Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak Zergatik niri? izeneko atari digitala jarri du martxan, profil etnikoaren arabera egiten diren polizia geldialdiak salatzeko eta «praktika sistematiko bat» direla frogatzeko datu base bat osatu ahal izateko. Web orrian bertan jakinarazten dutenez, 2020ko datuei erreparatuz, arrazakeria kasu gehienak (%48,5) instituzioen partetik datoz, eta horietatik %40 Poliziari zuzendutako salaketak dira. Jasotako salaketa horien artean, gainera, salatzaileen ia %44 magrebtar jatorrikoak dira, eta %39 Saharaz hegoaldeko afrikarrak. Zorian Chacon (Santurce, Puerto Rico, 1992) eta Ermidio Figueiredo (Luanda, 1994) dira plataforma digital horren sortzaileetako batzuk. Bizkaiko Hitza-ri azaldu diotenez, instituzioen arrazakeria «ikusarazteko» eta «konponbide» bat emateko sortu dute egitasmoa.
Nondik dator Zergatik niri? sortzeko ideia?
ZORIAN CHACON: Bizkaiko SOS Arrazakeriak martxan jarritako dinamika bat da, beste lurralde batzuetako esperientzietan oinarrituta. Bulegoan jasotzen ditugun salaketa gehienak lotuta daude Poliziak profil etnikoaren arabera egindako geldialdiekin, eta egoera hori ezagutarazteko aukera emango zigun proiektu bat sortu nahi genuen.
ERMIDIO FIGUEIREDO: 2020ko datuekin, migranteek Euskal Herrian duten egoera azaleratzen duen txosten bat atera berri dugu. Poliziaren diskriminazioa jasaten duten gehienak migranteak edota atzerriko jatorrikoak dira. Errealitate hori ezagutzera eman nahi dugu, kaleko gelditze horiek salatu eta instituzioek neurriak har ditzaten.
Nola funtzionatzen du sortu duzuen webguneak?
CHACON: Asmoa da soslai etnikoaren araberako geldialdi bat sufritu dutenek gertatu zaiena kontatu ahal izateko espazio bat sortzea. Guk, informazio horrekin, datu base bat osatuko dugu, ikusteko nortzuk diren praktika hauen biktima nagusiak eta nortzuk diren erantzule nagusiak. Hala, gerora, norbaitek salaketa jarri nahiko balu, datuak izango genituzke frogatzeko halako gertakariak ez direla kasu bakanak.
Zer dira soslai etnikoaren araberako polizia geldialdiak?
CHACON: Poliziak pertsona baten etniaren, jatorriaren, erlijioaren, janzkeraren… arabera egiten dituen legez kanpoko identifikazioak dira, inongo gertakari edo ekintza objektiborik kontuan izan gabe egiten direnak. Hau da, pertsona baten fisikoa, itxura, kolorea, gaizkile izatearen susmoarekin lotzea da. Polizian oso ohikoa da, eta frogatzeko oso zailak izaten dira halako kasuak, poliziaren hitzak beti du-eta balio handiagoa.
Zergatik da garrantzitsua Poliziaren praktika hori salatzea publikoki?
FIGUEIREDO: Jendeak integratuta sentitu behar du, eta errealitateak kontrakoa adierazten dizu. Poliziak zure azalaren koloreagatik gelditzen bazaitu, eta, gainera, poliziaz betetzen badituzte migrante gehien dagoen auzoak, egoera are gehiago okertzen da. Poliziak ez zaitu gelditzen delitu bat egin duzulako, baizik beste jatorri bat duzulako. Gainera, oldarkor jarduten dute: paretaren kontra jarri eta zuri buruzko edozein salaketa faltsu asmatu dezakete, kriminalizatzen saiatzeko.
Praktika sistematikoa da?
FIGUEIREDO: Halako jarrerak ez lirateke existitu behar. Arazoa da egun ez dela gizarteratze politikarik garatzen. Polizia izateko prestakuntza jasotzen dutenek, heziketa sozial bat ere jaso beharko lukete, baina errealitatea kontrakoa da: autoritate abusua, arrazakeria, indarkeria… Sistemak berak sortutako zerbait da.
Zergatik uste duzue hori?
FIGUEIREDO: SOS Arrazakeria dagoenetik, ez dugu halako kasu bat bera ere ez irabazi. Arrazakeria hori epaitegietaraino ere heltzen da. Nik ez diot polizia guztiak arrazistak direnik, baizik eta sistemak berak pribilegioak ematen dizkiela halako jarduera arrazistak egiteko.
Egungo sistema bera da arrazista orduan?
CHACON: Bai, gure egungo sistema arrazista da, eta hori agerian geratzen da maila eta esparru askotan. Arrazakeria instituzionala horren adibide bat baino ez da. Gauzak aldatzeko egin behar den lehenengo gauza da arrazakeria hori aitortzea. Azken finean, egoera hau gertatzen da gorputz batzuek beste batzuek baino gutxiago balio dutelako. Horregatik, estatu arduratsu bat behar dugu, benetan frogatu ahal izateko profil etnikoa bazterkeriarako arrazoi bat dela; pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen estatu bat.
FIGUEIREDO: Eskuin muturraren diskurtsoaren onarpena, gure bizitza galarazten duten legeak… [Espainiako] Gobernuak posizionatu beharra du: arrazakeria gure hirietan egon badagoela onartu, eta gauzak aldatzeko lanean hasi. Pandemian ikusi da: migranteak izan gara zaurgarrienak, eta, hala ere, ez dute erregulazioan inongo pausorik eman. Gure bizitzak blokeatu egiten dituzte, eta, hori aldatu ezean, zaila izango da ezer aldatzea.
Nola bizi dituzue geldialdiak?
FIGUEIREDO: Egunero landu behar duzun zerbait da hori. Badakizu kalera ateratzen zaren bakoitzean gertatu ahal zaizun gauza bat dela, zaren modukoa izateagatik susmagarria zarela. Zaila da.
Zer-nolako ardura du gizarteak halako kasuen aurrean?
CHACON: Edozein bidegabekeriaren aurrean bezala, bi aukera baino ez daude: geldirik geratu eta ezer ez egitea, edo esku hartzea. Profil etnikoaren arabera egindako geldialdi baten aurrean, argazkiak ateratzeko eta gertatzen dena grabatzeko eskubidea duzu, poliziengana ere hurbildu zaitezke azalpenak eskatzera. Halako ekintza sinpleen bidez, gertakari diskriminatzaile ilegal bat jasaten ari den pertsona baten alde lerratu zaitezke. Ez da nahikoa arrazista ez izatea; antirrazistak izan behar dugu, eta behar duenaren alde lerratu.