Altsasun mila biztanleko 9,2 polizia daude, Nafarroan dagoen batez besteko polizia kopurua baino hiru aldiz gehiago eta Espainiako Estatukoa baino sei aldiz gehiago. Altsasuko Bildu, NaBai eta PSNko udal taldeek herria «okupazio polizial latza» jasaten ari dela salatu dute. Poliziaren presentzia itogarria dela salatzeaz gain, «jazarpen jarrera» dutela ere gaineratu dute. Errepidean kontrolak jartzen dituzte egunero, eta ekainean, adibidez, 43 kontrol izan ziren. «Era berean, herritarrek azken bi urteotan jasotako hainbat testigantzaren arabera, poliziak erabateko harropuzkeriaz jokatzen ari dira».
Egoera hori amai dadin, iragan uztailean udaleko osoko bilkurangehiengo handiz mozio bat onartu zuten, eta jazarpenaren aurkako batzordea osatzea erabaki zuten. Batzordea osatu berri da, eta herritar guztien eskubideak errespetatzeko neurriak bultzatuko ditu; besteak beste, adierazpen askatasuneko eskubidea, manifestatzeko eskubidea eta politika egiteko eskubidea.
Horrez gain, udal talde horiek elkartasuna azaldu diete polizien jokabide hori pairatzen ari diren herritarrei.«Altsasuko Udaletik poliziei eskatzen diegu salbuespen egoera horri buelta emateko eta hainbat jokabide alde batera uzteko: gizartearen kontrola, mehatxuak, jazarpen politikoa, justifikaziorik gabeko salaketak...». Haien ustez, «onartezina» da jarrera hori.
Era berean, Bildu, NaBai eta PSNko hautetsiek komunikabide batzuen jarrera salatu dute. «Duela urtebete, Altsasuk eraso politiko-mediatiko bat pairatu zuen. Gezurrez eta irainez zikindu zuten gure herriaren izen ona, eta alkateari eta beste auzokide bati Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zieten». Zinegotziek gogorarazi dute hedabide horien presioaren ondorioz beste bi altsasuar deklaratzera deitu zituztela, eta hedabide batzuetako lehen orrian «ehizako harrapakinak balira bezala» agertu ziren. Gertaera haiek gogoan, Altsasuko Udalak eskatu du «herria bakean uzteko eta errealitatea gaiztotzen ez jarraitzeko».
'Ospa eguna'
Altsasuko herritarrek Ospa eguna ospatu zuten atzo. Aldarrikapena umorearekin tartekatu zuten. Ospa taldeko kideek antolatu zuten eguna. «Okupazio indarrak behingoz hemen ez ditugula nahi entzun diezaguten nahi dugu, entzun eta alde egin dezaten». Helburu horrekin antolatu dute eguna. Gainera, herritarrei eskatuzieten dotore jantzita joateko, «indar okupatzaileak agurtzeko asmoz».
Eguerdian, txirigota poteoa egin zuten herriko plazatik. Gero, herri bazkaria egin zuten. Arratsaldean izan zen ekitaldi gehien. 17:00etan, esketx txapelketa bat egin zuten, eta 17:30ean, protesta martxa bat atera zen plazatik. Mosaiko erraldoi bat ere egin zuten eta kuartel baten okupazioa antzeztu. Gauean, berriz, kontzertua egon zen.
Polizien presentzia itogarria dela salatu dute Altsasuko PSN, Bildu eta NaBaik
Nafarroan batez beste dagoen polizia kopurua halako hiru dago, eta «salbuespen egoera» amaitzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu