, norbait barruan izan zela ere ikusi zuten: «Sartu ginenean, pintaketaz josita zegoen kanpoaldea; oso pintaketa arraroak ziren».

«Eraikineko kaperan egurrez egindako estruktura bat dago, eta bertan koltxoi batzuei eman zieten sua. Ez daukagu inolako dudarik nahita piztu dutela», adierazi dute gaztetxeko kideek. Auzokide batzuek azaldu dute gaztetxearen inguruan jendea zebilela, eta eraikinera salto egiten ikusi zituztela.

Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa egin zuten egoerari buruzko azalpenak emateko. Jakinarazi zuten «nazka, amorrua, inpotentzia eta mina» sentitzen zutela, eta eskerrak eman zizkieten «babesa eta ardura» adierazi zizkieten guztiei. Sutea nahita piztu dela esateko «froga irmoak» dituztela gehitu zuten; esate baterako, pintaketak eta suhiltzaileekin eduki dituzten «elkarrizketa informalak». Nabarmendu zuten oraindik «goiz» dela gertatutakoaren bertsio garbi bat eman ahal izateko, eta manifestazioa egin zuten arratsaldean.

Alkatearen adierazpenak

Mikel Torres (PSE) Portugaleteko alkateak adierazi zuen eraikin bat okupatzen denean «arriskuak» daudela. Egurrezko eraikina zen, etanabarmendu zuen gaztetxeko kideekin hitz egin zuela arriskuaz. Torresek «ezbehar» bat izan zela gehitu zuen, baina «zauriturik» ez izatean jarri zuen azpimarra, hori delako «garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.