Polizia kontrolatzeko mekanismoak «sistema judizialaren osagarri» direla azpimarratu du aditu talde batek

Iridia eta Novact giza eskubideen aldeko elkarteek gardentasun neurriak hobetzeko ekintza plana aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan. Ukatu egin dute justizia paralelo bat sortzea dutela helburu.

Laura Pego, Maite Esporrin batzordeburua, Irene Urango eta Iñaki Lasagabaster, Nafarroako Parlamentuko batzordean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Laura Pego, Maite Esporrin batzordeburua, Irene Urango eta Iñaki Lasagabaster, Nafarroako Parlamentuko batzordean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 13a
14:00
Entzun

Poliziek eragindako giza eskubide urraketa larriak eragozteko ekintza plana aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuko Barne eta Justizia Batzordean. Iridia giza eskubideen defentsarako zentroko Irene Urango eta txostena landu duten adituetako bi izan dira bertan: Laura Pego Euskal Kriminologia Institutuko zuzendaria eta Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna. Agerraldian nabarmendu dute polizien gardentasuna eta kontuak emateko mekanismoek ez dutela helburu justizia paralelo bat eratzea, baizik eta «sistema judizialaren osagarri» direla.

Ordu eta laurdeneko saioaren ostean, planaren edukia Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendariari eta Foruzaingoaren buruzagitzari ezagutarazi diete. Oraindik data zehatzik ez badago ere, datozen asteetan gauza bera egingo dute Eusko Legebiltzarrean eta Kataluniako Parlamentuan. Ekintza plana Iridia zentroak eta Novact elkarteak bultzatu dute, askotariko esparruetan aritzen diren hemezortzi adituren parte hartzearekin. Gainera, Omega Research Foundation eta Amnesty Internationalek lagundu egin dute.

EH Bilduren eta Geroa Bairen eskariz egin da agerraldia. 2022ko abenduan egoerari buruzko diagnostikoa aurkeztu zuten, eta gaurkoan, ekintza plana aurkeztu dute. Urangok nabarmendu duenez, «egungo kontrol mekanismoak ez dira nahikoa zigorgabetasuna amaitzeko. Horren adibide jarri ditu Iñigo Cabacasen kasua eta 2012ko greba orokorrean polizia batek gomazko pilota batekin zauritu zuen Aingeru Zudaire atarrabiarraren kasua. Hala, nazioarteko irizpideetan oinarrituta, 36 aholku eman dituzte: «Politika publikoen bide orri bat proposatzen du, legea betearazteko funtzioa duten funtzionarioek eragindako giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko».

«Deigarria da nola Poliziaren jardunean, hau da, herritarren oinarrizko eskubideak babesteko hain garrantzitsua den erakunde baten jardunean, ez dagoen mekanismorik sistema egoki bat bermatzeko». 

IÑAKI LASAGABASTEREHUko Zuzenbideko katedraduna

UPNk, PSNk, PPk eta Voxek azpimarratu dute egungo zuzenbide estatuan jada ondo zehaztuta daudela funtzioak eta kontrol mekanismoak, eta nahikoa izan daitekeela egon daitezkeen polizia gehiegikeriei aurre egiteko. Iñaki Lasagabasterrek aurre egin dio argudio horri. Gogora ekarri duenez, zuzenbide estatuak aurrera egin ahala, beste arlo batzuetan herritarren eskubideak bermatzeko beste erakunde batzuk sortzen dira: adibidez, arartekoak edo herritarren pribatutasuna bermatzeko datuen tratamendurako agentziak. «Sistema ekonomikoaren funtzionamendu egoki baterako, ezin dugu pentsatu epaile baten erantzunarekin aski denik soilik. Arlo energetikoan, antzera. Horregatik deigarria da nola Poliziaren jardunean, hau da, herritarren oinarrizko eskubideak babesteko hain garrantzitsua den erakunde baten jardunean, ez dagoen mekanismorik sistema egoki bat bermatzeko herritarren eta poliziaren arteko harremanetarako».

Ekintza planaren edukia

Egitasmoak hiru bloke ditu. Lehenengoan, planteatzen da legea betearazteaz arduratuko den kanpoko organo independente bat sortzea, perituen txosten espezializatu eta bereziak lantzeko, polizien protokoloak berrikusteko, funtzionarioen esku egongo diren arma berrien azterketak egiteko, aholkuak emateko edo antzemandako hutsuneak zuzentzeko. Nafarroaren kasuan, 2018ko azaroan onartutako Polizien Legean jaso zen praktika onen batzorde bat eratzea, baina sei urteren ondoren oraindik ez da eratu.

Bigarren blokean, proposatu da polizien kontu emateko mekanismoak indartzea. Adibidez, polizia etxe guztietan bideo sistema bat jartzea, gune itsurik ez geratzeko. Horri loturik, ibilgailu guztietan ezarri beharko litzateke sistema hori, baita istiluen aurkako furgonetetan ere, eta irudiak manipulatzeko zein ezabatzeko aukera eragotzi beharko litzateke. Gainera, polizien indarkeria salatzeko bide bat ireki beharko litzateke, giza eskubideen arloko erakundeen lankidetzarekin, «azkar jarduten dela babesteko». Urtero memoria txosten bat argitaratu beharko litzateke horri buruz.

Azkenik, ikerketa judizialerako gomendioak ematen dira. Nazioartean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako estatua zigortu du salaketak ez ikertzeagatik eta gauza bera leporatu izan diete Nazio Batuetako torturaren aurkako batzordeek. Hala, planean proposatzen dute fiskaltza espezializatu bat sortzea. Gainera, proposatzen dute sistema judizialeko eragileek giza eskubideen formakuntza jasotzea delitu posibleen aurrean, nahikoa erreminta izateko eta azkar erantzuteko. 

Alderdien iritzia

Ekintza planaren bultzatzaileek, EH Bilduk eta Geroa Baik, ongietorria egin diote planari, eta nabarmendu dute balioko duela eztabaidarako. Zurekin Nafarroako Miguel Garridok txalotu egin du ekinaldia, eta interesgarritzat jo du giza eskubideak bermatzeko segurtasun indarren lanaren kontrapisuak sortzea. «Demokratizazioan eta gardentasunean aurrera egitea, esaten denaren alderantziz, polizien onerako da, herritarrekiko harremana hobetuko lukeelako».

UPNko Marta Alvarezek salatu du Kataluniako desobedientzia zibila bultzatu duten erakundeek landutako txostena ezin dela apolitikoa izan. «Guk ukatu egiten dugu zigorgabetasuna dagoela. Zuzenbide estatua badabil, eta kontrol mekanismoak ditu. Epaileei dagokie zaintza hori egitea». 

Bide beretik, PSNko Inma Jurioren arabera, «kontrolatzeko mekanismo bakarrak salaketa eta ebazpen judiziala dira». Haren ustez, Nafarroak hainbat mekanismo ditu, eta bide horretatik jarraitu nahi du. 

Antzera, PPko Irene Royok aipatu du sistema judizialari dagokiola kontrolatzeko lana. «Ez dugu bat egiten giza eskubideak urratzen direla. Kasuak egon daitezke, baina ustelkeria kasuak dauden bezala, eta ezin dezakegu esan horregatik Espainia herrialde ustela denik». Dena den, onartu du planaren edukia aztertzeko prest daudela.

49

Zenbat polizia kondenatu dituzten. 1979tik 1992ra, torturagatik salatutako hogei auzitan Auzitegi Gorenaren epaia irmoa izan zen: 49 polizia eta guardia zibil kondenatu ziren —48 gizonezko eta emakumezko bat—: 31 pertsona torturatu zituzten. Laura Pegoren arabera, «ia denak» indultatu zituzten gerora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.