Pablo Gonzalezen aurkako ikerketa aurrera doala adierazi du Poloniak, EFE agentziak zabaldu duenez. Herrialdeko Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera ondoren, Moskun dago Gonzalez. 2022an atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, espioitza egotzita. Eta iturri horiek adierazi dutenez, bi urte eta erdi kartzelan egon eta gero, «auzi iheslari izateagatik» epaitu dezakete orain.
Poloniako Fiskaltzako bozeramaile Przemysław Nowakek egin ditu adierazpen horiek. Zehaztu du Gonzalez ez dutela formalki akusatu, baina ikerketa zabalik dagoela, eta litekeena dela epaiketa in absentia egitea —horrela deritze akusatua bertan egon gabe egiten diren epaiketei—. Herrialdeko komunikabideek adierazi dutenez, haren kasua aztertzen ari den auzitegiak ere, Lublingo Apelazio Auzitegiak, ez du Gonzalezen kontrako akusaziorik egin.
Akusazio horietaz mintzatu zen Gonzalez RT Errusiako telebistari eman zion elkarrizketan: «susmoak baizik» ez dizkiote egotzi, haren hitzetan. Kartzelan hogei kilo argaldu dela azaldu zuen, eta salatu «torturak» eta bestelako «presioak» egin dizkiotela espetxealdi luze horretako lehen bederatzi hilabeteetan.
Hilabete hasieran utzi zuten aske Gonzalez. Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira askatu zuten, espetxean bi urte eta bost hilabete eman ostean. Joan den astean, kazetaria ospitalean zegoela jakinarazi zuen haren bikotekide Oihana Goirienak. Azaldu zuenez, Moskuko ospitale batean osasun azterketa egin zioten, eta likidoa atzeman zioten biriketan. Gonzalezek Euskal Herrira itzuli nahi duela gehitu zuen, baina lehenbizi guztiz osatu nahi duela. Horrez gain, nortasun agiria eta pasaportea ere behar ditu, Poloniak ez baitizkio itzuli oraindik. Hortaz, ez dago argi noiz itzuli ahalko den.