Polizien kontrol independente bat izateko eskatu dute

Polizien kontrolerako planaren egileek nabarmendu dute garrantzizkoa dela horretarako batzorde independente bat izatea. EAJk eta PSE-EEk uste dute Kontrol eta Gardentasun Batzordeak egiten duela hori, baina EH Bilduk dio «exijenteago» izan behar dela.

Planaren egileak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Planaren egileak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 4a
14:55
Entzun

Nafarroako Parlamentutik igaro ostean, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean izan dira Espainiako Estatuko Polizien Gardentasun eta Kontu Emate Mekanismoak Hobetzeko eta Modernizatzeko Ekintza Plana ondu duten kideak. Poliziaren kontrol lan hori egiteko batzorde independente baten sorrera da planaren gako nagusietako bat. Proposamen horrekin bat egin du EH Bilduk, baina EAJk eta PSE-EEk uste dute rol hori betetzen duela jada EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak, nahiz eta dokumentuko zenbait proposamen aztertzeko prest azaldu diren.

Iridia elkarteko segurtasun kidegoen kontrol arloko arduradun Irene Urangok azaldu duenez, «bide orri bat» markatzeko asmoa du planak, eta horretarako proposamen nagusietako bat da kontrol lan hori egiteko organo independente bat eratzea. Zergatik? «Egungo mekanismoek ez dute funtzionatzen, eta ez dira nahikoa giza eskubideen urraketa larrietan gertatzen den inpunitatea amaitzeko», zehaztu du Urangok.

Organo horrek ez du egun dauden tresnen lekua hartu nahi, horien «gehigarri» izan baizik. Izan ere, Urangok berak adierazi du botere judizialak, arartekoak eta polizien barne gaietarako unitateek ere badutela eginbehar hori, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak ere. Hain zuzen, esan du Espainiako Estatuan aitzindaria dela.

Halere, nabarmendu du haratago jotzeko beharra dagoela, eta horretarako ezinbestekotzat jo botere exekutiboarekiko independente izan beharra. Gakoak: lege propio baten bidez sortzea, hark parlamentuari erantzutea eta nahikoa aurrekontu bermatzea. Hortik aurrera, azaldu du halako batzorde batek eskuduntzak izan beharko lituzkeela peritu txostenak egiteko, arma berrien inguruko azterketak egiteko, protokoloak aztertzeko eta horiek betetzen direla bermatzeko.

Kanpo ikuskapen baten beharrarekin bat egin du EH Bilduko legebiltzarkide Lamia Arcasek, horrek egun dauden hutsuneei erantzuteko balio dezakeelakoan. «Kargudun publikoek egindako praxi txarrez ari gara, emaitza larriak izan dituztenak: heriotzak, lesio larriak...», esan du, eta gehitu horiei erantzuteko beharrezkoa dela ofizioz arituko den talde independente bat.

Gainera, Arcasek adierazi du aurreko legealdian jada zalantzan jarri zela egungo batzordearen independentzia, hartako kideen izendapenetan Segurtasun Sailak duen rolagatik. Eta hori dela eta, halako prozesuetan gizarte zibileko erakundeen presentzia bermatzeko eskatu du, «exijenteagoak» baitira. Izan ere, salatu du batzordearen lanaren inguruko informazio gehiago eskuratzen saiatu direnean erantzuna ondorengoa izan dela: «Webgunerako lotura». Horrek adierazten du gardentasunari dagokionez asko dagoela egiteko, haren esanetan.

«Egungo mekanismoek ez dute funtzionatzen, eta ez dira nahikoa giza eskubideen urraketa larrietan gertatzen den inpunitatea amaitzeko»

IRENE URANGOIridiako kidea

Bestelako irakurketa bat egin dute, ordea, Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek. EAJko ordezkari Jon Andoni Atutxak Hego Euskal Herriko eta Espainiako egoerak bereizi nahi izan ditu; hain zuzen, Kontrol eta Gardentasun Batzordearen existentzian oinarrituta. Atutxak onartu du hura Segurtasun Sailaren menpekoa dela eta ez duela lege propio bat, baina indar egin du funtzionamenduari dagokionez duen independentzian. «Gure ustez, ekiteko modua egokia da», esan du, nabarmenduz planaren egileek aipatutako zenbait proposamen jada martxan daudela. Eta ez dio atea itxi etorkizunean beste batzuk ere txertatzeari.

PSE-EE ordezkari Miren Gallastegik Ertzaintzaren eta hartako agente «bikainen» lana goraipatu du: «Polizia oso, demokratiko eta konprometitu bat daukagu». Eta, hori adierazi ostean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek herritarrei erantzuteko dituzten mekanismoen rola goraipatu du; tartean, Kontrol eta Gardentasun Batzordearena.

Atutxak eta Gallastegik, gainera, gogoratu dute batzorde hark Eusko Legebiltzarrean bi urtean behin txosten bat aurkezteko betebeharra duela. Laster aurkeztu beharko du bigarren txostena, eta Atutxak hura iritsi zain egoteko eskatu du, ikusteko ea zenbateko betetze maila dagoen 2022an ezarri ziren helburuetan: batzordearen jarduna ezagutaraztea, Ekinbiderekin koordinatzea, batzordea udal mailan aurkeztea, Arartekoarekin koordinatzea eta Arkautiko formakuntzan kolaboratzea.

PPko Ainhoa Domaikak ez du batzorde hori izan hizpide, ezta dokumentuan jasotako gainerako neurriak ere. Hark nabarmendu du Espainiako Estatua «zuzenbide estatu demokratiko bat» dela, eta segurtasun indarrek legearen arabera egiten dutela lan. «Entzundakoak entzunda, badirudi giza eskubideak inpunitate osoz urratzen diren herrialde batean gaudela», esan du, eta segidan «errespetua» eskatu Poliziarentzat. Izan ere, argudiatu du horiek legearen arabera egiten dutela lan, eta urraketarik bada, badaudela epaileak eta jada martxan diren beste mekanismo batzuk horiei erantzuteko.

«Inkoherentziei» aurre

Planean jasotako proposamen multzoa batzorde baten eraketatik haratago doa. Besteak beste, Poliziaren beraren jardunari ere erreparatzen dio. Hala nola Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko kide Jorge del Curak adierazi du Poliziaren indarkeria aztertzeko orduan plazaratzen den arazo nagusietako bat datuak lortzeko zailtasuna dela, eta, behin horiek eskuratuta, erakunde ezberdinek afera berdinen inguruan dituzten informazioetan dagoen «inkoherentzia».

Del Curak gaineratu du ez dagoela metodologia gardenik polizien jarduteko moduei dagokienez ere: atxiloketak, arma ez hain hilgarrien erabilera —foam jaurtigaiak, taser pistolak...—. «Oso zaila da horiek topatzea. Esaten dute protokoloak aplikatzen direla, baina ez dago baieztatzeko modurik». Beraz, horiek ezagutarazteko eskatu dute.

«Oso zaila da protokoloak topatzea. Esaten dute protokoloak aplikatzen direla, baina ez dago baieztatzeko modurik»

JORGE DEL CURAEuskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kidea

Segurtasun indarrei egindako beste eskaera bat da barne arazoetarako unitateen autonomia bermatzea ere, Maria Nieves Arrese EHUko Zuzenbide irakasleak azaldu duenez: «Ez dira beste pertsona batzuen jarraibideen menpe egongo». Era berean, polizia ibilgailuetan eta komisarietan gertatzen dena grabatzea, eta hori gutxienez sei hilabetez gordetzea ere eskatu du, baita profil etnikoen araberako identifikazioak galarazteko neurriak hartzea ere.

Benito Morentin, berriz, estatu indarkeriaren biktimen aitortzarako balorazio batzordeko auzitegi medikua da, eta auzitegi medikuek eta psikologoek halako auzietan izan beharreko rola nabarmendu du hark. Horretarako, azaldu du egun tortura eta tratu txarrei lotutako ikerketa judizialetan dauden hutsuneei erantzun bat topatu behar zaiela; besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenaren inguruko prestakuntza eskainiz.

Morentinek biktimen erreparazioan ere egin du indar. Hain zuzen, salatu du egun giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten biktimen aitortzarako ezarritako baremoak ez direla egokiak. Adierazi du hala baieztatu duela balorazio batzordeak ere; izan ere, egun trafiko istripuei dagozkien baremoak aplikatzen dira torturaren biktimei kalte ordainak emateko orduan. «Badakigu askoz larriagoak direla, eta ondorioak ez direla berdinak. Beharrezkoak dira baremo espezifikoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.