Pablo Alcantara. Historialaria

«Polizia frankista ez zen gai izan gertatzen ari zena ulertzeko»

BPS Brigada Politiko Soziala frankismoko polizia erakundea izan zen, eta disidentzia politikoaren kontra borrokatzea zuen xede; Alcantarak haren jarduera eta kiderik ezagunenen soslaiak aztertu ditu bere liburuan.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Pablo Alcantara historian doktorea da (Aviles, Espainia, 1992), etafrankismoaren errepresioak Madrilen eta Asturiasen izan zuen eragina aztertzen zuen ikerketa bati esker lortu zuen doktoretza. Ikerketa horretan oinarriturik, liburu bat argitaratu du duela gutxi, La secreta de Franco (Francoren Polizia sekretua), Polizia frankistaren BPS Brigada Politiko Soziala aztertzen duena.

Zeintzuk izan ziren BPSren garrantzia eta ezaugarriak?

Brigada Politiko Soziala errepresioaren abangoardia izan zen. Batez ere 1950eko hamarkadatik aurrera; militante antifrankistek errepresioarekin zuten lehen kontaktua izaten zen, eta frankismoaren tresnarik garrantzitsuenetako bat zen. [Manuel] Vazquez Montalban idazleak zioenez, BPSa «frankismoaren guardia pretoriarra» zen.

Noiz eta nola sortu zen?

BPSak baditu aurrekariak Primo de Riveraren diktadurak 1926an sortutako Gizarte Ikerketako Dibisioan, baina nik esango nuke BPSak hautsi egiten duela aurreko polizia erakundeekin. 1941ean Poliziaren Legea onartu zen, eta horren ondorioz sortu ziren Polizia Armatua eta BPSa.

Zure liburuan nabarmentzen duzu BPSa Alemaniako Gestapo Polizia naziaren ereduari jarraituz sortu zela, eta bi erakunde horien arteko harremana oso estua zela.

Hala da. Agintari polizial frankisten eta nazien arteko lehen itunak 1938koak dira, hau da, gerra amaitu aurrekoak, elkarlana sustatu eta Nazioarteko Brigadetan aritzen ziren alemaniarrak atxilotzeko helburuz, eta 1940an Gestapoko buru Heinrich Himmler Espainian egon zen bisita ofizialean. Gestapoko agenteak Espainian egon ziren polizia espainiarrak trebatzen.

Adibidez, Pedro Urraca izan zen [Kataluniako Generalitateko presidente] Lluis Companys atxilotzeko Gestaporekin kolaboratu zuen BPSko kidea. II. Mundu Gerra amaitutakoan, Frantziak heriotza zigorra ezarri zion, eta haren estradizioa eskatu zuen Gestaporekin izan zuen harremana zela eta, baina, bitartean, diktadura frankistak babestu egiten zuen, eta Belgikara bidali zuen oposizioaren kontrako azpilanak egitera. Ikusten dugunez, harreman hori estua eta sendoa izan zen.

Baina, liburuan diozunez, 50eko hamarkadatik aurrera BPSak CIArekin ere izan zuen harremanik.

Eta oso harreman garrantzitsua izan zen. Nik AEBetako artxiboetara jo behar izan dut, eta txosten batzuk aurkitu ditut, baina ziur nago askoz gehiago izan behar direla. Bitxia da: CIA da munduan giza eskubideen urraketa gehien egin dituzten erakundeetako bat eta, hala ere, ez dut arazo handirik izan haien agiriak aztertzeko. Espainian, berriz, ezinezkoa da BPSari buruzko zenbait informazio eskuratzea. BPSak eta CIAk elkarrekin lan egin zuten nazioarteko operazio batzuetan.

Errepresioak bilakaerarik izan zuen frankismoaren 40 urtean?

Ezarri nahi den kontakizunaren arabera, badirudi gerraosteko urteetan errepresioa oso gogorra izan zela eta gero arindu egin zela, baina diktadura errepresioan oinarritu zen beti. Egia da 50eko hamarraldian leundu egin zela, baina ez erregimena leundu zelako, oposizioa suntsituta zegoelako baizik. 60ko hamarkadaren hasieran oposizioa piztu zen, ikasle eta langile mugimendu berriak sortu ziren, Euskal Herrian ere mugimendu sozial berriak agertu ziren, eta, horren aurrean, BPSa eta errepresioa gogor itzuli ziren: hilketak, torturak, epaiketa militarrak, salbuespen egoerak eta abar.

Nolakoa zen BPSaren jokamoldea?

Guztiz basatia. Tortura lanabes arrunta zen: bainuontzia, elektrodoak, jipoiak eta abar. Emakumeei ilea moztea ere: ematen du zigor hori gerraosteko garaikoa dela, baina nik aurkitu dut 1963ko kasu bat, Asturiasen gertatutakoa; Constantina Perez eta Anita Sirgo atxilotu zituzten, eta ilea larru arras moztu zieten. Eta, gero, CIAk eta FBIk emandako laguntzari esker, ikasi zuten tortura psikologikoa existitzen zela, eta horretan ere aritzen ziren: irainak, familiari mehatxuak eta abar. Nik liburuan hainbat tortura testigantza bildu ditut, eta ikara emateko modukoak dira, baina askoz gehiago jaso nitzakeen, makina bat izan zelako.

Baina BPSak ikerketa eta propaganda lana ere egiten zuen, ezta?

Hala da. Torturena da alderik ezagunena, baina, adibidez, 40etako hamarkadan Marxismoaren Kontrako Ikerketen Buletina izeneko agerkari bat argitaratzen zuen, eta han oposizioa osatzen zuten taldeak aztertzen zituzten. Ikerketa eta propaganda lan handia egiten zuen. Badirudi batzuen ustez BPSa euren kasa ibiltzen ziren lau sadiko baino ez zirela, eta, adibidez, hedabide batzuetan Billy el Niño [Antonio Gonzalez Pacheco] inspektoreari buruzko informazioa ematen dutenean irudi hori indartzen da, baina hori guztiz okerra da: ongi egituratutako polizia erakundea zen, torturan ez ezik, ikerketan, propagandan eta behaketan ere aritzen zena.

Nork osatzen zuen BPSa? Zure liburuan soslai batzuk aipatzen dituzu.

Haien jatorria eta ibilbidea askotarikoa zen, baina denek zituzten ezaugarri batzuk: erregimenaren aldeko sutsuak ziren, denek erabiltzen zuten tortura eta abar. Bitxia da ikustea batzuk Errepublikan ere aritu zirela, eta, adibidez, sarituak izan zirela 1934ko iraultzaren kontrako errepresioan jardun zutelako.

BPSaren jarduerak izan zuen ezaugarri berezirik Euskal Herrian?

Euskal Herria BPSren jarduera eremu nagusietako bat izan zen, Madrilekin, Kataluniarekin eta Asturiasekin batera, ETAren eta abertzaletasunaren inguruan mugimendu handia sortu zelako. Nik uste dut BPSa ez zela erakunde petral bat, [Jorge] Semprunek bere memorietan dioen moduan, baina ETAren kasuan eraginkortasun falta handia erakutsi zuen, eta ez zen gauza izan Euskal Herrian gertatzen ari zena ulertzeko. Haien buletinak irakurrita ikusten da hura gutxietsi egin zutela, «lau zoro ameslariren kontua» zelakoan. Baina arazoa eskuetatik joan zitzaien, eta trantsizioan gainez egin zien, ez zirelako gauza izan gertatzen ari ziren aldaketa sozialak atzemateko.

BPSa frankismoarekin batera desagertu zen?

Ofizialki 1978an desagertu zen, baina hango kideek jarraitu egin zuten, eta, gainera, betiko jokabidearekin. Ez zituzten epaitu, Portugalen PIDEko kideekin egin zuten moduan, eta, gainera, batzuk terrorismoaren kontrako borrokan aritu ziren, eskuin muturrarekin harremana izan zuten, adibidez Atocha kaleko abokatuen sarraskian, GALen gerra zikinean aritu ziren, eta hori guztia PSOEren gobernuekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.