Graciela Atencio. 'Feminicidio.net'-eko koordinatzailea

«Porrota da: ez dugu modurik asmatu gizonek bortxa ez erabiltzeko»

Bortizkeria matxista aztertzean, maskulinitate hegemonikoan jarri du fokua: «Indarkeria erabiltzeko baimena ematen die». Beste arazo batzuekin nola uztartzen den ikertzea funtsezkoa dela uste du.

Maite Asensio Lozano.
Donostia
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Zuzenbide ikasketak dituen arren, kazetari jardun izan da Graciela Atencio (San Luis, Argentina, 1968). Ciudad Juarezen (Mexiko) eginiko egonaldi batean ezagutu zuen feminizidioa, eta orduan ekin zion bortizkeria hori ikertzeari. 2003tik bizi da Madrilen. Feminicidio.net atariko koordinatzailea da; hango datu basea erabili dute txostena osatzeko.

Feminizidio kontzeptua ez da asko erabiltzen Euskal Herrian. Zergatik hautatu duzue?

Terminoa Ciudad Juarezekin eta hegoaldeko herrialdeekin lotzen denez, uste izaten da andreen sarraski handi bat adierazten duela, baina ez da hala: emakume bat emakume izateagatik hiltzea da feminizidioa. Emakumeen aurkako indarkeria continuum bat da, eta feminizidioa azken urratsa da, hilketa. Halere, terminoa akademia feministatik dator: ezin dugu feminizidioaz hitz egin genero indarkeriaz, patriarkatuaz, bortxa sexualaz edo misoginiaz hitz egin gabe.

Feminizidio guztiak dira emakumeen hilketak, baina emakumeen hilketa guztiak ez dira feminizidioak. Non dago aldea?

Emakumeen hilketa batzuk ez dira genero arrazoiengatik egiten: lapurretak, indarkeria komunitarioa —familia talde desberdinen artekoa—...

Hala ere, Hego Euskal Herriko txostenean lapurreten ondorioz hildako hiru andreren kasuak sartu dituzue. Zergatik?

Gizonek eginiko emakumeen hilketa guztiak zenbatzen ditugulako. Munduko krimenen %90 gizonek egiten dituzte; gizonen zein emakumeen biktimarioa gizonezkoa da —andreek oso proportzio txikian hiltzen dute—. Hori azaleratzean, indarkeria maskulinoan jarri nahi dugu fokua: nola konpontzen dituzte gizonek euren gatazkak? Bortizkeria hilgarri hori baliatzen dute, euren maskulinitatearen eraikuntzak horretarako baimena ematen dielako. Eta gizontasun horrek, emakumeei ez ezik, inguru sozial guztiari egiten dio kalte; txostenean ageri diren hiltzaileetako askok aurrekariak zituzten beste hainbat deliturengatik.

«Aurrez iragarritako feminizidioez» ere hitz egin duzue.

Kasuen berri irakurtzean ohartu gara gizarteak eta justiziak ezer ez egitearen ondorioz hil zituztela emakumeetako batzuk. Gizartearen porrota da: ez dugu modurik asmatu gizonek muturreko bortxa ez erabiltzeko; ikusten dugu etorriko dela, eta ezin dugu saihestu. Faktore asko daude, baina garrantzitsuenetakoak dira matxismoa eta maskulinitatea.

Biktimetako batzuk oso gaixo zeuden hiltzeko unean, eta eragile batzuek esan dute errukiz hil zituztela. Horiek ere feminizidio gisa hartu behar dira?

Txostenean ageri den kasu batean, udaltzain batek bi gurasoak hil zituen tiroz; su armaz eginiko hilketa bakarra izan zen, eta segurtasun publikoko agente batek egin zuen. Arma ofiziala erabili izanak neurriz kanpoko boterea adierazten du, eta gurasoak hain modu biolentoan hiltzea jarrera ahalguztidun baten isla da, alde bakarrez erabaki baitu aita-amak hil behar direla. Hori beste genero elementu batekin lotu dezakegu: gizonek, maskulinitate hegemonikotik, ez dakite zaharren zaintza beren gain hartzen. Horren inguruan eztabaidatu behar dugu; izan ere, andreek ez dituzte adinekoak hiltzen, eta haiek zaintzen dituzten gehiengoa dira.

Hilketa egiteko modua ere kontuan hartzekoa da?

Bai. Urtarrilean Portugaleten izandako kasuan, labankadaz hil zuen semeak ama. Emakumeak hiltzeko maizen erabiltzen den modua da, eta bortitzenetakoa, bestearen gorputzean objektu bat sartu behar duzulako. Labana ez da norbait hiltzeko modurik errukitsuena. Halakoetan, hiltzailearen desesperazioaren atzean beste gauza batzuk agertzen dira: misoginia, matxismoa, eta muturreko egoerak modu ez biolentoan bideratzeko gaitasunik eza. Bestela, kontrolatu ezin duten egoera batean, zergatik ez dute gizonek laguntza eskatzen?

Gurasoen aurkako indarkeriak ere badu genero osagairik?

Bai. Gero eta kasu gehiago daude: ankerkeria itzelaz hiltzen dituzte amak, eta hori ikertu egin behar da. Halere, ikusten ari gara kasuok oso lotuta daudela neoliberalismoak ongizate estatuan egindako mozketekin: arazo psikiatrikoak edo psikosozialak dituzten gizonek hainbatetan hurbilen dutenen aurka erabiltzen dute indarkeria, eta bazterketa kasuetan zeintzuk geratzen dira seme-alaben alboan baldintzarik gabe?

Txostenaren helburuetako bat da hildako andreen memoria berreskuratzea, baina hedabideotan ezin ditugu haien izan-abizenak argitaratu. Nola egin daiteke memoria lan hori, identitatea aipatu gabe?

Gu neurri horren kontra gaude: ez dago memoria historikoa gordetzerik biktimaren erreparazio sozialik egin gabe, eta horretarako jakin behar dugu emakume haiek nortzuk ziren, nola zuten izena, zein bizimodu utzi zuten...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.