Polizia kopuruaren langa

Eusko Jaurlaritzak 8.000 ertzain izan nahi ditu 2030erako, eta Nafarroako Gobernuak, 1.400 foruzain 2027rako. Guardia zibilen eta Espainiako polizien kopurua, baina, ez da hein berean jaisten ari.

Ertzaintzaren furgonetak, Donostian. JON URBE / FOKU
Ertzaintzaren furgonetak, Donostian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak aurreko astean eman zuen erabakiaren berri: gobernua lanean jarri da 2030. urterako 8.000 ertzainen langara iristeko. Datozen urteetan gora egingo du foruzain kopuruak ere, Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren 2024-2027 Plan Estrategikoan zehaztu baitzuen hura osatzeko 1.400 agente izatea. Batak zein besteak argudio gisa erabili dute bi poliziek gero eta eskumen gehiago dituztela, baina, horiek eskuratu ahala, ez da beherakadarik izan lan horiek betetzen zituzten beste segurtasun indarretan. Hau da, Hego Euskal Herrian ez daude Espainiako polizia eta guardia zibil gutxiago. Kontrara, azken bost urteetan gora egin du kopuruak.

Segurtasun Sailaren helburuaren berri ematean, Zupiriak adierazi zuen agente kopurua areagotzeak bat egiten duela «Ertzaintzaren egitura hobetzeko eta modernizatzeko» konpromisoarekin. Hala, aurreikusi dute 800 agente inguru kontratatzea, sailaren datuen arabera 7.278 ertzain baitzeuden 2024a amaitzerako. Bada, baina, kopuru hori motz geratzen dela uste duenik ere: Euspel sindikatu korporatiboaren ustez, 9.000 agente beharko lirateke.

Kopuru hori, baina, egungo legedian ezarritakoaren gainetik legoke. Izan ere, 8.000ko langa hori 2004an adostu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, nahiz eta behin soilik iritsi diren kopuru horretara. 2011n izan zen, Patxi Lopez lehendakariaren agintaldian. Hain justu, urte hartan eten zuen ETAk bere jarduera armatua behin betiko, eta ordutik, gorabeherak tarteko, beherantz egin du egungo kopurura iritsi arte; izan ere, 2022an, 7.848 kide zituen Ertzaintzak, egun baino ia 600 gehiago.

Beherakadaren arrazoi nagusietako bat jubilazioak izan dira, eta oraindik ere dezente iritsiko dira: espero dute aurten eta hurrengo urtean 600 lagun inguru erretiratzea. Hain zuzen, «belaunaldi erreleboa» da kopuruak berriz ere gora egiteko baliatu duten argudioetako bat. Azken urteetan bereganatutako eskumenak kudeatzeko beharra da erabilitako beste bat. Esaterako, Madrilek eta Gasteizek iaz adostu zuten Ertzaintzak polizia lanak egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportu eta portuetako zerbitzu eremuetan.

Arrazoi horiexek aipatu zituen Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Amparo Lopezek ere abenduan, Foruzaingoko 2024-2027 Plan Estrategikoaren aurkezpenean. Hark xede gisa jarri zuen agente kopurua handitzea plana gauzatzerako, 1.148tik 1.400era, eta gorakada horren parte handi bat trafiko eskumenaren kudeaketarekin lotu dute. Gobernuaren arabera, 149 agente bideratu beharko dituzte alor horretara.

Nafarroako eta Espainiako gobernuetako ordezkariek adierazitakoaren arabera, 2026an ekingo diote eskumena Nafarroari itzultzeko prozesuari, eta hiru urtean Foruzaingoak zerbitzua osorik hartzea dute asmo. Prozesu horretan, baliteke Guardia Zibiletik Foruzaingorako bidea hartzen duten poliziak izatea. Orain arte, trafikoa haien eskumenekoa izan da, eta bi aldeek adostu dute lan bera egiten jarraitzeko segurtasun indar batetik bestera igarotzeko aukera ematea.

Murrizketarik ez

Gero eta ertzain eta foruzain gehiago izatea, baina, ez dator bat Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren agente gutxiago egotearekin. Espainiako Funtzio Publikoko Ministerioaren datuen arabera, 2024 hasieran 1.886 Espainiako polizia eta 3.792 guardia zibil zeuden Hego Euskal Herrian. Hamabost urte lehenago baino 1.134 gutxiago dira, baina azken urteetako bilakaera bestelakoa da: 2019an baino 51 polizia eta 250 guardia zibil gehiago baitzeuden iaz, estatuko administrazio publikoetako langileen buletin estatistikoaren arabera.

Espainiako Gobernuak ez du joera hori iraultzeko asmorik azaldu. Hala adierazi izan du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak. «Ez dago estrategiarik Polizia eta Guardia Zibila Nafarroatik ateratzeko», esan zuen, galdetu ziotenean ea trafiko eskumenaren transferentziak eraginik izango ote zuen ministerio haren aginduetara dauden agenteengan. Are gehiago, zehaztu zuen ez dutela Guardia Zibilaren «plantilla murriztuko».

Hala, kopurua iraganeko bera ez den arren, Europan biztanleko polizia gehien duten lurraldeen zerrendan dago oraindik ere Euskal Herria. Azken datuen arabera, 14.000 agente baino gehiago daude, 2,9 milioi biztanleko eremu batean; 100.000 biztanleko 482 polizia, udaltzainak zenbatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.