Poloniak bertan behera utzi du Pablo Gonzalezen aurkako zigor auzibidea

Varsoviako Barrutiko Auzitegiko bozeramaileak argudiatu du Gonzalez ja ez dagoela Polonian, eta ez dutela uste Errusiatik aterako denik.

Pablo Gonzalezen aldeko manifestazio bat, Gernikan, iazko otsailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Pablo Gonzalezen aldeko manifestazio bat, Gernikan, iazko otsailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 7a
11:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru urteren ondoren, irudi du Pablo Gonzalez kazetariaren kasua laster amaitzekoa dela. Varsoviako Barrutiko Auzitegiak bertan behera utzi du haren aurka irekita zegoen zigor auzibidea, horko bozeramaile eta epaile Anna Ptaszekek Poloniako egunkari bati egindako adierazpenetan jakinarazi duenez. Haren arabera, erabaki hori hartu dute Gonzalez dagoeneko ez dagoelako Polonian, eta ezin dutelako jakin noiz aterako den Errusiatik; are, ez dutelako uste handik irtengo denik ere.

«Delitu bat egozten bazaio ere, ezin dugu kasua legeak exijitzen duen moduan ikertu akusatua ez bada auzitegian agertzen», azaldu du auzitegi horretako bozeramaileak. Jakinarazi duenez, ez dute Gonzalezen aurkako bestelako neurririk abian jartzeko asmorik. Gaur iragarritako erabakiak talka egiten du Poloniako Fiskaltzak iazko abuztuan hartutakoarekin: espioitza karguak aurkeztu zituen Gonzalezen aurka, eta azpimarratu zuen haren kontrako ikerketarekin aurrera egingo zutela, nahiz eta hura ordurako Errusian egon. 

Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek BERRIAri adierazi dio oraindik ez diotela ebazpena igorri: «Orain arte dakigun guztia auzitegiak ateratako prentsa oharraren bidez jakin dugu. Ebazpena irakurri arte itxarongo dugu balorazio bat egiteko».

Fiskaltzaren akusazioaren arabera, Gonzalezi leporatzen diote Polonian bizi izan zen bitartean, 2016tik 2022ra, Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa igortzea. Zehazki, herrialdeari «kalte zigorgarria» egitea egozten diote, eta delitu horrengatik hiru eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko luke. Fiskaltzak iritzi dio Gonzalezek informazioa «lortu eta transmititu, zabaldu eta aintzatespen operatiboak» egiten zituela Moskuren mesedetan. 

Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuen garai berean atxilotu zuen Gonzalez Poloniako zerbitzu sekretuak, 2022ko otsailean, espioitza egotzita. Herrialdeko Radomgo segurtasun handiko espetxean egon zen bi urte eta erdiz, egunean 23 orduz ziega batean sartuta eta senideekin telefonoz hitz egiteko aukerarik izan gabe; harik eta iazko abuztu hasieran aske geratu zen arte, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen eta Errusiaren arteko preso truke baten bidez. 

Radomgo espetxetik irten eta Errusiara iritsi ondoren, elkarrizketa bat eman zion RT Errusiako telebistari, eta atxiloaldian jasandako «torturak» eta bestelako «presioak» salatu zituen. Halaber, agerraldi horretan adierazi zuen haren aurkako akusazioak «susmoak baizik» ez zirela, eta horren erakusletzat jarri zuen atxilotu eta bederatzi hilabetera arte ez ziotela jakinarazi bere aurkako akusazioa zein zen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.