Euskal presoen hurbiltze eta Euskal Herriratzeek lasaitu egin dute senide eta lagunen bidaien zama. Portu bat hurbilago aldaketa horren erretratu txiki bat da.
Ez da gauza bera bi egun ala bi ordu. Eta ez da gauza bera Puerto de Santamaria (Andaluzia, Espainia, 1.020 kilometro) ala Dueso (Kantabria, Espainia, 170 kilometro). Lekeitiotik (Bizkaia) Duesora, adibidez, bi ordu inguruan egin daiteke bidaia: 895 kilometroz laburtu zaie bidea Sarai Goitia Arrizubietari, Iratxe Goitia Atxabali eta Iraide Juaristi Agirreri.
Mirentxin taldeko gidariek, berriz, bukatu dute euren bidea: senideek jada ez dute haien beharrik, eta itzali dituzte motorrak. Bidaia ugari egin dituzte urteotan guztiotan.
Igandeko BERRIAn euskal presoen hurbiltze eta Euskal Herriratzeek ekarri duten aldaketari buruzko erreportaje sorta izanen da irakurgai, baita urtarrilaren 8ko manifestazioen kronika eta argazkiak ere.