Loiun bi astez atxikitako sahararra biharko deitu du Espainiako Poliziak

Yusef Mahmudirekin eta Hassana Aaliarekin hitz egin du EITBk. Uste dute egoera erregulatzeko deitu duela Espainiako Poliziak.

Mahmoudi eta Aalia, EITBk egindako elkarrizketaren une batean. EITB
Mahmudi eta Aalia, EITBk egindako elkarrizketan. EITB
mikel p ansa
2024ko uztailaren 7a
19:30
Entzun

Yusef Mahmudi, Loiuko aireportuan (Bizkaia) hamalau egunez atxikita eduki duten gazte sahararra, deklaratzera deitu du Espainiako Poliziak. EITBk zabaldu du berria; uste dute gaztearen egoera erregulatzeko deitu duela Poliziak.

Larunbat goizaldean askatu zuten Mahmudi, Bilboko guardiako epaitegiaren aginduz. Espainiako Poliziak ostiralean kanporatu behar zuen; prest zegoen Tangerrera eraman behar zuen hegazkina. Baina, azken orduan, hegazkina gidatu behar zuen pilotuak uko egin zion hegazkina eramateari, argudiatuta bidaiariak ez zirela seguru izango.

Beste erremediorik ez, eta Poliziak eskatu zuen gaztearen atxiloaldia 48 orduz luzatzeko; Marokora bidaltzeko denbora irabazi nahi zuten poliziek, baina guardiako epaileak baztertu egin zuen Poliziaren eskaria, eta aske utzi behar izan zuten azkenean, atzo goizean. Zehar-Errefuxiatuak erakundeak azaldu zuenez, egoera irregularrean zegoen gaztea, halere, eta noiznahi atxilotua eta kanporatua izateko arriskua du. Abokatuek eskari bat egina dute Espainiako Estatuak sartzeko baimen bat eman diezaion, arrazoi humanitarioak aintzat hartuta.

Nekatuta, baina esperantza galdu gabe

EITB harremanetan jarri da Mahmudirekin eta Hassana Aaliarekin —hura ere ekintzaile sahararra da, 2016tik Euskal Herrian bizi dena, Marokoko Estatuaren errepresiotik ihesi—. Biak elkarrizketatu ditu EITBk, eta konfiantza agertu dute Mahmoudik eskatua duen asilo politikoa emango diotela azkenean, eta ez dutela kanporatuko.

Orain dela bi aste ailegatu zen ekintzaile sahararra Loiura, Marrakextik etorrita. Asiloa eskatu zuen iritsi orduko, baina ukatu egin zioten, eta Espainiako Poliziak hamalau egunez eduki du aireportuan atxikita. Nekatuta eta lo faltan dagoela aitortu du Aaliak, haren izenean. Aireportuko atxikitze aldi hori «txarra» izan dela esan du: gela «oso txiki» batean eduki dute, eta lau egunez gose greba egin du ekintzaileak.

Zuzenbidea ikasia du gazteak, eta, kate publikoari adierazi dionez, Saharako herriaren alde lan egin nahi luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.