Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen indarkeria pairatu dutenei «aitortza eta ordaina» emateko lege proposamena tramitatzen hasi da Nafarroako Parlamentua. 2019ko Foru Legearen moldaketa da PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu taldeek aurkeztu dutena, hiru helburu nagusirekin: funtzionario publikoen edo eskuin muturraren biktimei «kalte ordain zehatzak» ematea, biktima mota guztiak parekatzea, eta «segurtasun juridikoa» bermatzea. EH Bilduk eta Ezkerrak proposamena aintzat hartzearen aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak, berriz, kontrakoa. Aurrerantzean, batzordean eztabaidatu beharko dute zirriborroa, osoko bilkuran onartu aurretik.
Lege proposamena aurkeztu duten taldeen izenean, Jabi Arakamak (Geroa Bai) esan du «epaileei dagokiela justizia egitea», baina kasu askotan ez dela halakorik gertatzen: «Espainiako auzitegiek hamarkadak daramatzate bizkarra ematen eskuin muturreko taldeek eta poliziek eginiko indarkeriaren biktimen salaketei». Biktima horiei justizia zor zaiela uste du Arakamak, «urteetako ahanzturaren ostean». «Lege honen xedea da bidea egitea, biktimek aukera izan dezaten beren egia aurkezteko, eta erakundeek entzun ditzaten».
Navarra Sumako Iñaki Iriartek azaldu du bere taldeak «ez duela gustuko 2019ko legea», ezta horren gaineko zuzenketa berria ere. «Ez du segurtasun juridikorik eskaintzen, biktimen batzordeak biktima gisa onar baitezake epaileek halakotzat ez daukaten pertsona bat, eta baita alderantziz ere». Edonola ere, Iriartek esan du talde erregionalistak bat egiten duela biktimei eta euren familiei ordaina emateko helburuarekin, eta legean jasotako bidea dela zalantzan jartzen dutena: «Errespetu osoa diegu familiei, eta eskubide iraungiezina dute justizia lortzeko; hori da aztertu beharko genukeen bidea». Parlamentariak txarretsi egin du adituen batzordeak sortzeko erabakia, horietan parte hartuko duten adituak «errespetagarriak bai, baina ez direlako independenteak izanen, eta politikariek izendatuko dituztelako».
PSNko Inma Juriok esan du bere taldeak abstentziora jo zuela 2019ko legearen tramitazioan, baina oniritzia eman diola oraingo zuzenketari, «[Espainiako] Auzitegi Konstituzionalaren bermea duelako». «Indarrean den lege bat da, segurtasun juridiko handikoa», esan du. Juriok aitortu du, hala ere, ez duela bat egiten Geroa Baik emaniko azalpenekin, baina beharrezkoa dela «biktimen eskubideen aitortzan urratsak egitea».
EH Bilduk ere ontzat jo du lege proposamen berria: «Ez du urardotuko legearen mamia, eta segurtasun juridiko handiagoa eskainiko du, legean jasota zeuden zenbait kontzeptu argituz eta zehaztuz», azaldu du Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak. Gogorarazi du, hala ere, hau ez dela eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren biktimei aitortza emateko lehen legea: 2015ean aurkeztu zen jite bereko lehen araua, baina atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. «Zazpi urteren ostean, ezinbestekoa da lege hau bere puntu guztietan aplikatzea. Eskuinak interes politiko handia izan du lege hau atzera botatzeko, eta blokeo juridikoak ezinezko bihurtu du aurrera egitea».
Podemos taldeko Mikel Builek ere 2015eko legea izan du hizpide, eta esan du oraingo lege proposamena «orduko borondate politikoa gauzatzera datorrela». «Martxan dugu jada 2019ko legea, batzordea aktibatu dugu, eta mahai gainean jarri ditugu kalte ordainak; hortaz, Nafarroa egoera hobean da gaur egun, trantsizio luze, odoltsu eta amaigabe horretan pairatutakoa berri gerta ez dadila bermatzeko».
Ezkerrako Marisa de Simon eledunak, azkenik, poza agertu du, «araua onartzeko bidea emango duen gehiengo parlamentario zabala» dagoelako. Hala ere, legea motz geldituko dela uste du: «Arauak ez ditu behar diren pauso guztiak ematen, gaur egun oraindik ezinezkoa baita gertatutakoa ikertzea». Edonola ere, funtsezkoena «justizia egitea» dela uste du: «Biktimak aitortze hutsa ordain bat da berez, eta hori bada urrats nabarmen bat».