Polizia «normalizatzeko kanpaina» salatu dute Altsasuko Ospa Egunean

«Alderdi sozialdemokratei» egotzi diete ardura. Poliziarik ez dutela nahi «argi» esan dute. Eskuinak presio egin du ekitaldia debeka zezaten

Ospa Eguneko manifestazioa, atzo, Altsasuko karriketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Edozein Poliziaren kontra. Atzo, debekuen mamuei izkin eginda, Ospa Eguna egin zuten Altsasun (Nafarroa), eta arratsaldeko manifestazioan horixe aldarrikatu zuten: «Poliziarik ez dugula nahi argi esateko batu gara Altsasun», esan zuten amaierako hitzaldian. Polizia «normalizatzeko kanpaina» bat abian dela uste dute antolatzaileek, eta horren erantzule alderdi politikoak direla salatu zuten. Poliziak paratutako isunak, etxegabetzeak eta jazarpena ere salatu zituzten.

«Ezagutu dugun krisirik handienaren atarian aurkitzen gara, eta burgesia bere matoi uniformedunek gizartean betetzen duten rola justifikatzen eta defendatzen ari da», salatu zuten antolatzaileek. Helburu hori lortzeko, alderdi politikoak dira «tresnarik eraginkorrena», haien esanetan. «Bereziki, gobernuan dauden edo hura sostengatzen duten indar sozialdemokratak», zehaztu zuten. Ezker abertzaleari kritika zuzena egin zioten: «Arriskutsua da hainbat politikarik Ertzaintzaren alde botatako hitzak, Mutrikuko EH Bilduk Jai Batzordean parte hartu nahi zuen zipaioari emandako babesa edo Ernai Berriozarren Foruzaingoa defendatzen eta babesten aritzea».

Poliziaren «jazarpena» ere aipatu zuten: salatu zutenez, azken bi urteetan Poliziak 30.000 euroren isunak ezarri dizkie altsasuarrei, 60.000 eurorenak Indar Gorri taldeko kideei eta 70.000 eurorenak Gasteizko Etxebizitza sindikatuari.

Manifestazioa Foruen plazatik abiatu zen, Poliziarik ez. Langileon aurkako errepresioa gelditu mezua zuen pankarta aurrean. Bidean Poliziaren kontrako mezuak oihukatu zituzten: «Indar errepresiboak kanpora», «Errepresiorik ez» eta «Alde hemendik, utzi bakean», besteak beste.

Eskuinaren beroaldia

Ospa Egunaren antolatzaileek haien aurkako jazarpena ere salatu zuten: «Ez da erraza izan mehatxu, blokeo eta ilegalizazio saiakera guztien gainetik gaur aurpegia ematea. Zaila bezain beharrezkoa izan da». Izan ere, Espainiako alderdi eskuindarrak polemika pizten saiatu dira azken egunotan. Ekitaldia debekatzeko eskatu zuten PPk eta VOXek, eta herenegun Ciudadanoseko 30 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Altsasuko kuartelaren atarian, Eskerrik asko mezua zuen pankarta eskutan. Nafarroan UPNk gogor kritikatu zuen Ospa Eguna, eta hura debekatzeko legea aldatzeko eskatu zuen, horrelakoak «gorroto» eta «irain» ekitaldiak direlakoan.

Arratsaldeko manifestazioaz gainera, goizean Poliziari buruzko hitzaldia antolatu zuten atzo, eta eguerdian herri bazkaria egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.