Lublingo Apelazio Auzitegiko fiskaltzak espioitza karguak aurkeztu ditu Pablo Gonzalezen kontra, EFE agentziak jakitera eman duenez. Atzo iragarri zuen kazetariaren kontrako ikerketa aurrera doala, eta, bi urte eta erdi kartzelan egon eta gero, «auzi iheslari izateagatik» epaitu dezaketela orain. Zehaztu zuten Gonzalez ez zutela formalki akusatu, baina ikerketa zabalik dagoela, eta litekeena dela epaiketa in absentia egitea —horrela deritze akusatua bertan egon gabe egiten diren epaiketei—.
Ordea, Ser hedabideak jakinarazi duenez, bertzelakoa da egoera gaur: 2016tik 2022 bitarte Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa igortzea leporatzen diote, Polonian bizi izan zen bitartean. Hortaz, herrialdeari «kalte zigorgarria» egitea egozten diote, zeinarengatik hiru eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko lukeen. Herrialdeko Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera ondoren, Moskun dago Gonzalez. 2022an atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, espioitza egotzita.
Iturri horren arabera, Fiskaltzak berak erran duenez, Gonzalezek informazioa «lortu eta transmititu, zabaldu eta aintzatespen operatiboak» egiten zituen.
Akusazio horietaz mintzatu zen Gonzalez RT Errusiako telebistari eman zion elkarrizketan: «susmoak baizik» ez dizkiote egotzi, haren hitzetan. Kartzelan hogei kilo argaldu dela azaldu zuen, eta salatu «torturak» eta bestelako «presio» mota batzuk egin dizkiotela espetxealdi luze horretako lehen bederatzi hilabeteetan.
Hilabete hasieran utzi zuten aske, Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira. Joan den astean, kazetaria ospitalean zegoela jakinarazi zuen haren bikotekide Oihana Goirienak. Azaldu zuenez, Moskuko ospitale batean osasun azterketa egin zioten, eta likidoa atzeman zioten biriketan. Gonzalezek Euskal Herrira itzuli nahi duela gehitu zuen, baina lehenbizi guztiz osatu nahi duela. Horrez gain, nortasun agiria eta pasaportea ere behar ditu, Poloniak ez baitizkio itzuli oraindik. Hortaz, eta gaurko akusazioen ostean, ez dago argi noiz itzuli ahalko den.