Alain Larrea. Abokatua

«Poliziaren egiteko manerek zikintzen dute fama, ez irudiek»

Polizia indarkeria salatzeko, dozenaka lagun bildu ziren iragan astean Baionan, Nathalie Floresen hilketaren egunean. Frantziako Poliziak Frantziako Estatuan duen pisuaz mintzatu da Alain Larrea abokatua.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Nathalie Flores 37 urteko emakumea hil zuen Frantziako polizia batek orain astebete, urtarrilaren 11n, Baionan, kontrol batean. Polizia sindikatuek berehala erran dute zilegizko defentsaren baitan egin ziola tiro poliziak. Alain Larrea (1964, Baiona) abokatua da, eta legearen betaurrekoekin begiratu du gertakaria. Poliziaren presentzia geroz eta handiagoaz eta Frantziako Estatuaren lerratze autoritarioaz ere aritu da.

Flores hil zuen Frantziako polizia batek iragan astean Baionan. Lehen ikerketak dio poliziak bere lankidea defendatzeko egin zuela tiro.

Aferaren xehetasunak ez ditut ezagutzen, baina, entzun dudanaren arabera, poliziak tiro egin duelarik Floresen autoa pasatua zen jadanik. Nahiz eta bere lankidea hunkia izan den belaunean, autoa joana zen. Bi balek jo dute Flores; erran nahi du ez dituela errotak hunkitu. Nik hor dudak baditut. Poliziak bere arma erabiltzen ahal du norbaiten bizia lanjerean delarik: ene ustez, momentu hartan ez zen hala, baina ez ditut xehetasun guziak. Irakurri dudanaren arabera, horrela aztertzen dut.

Juridikoki nola definitua da Poliziaren armen erabilera Frantziako Estatuan?

Bi kategoria badira: jendarmeak eta poliziak. Jendarmeak militarrak dira, eta poliziak, zibilak. Jendarmeak gau eta egun jendarme dira. Poliziek, berriz, beren orenak egin eta ez dute beren arma erabiltzerik. Arma erabiltzeko duten posibilitate bakarra da pertsona baten bizia arriskuan izatea —norbera, lankidea edo beste edonor— arma erabiltzen duten momentu berean. Mendekua baztertua da.

Atxiloalditik atera zen polizia, hilketaren biharamunean.

Prokuradoreak instrukzio epailearen aitzinera igorri du polizia; erran nahi du badirela posibilitateak karguak izateko, eta galdegiten diola epaileari ikertzea ea kargurik ba ote den. Prokuradoreak ez du erraten kargurik ez dela, erraten du ez dela aski kargu zuzenean auzipetzeko: ez du erran nahi ororen buru ez dela auzipetua izanen.

Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak eraman du ikerketa. Zer da erakunde hori?

Barne Ministerioko Polizia zerbitzu bat da. Inkesta egileek beraien lankideen egiteko manerak dituzte ikertzen. Doi bat gauzak estaltzeko egina da. Ez da zerbitzu independentea, eta polizia sindikatuek presioa sartzen ahal dute. Iduriz, ez da irudirik grabatua izan, goizeko oren batean gertatu baita, etxeratze agindupean. Ikuskaritzak horrelako kasuetan errazki estaltzen ahal ditu aferak.

Poliziaren «inpunitatea» aipatzen ahal ote da?

Juridikoki ezin da aipatu, ez. Bi eguneko atxiloaldia egin du, eta, horren ondotik, instrukzio epailearen aitzinera eramana izan da, ikerketapean. Oraingoz ez da inpunitaterik aipatzen ahal. Edo bestela, beste gizarte bat espero dugu: bi egun barne epaituak izatea, eta ez dut uste gizarte egokia litzatekeenik.

Zein da Poliziaren rola Frantziako Estatuan?

Ikusiz gizartean agertzen diren protestak azken hiruzpalau urteotan, sentitzen da Polizia hor dela boterean direnak babesteko. Terrorismoaren aitzakiarekin, militarrak ikusten ditugu karriketan Poliziaren lana egiten. Hori saldu digute terrorismo islamikoaren borrokaren aurkako neurri gisa, eta ez da mugimendurik gizartean horren errefusatzeko. Ez dut uste estatu demokratiko batean onargarria denik militarrak ikustea karriketan Poliziaren lana egiten. Horrek erran nahi du estatuaren etsaia bere populazioa dela.

Nicolas Sarkozy Barne ministro zelarik, Poliziaren biktimizazio operazio batean sartu da, polizia sindikatuekin, erranez gaizki tratatuak direla. Aski da ikustea: Baionako gertakaria pasatu eta oren batzuk berantago, bi polizia sindikatuk agiriak plazaratu zituzten, errateko zilegizko defentsa zela. Ez dute sindikatu lana egiten, korporatibismoa baizik.

Segurtasun Orokorrerako Legea horren segida logiko gisa ikusten ote duzu?

Ikusten dudana da segurtasuna merkatu bat bezala agertzen dela. Enpresa pribatuek merkatu hori hartzeko posibilitatea izanen dute: jendea barrandatzeko, teknologiak ematen dituen ahal guztiekin.

Poliziaren irudiak grabatzeko eta hedatzeko debekua ere bada lege horren barruan.

Gaur egun ikusten ditugun irudiek zer ondorio dute? Frantziako Poliziaren irudi orokorra zikintzea. Baina ez dute irudiek zikintzen poliziaren fama: poliziaren egiteko manerek baizik. Eri naiz,sukarra badut, ez dut ikusi nahi; beraz, termometroa hautsiko dut eta ez da problemarik. Hori da logika.

Polizia sindikatuen pisua nolakoa da gaur egun?

Segurtasun Orokorrerako Legea, adibidez, aspaldi galdegiten duten lege bat da. Frantziako Estatuan badute zinezko pisu bat, beste leku anitzetan bezala. Poliziak greba egiten badu manera batez edo bestez, arazoak izaten ahal dira gizartearentzat eta boterearentzat.

Frantziako Estatua «polizia estatua» dela diote batzuek.

Pentsa daiteke autoritarismora lerratzen dela. Emmanuel Macron presidente sartu denetik, azkartu egin da. Adibidez, lan kodea aldatua izan da parlamentuaren eztabaidarik gabe, ordenantzak hartuz. Langile sindikatuak eta alderdi politikoak osoki baztertuak dira. Erabaki batzuk bere baitarik hartzen ditu Macronek; ez da gauza sanoa. Lerratze baten seinale da. Gero guk zer ihardukitzen dugun, besterik da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.