Azken astean, torturari ahotsa jarri dio Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak, Non dago Mikel? dokumentalaren ikerketa lanetan zehar eskuratutako grabazio bat zabalduta. Torturez hotz mintzo zen Gomez Nieto 1985eko amaieran, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruarekin izandako elkarrizketa hartan: «Nik uste dut hilotz geratu zaiela bertan. Guri ia halaxe geratu zitzaigun herrialde burua, Martin Barriosen heriotzan parte hartu zuen komandoko burua; ia zerraldo geratu zitzaigun Pindado kapitainari eta bioi». Mikel Zabalzaz ari direla, bere burua beste tortura kasu batean kokatzen du Gomez Nietok, aitortuta atxilotu bat ia hil arte torturatu zutela. Zein da torturen biktima hori? Grabazioak ez du argitzen haren izen-abizenik, baina pista batzuk ematen ditu, Guardia Zibilak 1984ko urtarrilaren 18an abiatu baitzuen sarekada bat, ustez Martin Barrios hil zutenen aurka. Hemeretzi lagun atxilotu zituzten.
Atxilotu horietako bat izan zen Josu Mujika (Auza, Nafarroa, 1957), eta BERRIAri kontatu dizkio egun haietan bizi izandakoak. Poltsaz mintzo da Gomez Nieto audioan, eta nozitu zuen hori Mujikak, baina baita, esaterako, Jesus Elizaranek ere: «Gorputzeko leku guztietan jo ninduten, eta plastikozko poltsa jarri zidaten, hiltzen nintzela sentitu arte», kontatu zuen aske geratzean, eta hala jaso zuen Egin egunkariak 1984ko urtarrilaren 29ko zenbakian.
Lehenik, testuingurua: hiru hilabete ziren bi tolosar, Joxean Lasa eta Joxi Zabala, desagertuta zeudela, eta «giroa oso bero zegoen» herrian, Mujikaren arabera. Egoera hartan, Tolosan (Gipuzkoa) batez ere, operazio bat abiatu zuen Guardia Zibilak, baina ez talde jakin baten aurka: «Sarekadan zeuden polimiliak, VIII. Asanbleakoak, miliak, beste aldean senideak zituztenak... Leku guztietatik harrapatu zuten». Mujika atxilotu zuten aurrena, hilaren 18ko 2:30 inguruan. Egunkariek hilaren 27an eman zuten atxiloketen berri, Espainiako Barne Ministerioak oharra zabaltzearekin batera. Bederatzi egunetan zehar, isiltasuna.
Bidaia luze baten atal bat izan zen poltsa Mujikaren bizipenetan. Lehen egunean, mendira eraman zuten, ohartaraziz bertan hilko zutela izenik ematen ez bazuen. Handik, Tolosako kuartelera: «Gogoan dut emakume batek kristoren zaplaztekoa eman zidala». Intxaurrondora hurrena: «Eskailera batean eduki ninduten eskuburdinekin, eta bertatik igarotzen ziren guztiek belarrondoko bat ematen zidaten». HortikBurgosera (Espainia) eraman zuten. «Hangoa astakeria bat izan zen; bi egun izan ziren: musika topera, garrasiak ondoko gelan, jipoiak; Intxaurrondon baino okerrago. Flexioak egiten zenituenean, gainera salto egiten zizuten. Fisikoki txikitu egin gintuzten. Galderak bai, baina izenak galdetzen zituzten, eta ez nituen lokalizatzen. Beldurrezko film bat zen».
Bi egun eman zituen Burgosen, baina Tres Cantosko komisaria zuen zain, Madrilen. «Hor ankerkeria izan zen; fisikoa eta psikologikoa. Sesio guztietan, biluzi, mahai baten gainean jarri, burua eta oinak zintzilik, eta oinetan mangera batekin jotzen ninduten. Buruan, berdin. Sesio guztiak berdin. Konortea galdu nuen».
Poltsa eta ikusmena
Gomez Nietoren azalpenean, atal gordinenetako bat da poltsaren nolakotasunari buruzkoa: «Kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotzaren sentipena izan dezan». Poltsarena zen Mujikak galdeketetan zerbait ikus zezakeen une bakarra. «Kalabozotik atera bezain azkar, artilezko kaputxa bat jartzen zidaten, eta galdeketetan ere horrekin egoten nintzen. Buruan poltsa jartzerakoan, ikusten duzu zerbait; orduan konturatzen zara. Orduan jakin nuen zerekin jotzen ninduten oinetan. Han zegoen mangera, mahaia. Poltsarekin, ikusten duzu, baina momentu batetik aurrera, ez; kosk egiten saiatzen zara, baina oso zaila da, helduta zaudelako». Eta arrasto fisikoak, bizi guztirako: «Bi tinpanoak zulatuta dauzkat, eta oinetako bereziak erabili behar ditut; desegokiak erabiltzen baditut, orratzak sartuko balitzaizkit bezala nago». Orduan utzi zion ilea eta bizarra luze eramateari, torturetan ileetatik tiraka eramaten zutela eta.
Pasadizo bat dauka gogoan; aitortza bat. Galdeketen azken egunetan, poliziek esan zioten Lasak eta Zabalak eman zutela haren izena. «Esaten zuten haiek bai zirela azkarrak, Brasilen zeudela oporretan... Eta atzetik bat azaldu zen, esanez: 'Bi horiek ondo hilak daude kare zurian, Albaceten'. Guztiak isilik geratu ziren. Niri grabatuta geratu zitzaidan». Ezin jakin esaldi hura benetakoa zenik, baina Mujikak 11 urte atzera egin zuen 1995ean, Alacanten (Herrialde Katalanak) topatu zituzten arrastoak Lasarenak eta Zabalarenak zirela jakitean. Auziko epaiketan deklaratu zuen Mujikak, lekuko gisa.
Orain, zabaldu berri den grabazioa entzutean, barrenak inarrosi zaizkio Mujikari: «Izugarrizko zirrara da, oso gogorra; berriro etortzen zaizkizu gauzak burura... Pentsatzen duzu edozein momentutan eskua joan ahal zaiela, eta zu han geratu».
«Poltsa jartzean konturatzen zara»
'Non dago Mikel?'-en harira zabalduriko audioan, atxilotu bat ia hil arte torturatu zuela dio Gomez Nietok. 1984ko urtarrileko sarekada batena da erreferentzia, eta Josu Mujika izan zen atxilotuetako bat. Erraiak nahastu dizkio grabazioa entzuteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu