Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak bertze 66 biktima onartzea proposatuko du

Joxi Zabala biktima gisa aitortuko du, eta Joxean Lasa aitortzea ez dute baztertzen, baina haren senideek txostena epez kanpo aurkeztu zutela erran du batzordeak

Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren hilketaren 40. urteurreneko omenaldia Benta Haundin. JON URBE / FOKU
2023ko urriaren 26a
16:27
Entzun

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak bertze 66 biktimaren aitorpena proposatuko du bere urteroko txostenean. Tartean Joxi Zabala dago. Joxean Lasa aitortzea ere ez dute baztertzen, haren sendiak ere txostena aurkeztu baitzuen. Dena den, Balorazio Batzordearen txostena datorren astelehenean aurkeztuko dute, hilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako, Berdintasuneko eta Justiziako Batzordean.

Dokumentuak dio Zabalak «bahiketa, behartutako desagerpen, tortura eta hilketa pasarte izugarria» pairatu zituela, «GALek» egina. Baina Lasaren kasuari buruz ezer ez dela aipatzen, haren familiak txostena ez zuelako epearen barnean aurkeztu. Hala ere, epeak berriz ere ireki behar direla dio dokumentuak, arrazoi horrengatik aitortzarik gabe gelditu direlako hainbat kasu.

Txostenak aipatzen dituen 66 pertsona horiek giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa aitortuko dituzte, motibazio politikoko testuinguru batean, 1979 eta 1999 bitartean. Horietatik zazpi tiroz hil zituen poliziak edo eskuin muturreko talderen batek. Bertze bat bortxatu zuten, eta jarraian hiltzeraino kolpatu zuten. Zabala, berriz, «erail zuten, bahitu eta torturatu ondoren». Dokumentuan zehazten dutenez, gainera, bertze 49 pertsona torturatu egin zituzten polizia etxeetan, lau tiroz zauritu zuten, eta bertze bat gomazko pilotekin. Bertze hiru pertsonak zauri larriak zituzten kolpeen ondorioz.

Balorazio Batzordeak adierazi du 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte 131 espediente ebatzi direla: 66 biktima gisa aitortu dituzte, 64 ez dira onartu epez kanpo aurkeztu direlako, eta batek atzera egin du.

Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021ean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna jauregian.

Informazio eske

Biktimei emandako kalte ordain totala 1.614.007 euro ingurukoa da. Balorazio Batzordeak jakinarazi du, gainera, aitortzak egiteko justizia arloko hainbat erakunderi, poliziari eta osasun arloko profesionalei informazioa eskatu diela. «Eskatutako informazio guztia ez dugu lortu; batzuetan, pasatu den denbora guztiarengatik, eta, bertzeetan, egindako eskariaren argitasun faltagatik».

Gogoratu du, gainera, dokumentazio zehatza lortzeko «arintasunik» ez badago, batzordearen lana «oztopatu» daitekeela. Hortaz, eragile guztiek kolabora dezatela eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.