Pasaiako sarraskia

Polizia hiltzaileak identifikatzeko saioak ez du emaitzarik izan

Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egin dute Donostiako epaitegietan, baina lekuko bakarrak, Joseba Merinok, ezin izan du «ehuneko ehun» inor identifikatu. Komando Autonomoetako lau kideen hilketekin lotuta egon daitezkeen hiru polizia egon dira saioetan, eta saio gehiago egongo dira azaldu ez diren beste bi identifikatzeko.

Pasaiako sarraskiko biktimen familien elkarretaratzea, gaur, Donostian. XABIER MARTIN
xabier martin
2023ko martxoaren 28a
12:26
Entzun

«Sentitzen dut, baina ehuneko ehun identifikatu behar dira, eta ezin izan dut horrela egin». Joseba Merino Pasaiako sarraskitik bizirik atera zen lekuko bakarraren hitzek islatzen dute gaur goizean zer gertatu den Donostiako epaitegietan izandako identifikazio saioan. Santiago Gonzalez biktimen familien abokatuak azaldu du egoera: «Bakarrik hiru polizia egon dira saioan, eta ez da inor identifikatu ahal izan. Beste bi polizia falta dira etortzeko. Gainera, identifikazio zenbakiarekin arazoak egon dira, eta beste polizia bat hilik dago, Poliziak jakinarazi duenez». Alegia, zazpi dira Merinok aurrez ezagutu dituen poliziak, material grafikoan, eta gaur hiru identifikazio saio egin dituzte.

Eta orain zer? Familien defentsak aurrera egingo du Pasaiako sarraskiaren egileak identifikatzeko, eta epaituak izan daitezen. «Argibide gehiago eskatuko ditugu, eta auziak hortxe jarraituko du». Nolanahi ere, identifikazio saioak ez dira amaitu, epaitegian azaldu ez diren bi polizia horiekin saioak egingo baititu auzia kudeatzen ari den epaileak. Erronda horietan ere Joseba Merinok saiatuko beharko du haiek identifikatzen.

Tiroak eta lekuak

Dioni Aizpururen anaia Pello Aizpuruk hitz egin du 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian dozenaka tiroz hildako lau biktimen izenean, epaitegiko atarian egindako elkarretaratzearen amaieran. «Estatu indarkeriaren kasu argi-argia da hau», hasi da. «Segada prestatu zuten, eta sarraskia egin. 113 bala zulo egin zizkieten gure lau senideei». Zenbat bala eta gorputzaren zein ataletan zituzten azaldu du, haren inguruan zenbait senidek malkoei eutsi ezinik zeudela. «Pelitxok [Pedro Mari Isart] eta Peluk [Jose Mari Izura] 28 bala zulo zituzten; tiro bat, gutxienez, garondoan». Hizlariaren anaia Dioni eta Rafael Delas bizirik atera ziren, eta gero fusilatu egin zituztela erantsi du. «Odol hotzetan hil zituzten. Txapasi 11 tiro egin zizkioten bertatik bertara, horietako bat garondoan; guztira 21 bala zulo zituen. Anaia zenari garondoan tiro bakarra ez: zazpi bala zulo egin zizkioten. Zenbat bala behar dira pertsona bat hiltzeko? Zer krudelkeria izan zen hura? Tiro bat begian zuen, eta guztira 34 tiro jaso zituen».

Eduardo Calvo Rojasek, Pasaiako sarraskiaren auzia kudeatzen aritu zen epaileak, ez zuen ikusi delitu zantzurik datu horiek jakinda ere. «Hau dena ezkutatzen saiatu dira», salatu du Aizpuruk. Kasuak hortxe iraun du, ordea, familiaren ahaleginari esker, eta, 2016an, epaileek aitortu zuten Komando Autonomoetako lau kideek ez zutela tirorik egin gau hartan. «Tirorik ez bazuten egin, zer egin zuten orduan gure senideekin?», galdetu du Aizpuruk. Familiek defendatu duten hipotesiak inoiz baino indar handiagoa duela uste dute: «Epaiketaz besteko exekuzio bat izan zen».

Jaurlaritzaren txostena

Bide judizialaz gain, ordea, erakundeekin bidea egin behar dela argi utzi du Aizpuruk, eta haserre mintzatu da Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenarekin gertatutakoaz; alegia, hiru urte egon dela txosten hori tiradera batean, familiei haren berri eman gabe. «Ezkutatu egin digute, eta lanean aritzeko hiru urte lapurtu dizkigute. Ez dago eskubiderik: nork erabaki zuen txosten hori kaxoi batean sartu behar zela?». Txostena jaso ondoren, hiru aste eman dituzte familiek Jaurlaritzarekin hitz egin nahian, baina, Aizpuruk esan duenez, ez diete «jaramonik egin». Harik eta gertatutakoa jendaurrean jakinarazi duten arte. «Hurrengo egunean deia izan genuen, eta orain presa dute gurekin egoteko».

Pasaiako sarraskiaren biktimen familiek Gasteizko gobernuarekin duten harremanaren «errealitate gordinaz» aritu da Aizpuru. «Lau kasu ikertzeko agindua eman zuen Jaurlaritzak: Perturrena [Eduardo Moreno Bergaretxe], hiru galiziar desagertuena [Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga] eta Naparrarena [Jose Miguel Etxeberria], gurearekin batera». Pasaiakoa ez beste guztiak argitara eman zituztela kontatu du Aizpuruk, txostenak eskura eman zizkietela besteei. 2020ko martxoan eman zioten familiari Naparraren auziko txostena, eta Pasaiako biktimena data berekoa da. «Gurea, ordea, kaxoi batera bota zuten. Nork erabaki du Eusko Jaurlaritzan familia batzuei txostena eskura ematea eta beste batzuei ukatzea? Hauek al dira biktimak guztiak berdin tratatzen dituztenak?».

Aizpuruk «konpromisoak» eskatu dizkio Jaurlaritzari aurrerantzean izango duten harremanari begira. «Egin dezatela behingoz aitortza ofiziala, eta argitu dezatela gurekin lanean aritzeko prest dauden ala ez». Orain hiru urte egin eta egunotan ezagutu den txostenak berak jasotzen du Pasaiako sarraskiaren biktimen familiek ez dutela laguntzarik jaso erakundeen aldetik, isiltasuna egon dela. «Izugarria da egin digutena, eta barkamen soil batekin ez da konponduko, benetako lanerako borondatearekin baizik».

Testuinguru historikoa

Pasaiako sarraskiaren testuinguru historikora jo behar da Komando Autonomoetako lau kideen hilketaren zergatiak aurkitzeko. Izan ere, Felipe Gonzalezen (PSOE) agintaldi luzearen hasieran izandako gerra zikinarekin loturiko gertakari nagusietako bat da. Sarraskia gertatu baino urtebete lehenago eratu zuten GAL, 1983an. Bada, 1984ko martxoaren 22a baino lehentxeago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu zuen Espainiako Poliziak, hura ere Komando Autonomoetako kidea, eta, torturapean, behartu egin zuten hildako militanteekin Pasaiako badian hitzordua egitera.

Taldea itsasoz iritsi zen Pasai Donibanera Lapurditik, gaueko hamarrak baino minutu batzuk geroago, eta tiroka hartu zituen Poliziak. Lurrera zetozen bost lagunetatik lau hil zituzten: Pedro Mari Isart eta Dionisio Aizpuru azpeitiarrak, eta Rafael Delas eta Jose Maria Izura irundarrak. Joseba Merino bosgarren taldekidea izan zen bizirik atera zen bakarra. Hamazazpi urte egin zituen espetxean, hilabete lehenago Enrique Casas PSEko kidearen hilketarekin zerikusia zuelakoan.

Gau hartan tiro egin zuen agente bat identifikaturik daukala esan zion BERRIAri Joseba Merinok otsail hasieran, argazkietan eta bideoetan ezagutu duela zibil jantzita. Zer arma zeraman ere gogoan du: «Eskopeta bat».

Casas eta «mendekua»

Estatu terrorismoaren ekintza gisa sailkatu dute askok badiako sarraskia. Lau militanteen hilketa gertatu baino hilabete lehenago, Enrique Casas Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta senatariaren aurkako atentatua egin zuten; 1984ko otsailaren 23an hil zuen talde batek Casas. Hamabi urte geroago, Ricardo Garcia Danborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusi ohiak GALen sorrerarekin nahastu zuen Casas epailearen aurrean. Danborenea bera zazpi urteko kartzela zigorra jaso zuen GALen auziagatik.

Bada, Casasen hilketak lurrikara politiko handia eragin zuen, eta historialari batzuek, Komando Autonomoetako kide ohiek bezala, «mendeku» ekintzatzat jotzen dute Pasaiako badian gertatu zena. Orain, berriz, justiziak zabaldu duen bide berriak argi gehiago eman diezaioke gertakari ilun horri, hilketan zuzenean parte hartu zuten batzuen identifikazioa lortzeko aukera bat baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.