ETA. Kanboko topaketa

«Politikoki eta etikoki» ados ez, eta Jaurlaritza ez da izango Kanbon

Erkorekak esan du Jaurlaritzari maiatzaren 4an «beste leku batean» egotea dagokiola. Nafarroako Gobernuak gaur erabakiko du topaketara ordezkaritzarik bidaliko duen

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseilu osteko agerraldian eman zuen erabakiaren berri, atzo. IREKIA.
jon olano
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez die «garrantzirik kendu» nahi ETAren desmobilizazioari eta, horri lotuta, Kanbon (Lapurdi) maiatzaren 4an egingo duten konferentziari, baina Jaurlaritzak ez du parte hartuko topaketa horretan. Uste du bere tokia «beste leku batean» dagoela egun horretan, eta, beraz, ez du ordezkaritzarik bidaliko. Erabakiaren berri atzo eman zuen Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseilu osteko agerraldian. Ez joateko erabakia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hartu zuen, eta, gobernuaren bileran, sailburu guztiek babestu zuten, Erkorekak azaldu zuenez.

Haren hitzetan, Jaurlaritza ez dator bat konferentziari «eman nahi zaion ikuspegi politikoarekin eta etikoarekin». Gainera, azaldu zuenez, ekitaldiaren asmoa da «oraindik edukiz ezezaguna den adierazpen bat» babestea, eta Jaurlaritzak uste du «beharrezko baldintzak» ez direla bete gobernuko ordezkariren bat Kanbon izateko: «Ekitaldi horren edukia eta diseinua itxita dago eta ez da aurrez adostu». Ekitaldian parte hartu ez arren, hari buruzko balorazioa egingo du Jaurlaritzak topaketa amaitu ostean. Erkorekak azpimarratu zuen «auziaren funtsa» dela garrantzitsuena: alegia, «ETAren desegitea iragartzeko formula; ez hainbeste hura lagunduko duen eszenografia».

Foro Sozialeko bozeramaile Agus Hernanek «atsekabea eta errespetua» azaldu zituen Jaurlaritzaren erabakiaren inguruan, eta jakinarazi Kanboko topaketaren antolatzaileek gonbidapena bidali dietela Aieteko konferentzian parte hartu zuten nazioarteko eragile guztiei eta Euskal Herriko «alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialei».

Jaurlaritzak, orduan PSE-EE gobernuan zela, ez zuen parte hartu 2011ko urriaren 17an Donostiako Aieteko jauregian eginiko bake konferentzian. 2016az geroztik EAJ eta PSE daude Jaurlaritzan, baina iazko apirilaren 8an ETAren armagabetzearen harira Baionan eginiko ekitaldi instituzionalean ere ez zen egon Jaurlaritzaren ordezkaririk.

Nafarroako Gobernuak, berriz, oraindik ez du erabaki ordezkaririk bidali duen maiatzaren 4ko ekitaldira. Uxue Barkos lehendakariak atzo jakinarazi zuenez, erabaki hori gobernu kontseiluak hartuko du, gaur. Hala ere, gogorarazi zuen hura buru duen gobernuak ez zuela parte hartu ETAren armagabetzeari buruzko ekitaldi instituzionalean, iazko apirilean: «Garrantzitsuena da desegitea behin betikoa izatea».

Gosari informatibo batean hitzaldia eman zuen Barkosek atzo, Madrilen. Bertan, hizpide izan zuen eragindako kaltea aitortuz ETAk zabaldutako agiria. Barkosentzat «onartezina» da «barka eskea selektiboa» izatea. Joan den ostiralean argitaratutako agirian, ETAk «onartu» egin zuen sortu duen «samin handia»; esan zuen «zinez sentitzen» duela, eta, zehazki, «barkamena» eskatu zien «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei eta haien senideei.

Ordezkaritza «adosten»

Gipuzkoako Aldundiak ez du argitu Kanboko ekitaldian parte hartuko duen. Imanol Lasa bozeramaileak atzo esan zuenez, «administrazioen artean» hitz egiten ari dira «denen artean adosteko zein izan behar den euskal administrazioen ordezkaritza edo zein izan behar den horien rola». Edozein gisaz, Lasak espero du ETA «lehenbailehen desagertzea, eragin duen bakarra oinaze handia» izan delako.

Alderdi politikoei dagokienez, EAJko zuzendaritzak asteleheneko bileran erabaki zuen ordezkaritza bat bidaliko duela Kanboko topaketara, Aieteko 2011ko konferentziara eta iaz Baionara bidali zuen bezala. Hala ere, oraindik alderdiak ez du jaso gonbidapenik ezta topaketari buruzko xehetasunik, eta, beraz, oraingoz ez du zehaztu nola osatuko duen ordezkaritza hori.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ere ez du erabaki, baina Andeka Larrea bozeramaileak azaldu duenez, joateko asmoa dute Baionan armagabetzearen harira eginiko ekitaldiaren tankerakoa bada. Bertan izan ziren Larrea bera eta Pili Zabala legebiltzarkidea. PSE, berriz, gonbidapenaren zain dago erabaki bat hartzeko. Aieten egon zen, baina ez Baionan. EH Bilduren aldetik ordezkaritza zabala espero da, eta ziurra da PP ez dela joango.

Hain justu, ETAren desegiteaz mintzatu zen atzo Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidentea ere. Uste du «bide luzea» egin beharra dagoela oraindik, «ETAk ereindako gorroto hazia desegiteko». Gainera, EAJri eskatu zion «hausnartzeko» Kanbora joateko erabakiaren inguruan: «Ez da zentzuzkoa euskal herritarren ordezkari aske eta demokratek parte hartzea».

Sindikalismoaren alorrean, ELAk ohar baten bidez jakinarazi zuen Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusia maiatzaren 4ko ekitaldian izango dela. LABek ere parte hartzea espero da, eta UGTko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi Raul Arzak azaldu du gonbidapena jasotzeko zain daudela, baina gogorarazi UGT Foro Sozialaren parte dela. Erantzun bera eman du CCOOk.

«Onurarik» ez trukean

ETAren desmobilizazioak espetxe politikan izan dezakeen eraginaz mintzatu zen Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkaria ere. Erakundea desegitearen truke presoei «inolako onura edo induljentzia keinurik» ematearen kontra egin zuen, eta kritikatu ETAk eragindako kalteaz plazaratutako agiria ez dela «osoa»: «Adierazpen hori ez da espero genuena, ez da eska daitekeen barkamen manifestua, eta biktimen artean egiten duen sailkapenak ez du izenik». Erantsi zuen ETAren indarkeriak eragindako «min izugarria» ezin dela «induljentzia espero duen ohartxo batekin kitatu». Beraz, «horrelako ohar baten truke, legea ezarri besterik» ez dago, Abalosen iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.