Iruñeko kaleetan asteko gaia da. Ignacio Polo Hiri Segurtasunerako zinegotziaren istripuaeta ondorengo dimisioa ahoz aho dabil.Iruñeko udal gobernuarentzat Ignacio Polok ez du deliturik egin,eta kargu publikoa utzita nahikoa ordaindu du. Horregatik, orain gutxira arte, Poloren agintepean egon den Iruñeko Udaltzaingoak ez du haren aurkako salaketarik jarriko. Ignacio Polori gertatu beharrean, kaleko beste edozeini gertatu izan balitzaio berdin jokatuko ote zuen Udaltzaingoak? Udaltzainen sindikatuek uste dute ezetz, eta horregatik auzitara joko dute APMk, SPMPk eta UGTk.
«Beste herritar bat balitz zuzenean auzitara joango litzateke kasua, argi eta garbi», ondorioztatu du irmo Maite Gonzalez APM sindikatuko ordezkariak. Zuhurrago mintzo da UGTko Sergio Uria udaltzain inspektoreordea: «Ez dakit zergatik ez den salaketarik jarri. Agian, azalpen logiko bat du. Ez naiz ausartuko inori fabore tratua leporatzera». Dena den, haren ustez, euren zeregina da deliturik egon dela uste izanez gero epaileari ezagutaraztea. «Alkohol tasa nahikoa ez eman arren delitua egon dela erakusten duten ehunka kasu ezagutzen ditut Iruñean. Gero, epailearen eskudago erabakitzea istripua alkoholaren eraginagatik izan ote den».
Irrati bidezko udaltzainen arteko komunikazioetan grabatuta daude igandeko gertaera guztiak. Lehentxeago, Gazteluko plazan udaltzain bikote batek Ignacio Polo agurtu zuen. «Bi metrora gurutzatu ziren, eta ikusi zuten alkoholaren eraginpean zegoela. Harekin zihoanak besotik heltzen zion. Beste udaltzain bati jakinarazi zioten irratiz: 'Begira nola doan'. Ezin zuten imajinatu plaza zeharkatu etaautoa hartzera zihoala», aipatu du Uriak. Handik gutxira, beste udaltzain batek Polo zezen plaza ondoko aparkalekurantz zihoala ikusi zuen: «Abisua eman, eta beste udaltzain batek irrati bidez eskatu zion galarazteko», aipatu du Maite Gonzalezek.
Erabat mozkortuta
Udaltzainak korrika joan ziren, baina berandu iritsi ziren. «Baina eman zien denbora ikusteko nola sartu zen autoan eta nola jo zuen beste ibilgailua atzerantz egitean», esan du Gonzalezek. VW Polo markako autoa bizilagunentzako aparkalekuan zegoen, eta toki horretan egoteko udalaren txartel berezia zeraman. «Autoa ez da Polorena udalarena baizik, eta txartel hori erabili behar du bere funtzioa bete behar duenean», dio Gonzalezek. Zinegotziak ez ziharduen, ordea, bere zereginetan: «Lotsagarria da, eskandalagarria».
Ignacio Polo autotik jaitsi zen, eta mozkor zegoela nabari zen. «Zantzuak oso argiak ziren. Giltzak erori zitzaizkion, makurtu zen, ia erori zen, buruarekin kotxeko atearen aurka jo zuen... Alkohol kiratsa izugarri zerion», azaltzen du. Tokian bertan lehen alkohol analisia egin zioten, eta botatako aire litroko 0,65 miligramo alkohol eman zuen. Sergio Uriaren esanetan, kasu horretan automatikoki atxilotu egiten dute edozein pertsona udaltzainek.
Ez zen halakorik gertatu. Ez zuten atxilotu. Udaltzaingoaren egoitzara eraman zuten. Han, etilometro zehatzago batekin proba egin, eta 0,75 miligramo eman zuen. Ondoren, komunera joateko eskatu zuen Polok, eta 22 minutuz egon zen barruan. «Komunera joateko eskatzen duen orori utzi egiten zaio, baina, beti zaintzapean, inolako manipulaziorik egitea galarazteko. Kanpotik zaindu zuten, eta denbora askoan utzi zioten komunean egoten. Denbora eman zion oka egiteko, pixa egiteko...», aipatu du Gonzalezek.
Normalean, beste proba —bigarrena— ordu laurdenera egin ohi da, baina Polori 22 minutura egin zioten, eta 0,64 miligramo eman zuen.«Ez dut inoiz ikusi 22 minutuan alkohol tasa hainbeste jaitsi zaion inor. Lehen aldia da», dio harrituta Uriak. «Ez dugu ulertzen nola jaitsi zen hainbeste. Teknikarien arabera, mirari moduko bat da», gaineratu du Gonzalezek.
Uriaren esanetan, gizonezko gazte batek bizpahiru ordu behar ditu tasa 0,11 miligramo jaisteko. Ospitaleetan, koma etiliko kasuetan, alkohol tasa bat-batean jaisteko, odolean bitamina bat isuri ohi da. «Ez dut halakorik iradokitzen, Udaltzaingoan nik dakidala ez dugulako halakorik», aipatu du Uriak. Gonzalezen esanetan, Simon Santamaria udaltzainburua egoitzan izan zen. «Ez dugu egiaztatu lagundu ote zion, baina haren presentzia ez da normala».
Beste proba hori, hirugarrena, erabakigarria izan liteke. Epaitegiek akusatuak emandako tasarik txikiena hartzen dute aintzat, eta, Zigor Kodearen arabera, delitua egon dela baieztatzen da 0,6 miligramotik gora. Udaltzaingoak arrazoitzen du ez duela salaketa jarriko %7ko akats tartea dagoelako, eta, ozta-ozta bada ere, 0,64 miligramo hortik kanpo geratzen delako.
Delituaren zantzu nahiko
Alkoholaren proba ez da alkoholaren eraginpean delitua egon dela frogatzeko elementu bakarra. Froga osagarriak daude: gidatzeko jarrera ausarta izatea, ibiltzea edo istripua izatea. «Kasu honetan, istripua egon izana erabakigarria da», esan du Sergio Uriak.
Maite Gonzalezek gaineratu du nahikoa dela poliziek ikustea gidaria gidatzean nola dagoen salaketa jartzeko. «Bost udaltzainek inor alkoholaren eraginpean ikusten badute, nahikoa da. Are gehiago, Espainiako Poliziaren furgoneta bat tokian bertan zegoen, eta lekuko gisa deklaratzera beren burua eskaini dute. Prest daude esateko mozkor zegoela. Dena erregistratuta dago irrati grabazioetan», dio Gonzalezek
Gainera, Estatuko Fiskalak irizpide orokor bat ezartzen du: gidatzean jarrera ezohikoa egonez gero, gutxieneko tasa 0,4 miligramo da. Poloren kasuan, tasa hori aise gainditzen da. Polo izan ordez beste edozein izan balitz, epailearen aurrean legoke. Halere, udalak ez du administrazio arloko isunarekin aski dela. Ez dago dudarik. Ignacio Polo aparteko herritarra da.
Iruñeko Udala. Ignacio Poloren dimisioa
Polo, aparteko herritarra
Udaltzainen sindikatuek salaketa jarriko dute Ignacio Polo zinegotzi ohiaren aurka, inongo fabore traturik egon ez dadinPolo ez zuten atxilotu, eta haren alkohol probak irregulartasunez beteta daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu