Iazko etenaldiaren ondoren, Ospa Eguna egin dute gaur Altsasun (Nafarroa). Poliziaren normalizaziorik ez! lelopean, egun osoko egitaraua antolatu dute. Horrela, jarraipena eman diote duela bi urte antolatutako Ospa Egunari. Hain justu, antolatzaileek egun horretan ohartarazi zuten Polizia «normalizatzeko kanpaina» bat abian zela. Horren erantzule alderdi politikoak direla esan zuten.
Mahai inguru batekin eman diote hasiera gaurko egunari. «Poliziaren normalizazioaren gorakada» izan dute hizpide, eta Ospa!, Fan Hemendik eta Pikutara mugimenduetako kideek eta kide ohiek hartu dute parte. Bazkaldu ostean, Poliziaren infiltrazio kasuei buruzko solasaldia izan dute, Madrilgo Distrito 14 taldeko kide ohien eskutik. Ohi bezala, manifestazio batekin amaitu dute eguna.
Hamar urte baino gehiago daramatzate Ospa Eguna antolatzen Altsasun. Iazkoa bertan behera utziko zutela jakinarazi zutenean, ez zuten argitu erabakiak urte horretako aldiari eragingo zion, edo behin betikoa izango ote zen. Gaur argi utzi dute Poliziaren presentzia salatzen jarraituko dutela. Iaz esan zutenez, ekinaldia antolatutako urte horietan guztietan, «umorea, kritika politikoa eta festa» uztartu nahi izan dituzte, «desmilitarizazioaren aldarria lau haizeetara zabaltzeko». Ordutik, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta indar polizialek jomugan izan dute ekinaldia; indar erakustaldi «bortitzena Altsasu auzia deiturikoa izan dela» gogoratu zuten.
Azken urteotan, Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskatu dute hainbat hotsek. Gaurkoan ere, izan dira ekinaldiaren aurka agertu direnak. Nafarroako PPk egunaren «zigorgabetasuna» eta erakundeen «pasibotasuna» kritikatu ditu. Ohar bidez esan dutenez, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ez dute ezer egin «zuzenbide estatuaren kontrako eraso baten aurrean». Covitek, berriz, eguna antolatu izana kritikatu du X sare sozialean, eta Poliziaren aldeko mezua zabaldu.