Pello Urizarrek EAko idazkarinagusi izateari utzi dio, hamar urteko ibilbideari amaiera emanda. 2009ko ekainaren 21ean hartu zuen kargua, VIII. kongresuan, eta atzo dimisioa eman zuen, alderdiarenKontseilu Nagusiaren aurrean, EAk ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Ustez, arrazoi pertsonalengatik laga du. Gaur, Urizarrek (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) , prentsaurreko bat emango du Donostian. EAko Kontseilu Nagusiak jarduneko idazkari nagusia izendatzeko batzarrera deitu du, eta primarioen prozesua martxan jarriko dute —Europa Pressek Iker Ruiz de Egino aipatu du behin behineko idazkari nagusi izateko hautagai gisa—. Polo subiranista aurrerakoia eratzeko saioak egiten ari zirela heldu zen kargura Urizar, eta azkar eman zion forma proiektuari, beste batzuekin batera.
EAk arazoak zituen arduradun jarri zenean. Bi krisi zituzten; herritarren babesari buruzkoa zen bat, 2009ko martxoan Eusko Legebiltzarrerako bozetan aulki bakarra lortu baitzuten. Bestea, alderdi barrukoa zen, zuzendaritza nagusiarekiko ildo kritiko bat baitzegoen Gipuzkoan, Iñaki Galdosen gidaritzapean Alkarbide eratuta. Gasteizen egin zuten VIII. biltzarra, eta kritikoek ez zuten parte hartu. Biltzarkideen adostasun zabalarekin hautatu zuten Urizar idazkari nagusi —kendu egin zuten presidente figura—.
EAren buru berriak amaitutzat eman zituen alderdi barruko liskarrak, eta subiranisten arteko elkarlanaren alde mintzatu zen. Mezu hori ez zen berria: izan ere, Unai Ziarreta EAko presidente zela, alderdia aurreko urtetik ari zen ezker abertzale ofizialarekin bilerak egiten, polo subiranista bat eratzeko asmoz. EA ez zen 2009an EAJrekin koalizioan aurkeztu —hilabete batzuk lehenago iragarri zuen—, ez baitzion ikusten borondaterik EBBri burujabetza prozesu baterako, eta ezker abertzalearekin biltzeari ekin zion. ETAk 2008ko abenduan Inaxio Uria enpresaria hil izanak trabatu egin zuen asmoa, eta EA bakarrik aurkeztu zen EAEko hauteskundeetara. Ezker abertzale ofiziala, berriz, bozetara ezin aurkeztuta utzi zuen Madrilek, ilegalizazioa zela eta.
2009ko boz haien ondoren, Ziarretak dimisioa eman zuen, eta Urizar hautatu zuten arduradun. Bederatzi urte zeramatzan EAren Gipuzkoako zuzendaritzan, baina alderdiaren ildo ofizialekoa zen. Halaber, zinegotzi zegoen bere herrian, Arrasaten. Harekin heldu zioten berriro polo subiranistaren egitasmoari, eta, 2010eko ekainean, EAk eta ezker abertzaleak Lortu Arte akordioa sinatu zuten. Alternatiba batu zitzaien urte bukaeran, eta Bildu koalizioa eratu zuten 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako. Emaitza ikusgarriak lortu zituzten. Aralar elkartu zitzaien hilabete batzuetara, Amaiur eta EH Bildu osatzeko. Urizar bera legebiltzarkidea da EAEn 2012tik.
Beste ildo kritiko bat
Azkeneko urteetan berriro sortu dira ikuspuntu desberdinak EAn, eta duela bi urte, XII. kongresuan, Urizarrek ozta-ozta irabazi zion Maiorga Ramirezi. Ildo ofiziala EH Bildu independenteengana gehiago zabaltzearen alde azaldu zen; talde kritikoa beldur zen EH Bildu «alderdi bakar» bihurtuko ote zen, eta EAren rola gehiago nabarmendu nahi zuen. Hamalau botogatik gailendu zen Urizar.
EA barruko bi taldeek kongresuan adostu zuten EH Bilduk egitura propio bat edukiko zuela eta aldi berean «alderdien arteko koalizio irekia» izango dela. Baina ildoen afera ez zen amaitu, eta, handik aste batzuetara, herrialdeetako zuzendaritzak hautatzean, Urizarrenak galdu egin zuen Gipuzkoako eta Arabako kontrola; Nafarroakoak kritikoen esku segitu zuen. Horrek zaildu egin zuen Urizarren lidergoa EAn.
Polo subiranista du fruitu
Pello Urizarrek dimisioa eman du EAko idazkari nagusi modura, arrazoi pertsonalak tarteko. 2009an hartu zuen kargua, eta azkar lortu zuen akordioa ezker abertzalearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu