Jardun koordinakundeko kideek Poliziaren jazarpena salatu dute

Erran dute heriotza mehatxuak eta kolaborazio eskaintzak egin dizkietela, eta militante zenbaiti jarraitu dietela.

(ID_13424478) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2023-12-13, Iruñea. Aske antolakundeak errepresio kasu baten berri eman du
Aske antolakundeko kideak, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko abenduaren 13a
15:05
Entzun

Jardun koordinakundeko militanteek azken urteetan jasan duten jazarpena salatu dute Iruñean, Aske antolakundeak egin duen agerraldian. Adierazi dute askotariko erasoak egin dizkietela, baina horietako batzuk nabarmendu dituzte, larriak direlakoan: hala nola heriotza mehatxuak, kolaborazio eskaintzak eta Poliziaren etengabeko jarraipena. «Koordinakundearen helburua espainiar zein frantziar estatu kapitalisten zilegitasuna eta hegemonia auzitan jartzea eta Euskal Herri langilearen kontraboterea sortzea denez gero, bi estatu hauek beren tresna errepresiboak baliatu dituzte alternatiba iraultzailea zapuzteko», adierazi dute.

Ez dute kasuei buruzko xehetasunik eman, baina jasandako jazarpena deskribatu dute: «Militante batzuok polizia etengabe gure etxe azpian, gure lantokian, gure militantzia espazioetan, gure aisialdialdian edo gure ikastetxean gure atzetik egotea jasan behar izan dugu, gu etengabeko tentsioan jartzeko eta kikiltzeko helburuarekin». Gertatu izan da Poliziak auto bat gelditzea, barnean zeudenak miatzea eta heriotza mehatxuak egitea ere. 

Kolaborazio eskaintzak Espainiako Polizia Nazionalak egin dizkietela salatu dute: «Gure bizitza pertsonal eta politikoaren inguruko informazioa zutela baliatuta, xantaia egiten saiatu dira gure antolakundeetako informazioa lortu nahian». Militante egoera «ahula» izan zezaketela baliatuta, horiek «sumisiora» eramaten saiatu izan dira, erran dutenez; militanteek ez ezik, horietako batzuen senideek ere jaso dituzte kolaborazio eskaintzak, Aske antolakundearen hitzetan. «Hauek engainatuz eta izutuz, gure inguruko informazio pertsonala eta politikoa lortzen saiatu dira».

Antolatzeko deia

Aske antolakundeko kideek azaldu dute jazarpen kasu horiek guztiak Hego Euskal Herrian «historiako gobernu progresistenaren izenean» gertatu direla. Espainiako Gobernua eta hura sostengatzen duten alderdiak egin dituzte egoeraren erantzule. «Argi geratzen da espainiar zein frantziar estatu kapitalistek, duten kolorea dutela ere, esplotazioa eta jazarpena besterik ez diotela eskainiko Euskal Herri langileari».

Jardun koordinakundeko militanteek pairatutako jazarpena gaitzesteaz gain, argi utzi nahi izan dute beren militantziari eta helburu politikoei eusten dietela. «Ozen diogu inolako jazarpenek ere ez duela lortuko mugimendu iraultzailea zein gure konpromiso politikoa geldiaraztea. Horregatik, dei egiten diogu Euskal Herri langileari esplotazioaren eta jazarpenaren aurrean antolatzera eta borrokatzera, militantzia politikoaren bitartez eskuratuko baitugu soilik etorkizuneko euskal estatu independente eta sozialista. Borrokaz soilik lortuko dugulako askapena». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.