Bukatu da goizeko saioa. Espero zen moduan, 28 gazteen kontrako epaiketan deklaratu duten poliziek ukatu egin dituzte inkomunikazio aldian auzipetuek salatu zituzten torturak. Gazteek lehenagotik iragarri zuten asmoa aretotik ateratzeko, baina Angela Murillo epaileak egoteko agindu die. Gazteak eskuak atzean jarrita eta burua makurtuta egon dira Espainiako Poliziaren Nafarroako Informazio Brigadako buruak deklaratu duen bitartean, eskuburdinak balituzte bezala. Auzitegian zer gertatu den kontatu du, Madrildik, Hodei Iruretagoiena BERRIAko kazetariak.
Gaurtik ostegunera deklaratuko dute poliziek. Gaur hiruk deklaratu dute, eta defentsaren galderei erantzunez, hutsuneak agertu dituzte euren deklarazioetan.
Madrilen. Defentsa: "Idazkaria han zegoen?". Polizia:“Egon behar luke. Ez naiz gogoratzen”. Idazkariak esan du lehen Iruñean zegoela @berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) October 6, 2014
Poliziak Iruñeko miaketa batean zegoela dio. Ordu berean, Madrilen diligentzia bat sinatu zuen. "Akats bat izango da, besterik ez” @berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) October 6, 2014
Auzipetutako gazteak Segirekin lotu dituzte besterik gabe gazte batzar batzuetan edo gaztetxe batzuetan parte hartu zutelako. "Segiren estrategiari jarraitzen badio, zuzenean antolakunde hari egozten zaio", esan du batek. Gaineratu dute Segik zuzentzen zuela Ikasle Abertzaleak taldea, baina batek aitortu du ez zekiela Segiren aurretik ere baziharduela ikasleen erakundeak eta gaur egun ere badiharduela. Euren argudioetan, euskal curriculuma Segiren ideia bat izan zela ere esan dute poliziek.
Poliziaren filosofia: Segi hezkuntzaz, AHTaz, feminismoaz.... aritzen zen, eta gaztetxeetan halako gauzak zeuden 1/2 #28akEreLIBRE@berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) October 6, 2014
2/2 Polizia: Beraz, gaztetxeak eta gazte asanbladak Segik "zuzentzen" zituen. @berria#28akEreLibre
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) October 6, 2014
"Ez gaude prest torturatu gintuztenen gezurrak entzuteko", esan zuten auzipetuek irail amaieran Loiolan egindako agerraldian. Izan ere, torturapean deklaratu izana salatu zuten hainbat gaztek epaiketan. Gasteizen elkarretaratzera deitu du Gasteizko Harresiak: 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.
Irailaren 22an ekin zioten epaiketari. Ez ziren guztiak aurkeztu, eta Loiolan "herri harresia" osatu zuten Xabier Arina, Igarki Robles, Imanol Salinas, Irati Tobar eta Jazint Ramirezen inguruan. Ertzaintzak, ordea, bostak atxilotu zituen egun horretan bertan.