Polizien Legearen auzia sindikatuen esku uztea gaitzetsi du Beaumontek

Barne kontseilariaren arabera, «aurrekari arriskutsua» ezartzen du lege baten eztabaida sindikatuekin akordioa lortzearen menpe uzteak. Uxue Barkosek «erabateko babesa» adierazi dio

joxerra senar
Iruñea
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Sinestezina, baina egia». Halaxe deritzo Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak Ezkerrak eta Ahal Dugu-k emandako arrazoiei. Bi alderdiek erabaki dute osoko zuzenketa aurkeztea gobernuak ez duelako adostasunik lortu Foruzaingoko sindikatuekin. Beaumonten arabera, argudio horien aurrean alderdiotako ordezkariek «parlamentari eta legelari gisa gogoeta egin beharko lukete ea normala edo arrazoizkoa iruditzen zaien funtzionarioen ordezkari sindikalek erabakitzea milioi erdi herritarren patua».

Irailaren 15ean erabaki zuen Beaumontek sindikatuekin negoziazioa amaitutzat ematea. Lege proiektua egun parlamentuan dago, eta osoko zuzenketak aurkezteko epea asteon amaituko da. Gobernuak parlamentu taldeen esku utzi nahi du legearen inguruko eztabaida. Haatik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k hobetsi dute aurretik sindikatuekin lortu behar dela akordioa, foruzainen eta udal polizien lan baldintzen legea baita. Adostasunik ez dagoenez, kontra bozkatuko dute.

Beaumonten ustez, «aurrekari arriskutsua» ezartzen du pentsamolde horrek. Beste adibide bat jarri du. Akordio programatikoan Funtzio Publikoko Estatutuak aldatzeko konpromisoa hartu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta euren asmoa da udarako bideratzea. Beaumonten ustez, irizpide politiko hori lehenesten bada, sindikatuei blokeorako ahalmena emango zaie: «Zer gertatuko da orduan? Adostasun sindikalik ez dagoelako ez dugu estatutua aldatuko? Urte asko darama indarrean, eta jurisprudentziak zein egunerokotasunak erakusten dute oso iraindua dela».

Adierazpen horiekin Beaumont ahalegindu da bi alderdi horien gain jartzea balizko porrotaren erantzukizuna. Izan ere, UPNk, PSNk eta PPk ere iragarri dute osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. «Ematen du bost osoko zuzenketa egongo direla eta marka guztiak hautsiko ditugula», zioen atzo, ironiaz. Alta, oposizioak ez du txantxarako gogorik, eta legea onartu ezean bere dimisioa eskatuko du. Horren jakitun, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak «erabateko babesa» agertu dio Beaumonti, eta hilabeteotan guztiotan egindako lana txalotu du. Barkosek kritikatu du Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ez sinetsi izana lege proiektu horretan.

Erantzukizuna «guztiena» da

Nahiz eta Beaumontek eta Barkosek presio egin, oraingoz bederen bi alderdiek ez dute jarrera aldatzeko asmorik agertu. Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariaren arabera, erantzukizuna «guztiena» da, «bai sindikatuena bai gobernuarena». Argi utzi nahi izan du legea bozkatzeko orduan eskuak libre dituztela: «Ez da lauko gobernu bat; lau alderdi politiko gara, eta akordio programatiko baten garapenean gobernua babesten dugu. Beraz, ez da inongo diziplinarik urratzen».

Gaur-gaurkoz badirudi Polizien Legea ez dela onartuko. Beuamontek ohartarazi du Foruzaingoaren etorkizuneko bilakaera baldintzatu dezakeela: «Lege proiektua onartzen ez bada, herritarrek jakin behar dute ezingo dugula egun ematen ditugun zerbitzurik eman eta batzuk murriztu egin beharko ditugula. Ezingo dugu zerbitzu berririk hartu, eta, jakina, estatuari ezingo diogu eskumen aldaketa berririk eskatu, ez baita posible izango».

Duela bi urte, 2015eko martxoan, PSNren ekimenez parlamentuak 2007ko legea aldatu zuen: Foruzaingoaren soldata egitura aldatu zen, baina diru kopurua handitu gabe. Sindikatuek aldaketa txalotu zuten, eta orduko buruzagiek kaosa iragarri zuten. Lege horrek udal polizien legea bi urteren buruan aldatzera behartzen du, eta egungo gobernuak aukera baliatu nahi izan du Foruzaingoaren legedia aldatzeko.

Izan ere, antolamendu arazo ugari ditu egun Foruzaingoak, eta egungo egitura zurrunegia da etorkizunean eskumen gehiago hartzeko. Hain zuzen, segurtasun indarren murrizketaren eztabaidari begira, Foruzaingoa sendotu nahi du gobernuak, baina, horretarako, egungo arazoak gainditu beharko lirateke. 2009tik ez da lan eskaintzarik egin, eta egungo 1.060 poliziek batez beste 47 urteko adina dute. Beste langile publikoen aldean, gaixo agiria hartuz gero, ezin dira ordezkatu. Aurten lehen aldiz lan eskaintza publiko bidez 37 postu kaleratuko dira, baina horrekin ez da aski.

Gobernuaren arabera, lanaldi konpentsazioei esker egun foruzain batek batez beste 2,8 egun lan egiten du astean. Hala, lege proiektuan oraingo konpentsazio sistema aldatu nahi du. Adibidez, aurreko legean txanda bat egiteagatik konpentsazio desberdinak aurreikusten ziren, eta hori beste modura antolatzea proposatu du. Ekonomikoki 4,1 milioi euro gehiago jartzeko prest azaldu da.

Hasieratik UGT, CCOO eta ELA ez dira negoziazio mahaian eseri, eta legea inposatu nahi izatea egotzi diote Beaumonti. Foruzaingoko bi sindikatu nagusiak —SPF eta APF— negoziatzeko prest azaldu dira, baina akordiorik lortu gabe. Foruzaingoaren kaltetan, udal poliziak sendotu nahi izatea aurpegiratu diote gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.