EHEk politikariek instituzio nagusietan egiten duten hizkuntza erabileraren azterketa egin du, eta datuak kezkagarriak dira oso. «Aztertutako 36 osoko bilkuretan eta 2.000 hitzaldi baino gehiagotan 174 besterik ez dira izan euskaraz egindakoak; instituzio nagusietan euskarazko erabilera %50era ere ez da iristen. Datuak oso esanguratsuak eta kezkagarriak dira», adierazi zuen Lierni Iztueta EHEko kideak.Horrez gain, garbi utzi nahi izan zuten, alderdi politikoek gizartearen gidaritza lana egin behar dutela, gizartearen eredu izan behar dutela. «Politikoek hizkuntz politikaren normalkuntzan zer egingo dute eurek erabiltzen ez badute? Politikariei beraiei dagokie herritarren eskubideak babestea, baina horretarako lehenengo eredua eman behar dute», azaldu zuen Iztuetak.Datuak aztertuta, eta instituzio batetik bestera ezberdintasunak daudela jakin arren, garbi dago leku guzti-guztietan euskara bigarren mailako hizkuntza dela. Maule, Donibane Garazi eta Baionako Herriko Etxeetan, eta Gasteizko Udalean euskararen erabilera %0 da; Donostiako eta Bilboko Udaletan ez da %1era iristen, eta Iruñeko Udalean %4,69 soilik da euskaraz egiten dutenen kopurua. «Datuak nahikoa esanguratsuak dira, azalpenik ez dute behar».
Aurrerapen txikiegiak egin dira
Urko Aierbe EHEko kideak, une batez, 25 urte atzera egin nahi izan zuen. «Orain dela 25 urte, EHE sortu zen garaian, egoera sozial eta politiko berezian zegoen Euskal Herria; alderdiek euskarari ez zioten lehentasunik ematen. Gaur ezin esan daiteke egoera berean gaudenik, baina oraindik euskarari ez zaio behar duen lehentasunik ematen».
Aierberen aburuz, datuak oso onak ez badira ere, 25 urte hauetan egoera aldatu da, euskararen normalizazioan «urratsak» egin dira. «Herri mugimenduen lanak, eta herritarren eskaerak eta presioak izan dira politikariak eta administrazioak neurriak hartzera behartu dituztenak». 25 urteotan egindako lanak fruituak eman baditu ere, EHEko kideak ez daude erabat gustura. «Orain 25 urte gertatzen zen moduan, gaur egun ere politikariek euskarari ez diote lehen mailako garrantzirik ematen. Euren artean euskaraz aritzeko gai ez dira, eta zer sinesgarritasun izango dute euskalduntzeari dagokionean?», galdetu zuten.Datuak esku artean hartuta, politikariei hiru eskaera egin zizkieten EHEko kideek. «Lehenik eta behin, politikariek administrazioak euskalduntzeko borondatea erakutsi behar dute; bestetik, administrazioak euskalduntzeko neurri politiko eta instituzionalak hartu behar dituzte; azkenik, inplikaturiko agente eta pertsona guztien parte hartzearekin, normalizazio egitasmo eraginkorrak bultzatu behar dituzte».
-
EKIMENAK
Akordio Soziopolitikoa, lehen urratsa
EHEko kideek atzo euskararen erabilera aztertuta kezka agertu bazuten ere, herenegun hainbat alderdi politikok eta sindikatuk sinatu zuten Akordio Soziopolitikoa «lehen urratsa» dela adierazi zuten. «Euskararen normalizazioa sustatzeko harturiko konpromisoak hemen azaldutako datu eta egoera iraultzeko abiapuntu izan behar du».
Egindako urratsari jarraituz, EHEk zenbait ekimen egingo ditu datozen egunetan. «Bihar, esaterako, Bilboko Udalaren aurrean, arratsaldeko zazpietan, elkarretaratzea egingo dugu. Datuak biltzen dituen esku orria ere argitaratu dugu, eta bihar bertan banatuko dugu. Bide batez, herritarrak ekimen hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu», eman zuten aditzera.