Politikaren beste ikuspegi bat

«Lasaiago» bizi da orain Juan Karlos Izagirre. 2011n Donostiako alkate aukeratu, Bilduk aurkeztuta, eta atsedenik gabeko eta presio handiko lau urte izan zituen. Baina gustura dago, politika egiteko moduez arrastoa utzi zutelakoan. Gaur gauerdian ez du igoko bandera San Sebastian bezperan.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, joan den abenduan, Igeldon, bere baserriko atarian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Igeldo
2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako alkate bazara, zer izango da egingo duzun lehen gauza?», galdetu zioten Juan Karlos Izagirreri (Bildu) Euskadi Irratian, 2011ko udal hauteskundeen kanpainan. «Kaian sagardo pixka bat edango dut, sardina batzuk janez, barrikotea antolatu dutelako ekainaren 11rako»; hau da, alkatearen izendapenaren udalbatzar egunerako. Alkate izendatu zuten Izagirre (Igeldo, 1963), eta, «normaltasun osoz», portura joan zen, sagardoa edatera eta sardinak jatera, udaletxe atarian jende askoren zorionak jaso ostean. Ordukoxea da haren lehen erabakia: «Udaletxetik irtetean, udaltzainak ondoan nituen, eta esan nien Juan Karlos izaten segitzen nuela, joateko lasai, ez nuela laguntza beharrik. Haiek erenabarituko zuten aldaketa».

Eta Izagirrek berak, iazko ekainean alkatetza galtzean, aldaketa sentsazio handirik? Ezetz dio. «Jakin egin behar da galtzen; osasunerako ona da. Nik uste Odon Elorzak ez zuela jakin izan [1991-2011n Donostiako alkate; PSE-EE]. Dena dela, hasieran neure artean banioen ea hutsunerik sentituko nuen alkate ez izanda. Ez dut sentitu; ederki nago». Zoriondu zuen Eneko Goia (EAJ) irabazlea—eta egungo alkatea—, eta udala utzi zuen. «Emaitzek mezu argi bat utzi zuten. Udala uztea erabaki nuen, ondorioztatu nuelako kanpotik ekarpen hobea egin diezaiokedala EH Bilduren proiektuari». Joan den uztailaren 1ean ekin zion bere betiko lanari: mediku aritzeari. Aitortu du «beste erritmo batean» bizi dela orain, «lasaiago». «Inoren ordezkari izan gabe» ari da BERRIArekin hizketan, Igeldoko bere baserriko txabolan. Hantxe egon zen iaz Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiarekin eta haren emaztearekin, bazkari pasada bat egiten.

Ezker abertzalea legez kanporatzeagatik donostiar ugari udal hautagaitzan ezin zirelako aurkeztu eman zuen pausoa Izagirrek 2011n, eta «ustekabean» irabazi zuen Bilduk; «oposizioko lehen indarra izateko mentalizatuta geunden». Iluntze hartan Bildukoak ospakizunetan zirela, Izagirrek bazuen arrangurarik, jakitun zelako alkate izanda bizitza aldatuko zitzaiola; «bertigo puntu bat» sentitu zuen. Hautatu zuten alkate, hartu zuen aginte makila, eta Jon Maiak atonduriko Habanera bat kantatu zuen osoko bilkuran. «Barkatu atrebentzia ez bagara formal ari», lehen puntuan. «Ez nien erreparatu Gascoren-eta aurpegiei. Nahiko lan banuen neuk». Bukaera: «Portu bat jarri diogu guztion esperantzari».

Tupust egin zuen guztion esperantza hartan. Beste udal taldeek ez zuten ikuspegi politiko bera. Bildurentzat lehen ezintasun unea hautetsien soldata erabakitzean heldu zen: alkatearen soldata —gordinean urtean 80.000 eurokoa— laurden bat jaisteko proposamena egin zuen Izagirrek bozeramaileen batzordeko aurreneko bileran. Ezezkoarekin atera zen. «Oposizioa aurka atera zen, eta ohartarazi ziguten gu lehen egunetik koskabiloak ukitzen hastea bakarrik falta zitzaiela. Horrelaxe bota ziguten, gordin-gordin».

Gutxiengoan zen Bildu; 27 hautetsietatik, zortzi. Izagirrek kontatzen du aurreikusi zutela zer ardura eta zer lan karga zetorkien, baita zer zetorkien ere. Ardura eta lan handia izan zuten, baita oposizio handia ere, «baina ez udal taldeena bakarrik, botere faktiko batzuena ere bai. Ohartu ziren Bilduren estiloak funtzionatzen zuela Donostian ere, eta erabaki zuten moztu egin behar zela. Erabili zituzten moduak erabili zituzten».

PSE-EEk eta PPk inbestiduran ez zuten nahi alkatea hura izaterik, baina ez zeukaten gehiengo osorik. EAJk zeukan giltza; abstenitu egin zen. Izagirre alkate.Haren iritzian, jeltzaleek orduko testuinguru politikoan oso zaila zuten Bilduri alkatetza hartzea eragoztea, PSEri emateko, «eta betikoa egin zuen: beretzako onena zer zen kalkulatzea, botereko alderdi modura funtzionatzen baitu. Beraz, Bilduri utzi zion gobernatzen, eta bere artean zioen, nire ustez: 'Hauek ez dute gaitasunik gobernatzeko, baina ez badira erortzen, desgaste prozesu bat izango dute, gure mesederako'».

«Joko zikina» politikan

Udalean aliaturik gabe jardun zuen Izagirrek eta, gainera, politikan «joko zikinarekin» topatu zen. Jende askok esaten zion «inozenteegia» dela politikarako, ezin zela horrela aritu. «Baina ni horrelakoa naiz: denei on egitera joaten naiz; agian, medikua naizelako izango da... Politikan, ordea, bakoitzak bere interesei begira jokatzen du, interes orokorra lehenetsi gabe. Bildu ez zen hala aritu, garbi jokatu zuen. Baten batek esaten badit besteen modura aritu ginela, haserretu egiten naiz. Betiko politikariek esaten zidatenean 'hau baita politika', haserretu egiten nintzen, eta erantzuten nien: 'Ez. Zuen politika da horrelakoa. Gurea alderantzizkoa da'».

Donostiako alkate ohiak dio beretzat garrantzitsuena herritarren onerako diren gauzak egitea dela, ez zeinek egiten dituen, «baina politikari batzuentzat badirudi tantoa bereganatzea dela garrantzia duena». Dio askotan gertatzen zitzaiela: joan batzorde bateko bilerara, beste udal taldeekin adostu gauzak, baina gero, beste bozeramaileak hedabideen aurrera ateratzen ziren esanez ez zegoela adostasunik eta Bilduk halako egin beharko lukeela. «Zenbat oztopo izan genituen... Lau urte haietan askotan saiatu ziren guri gauza onak egiten ez uzten; baita lortu ere». Adibiderik «nabarmenena», haren aburuz, Donostia 2016ko egitasmoa izan zen. «Eskandalu bat», txarretsi du. «Nazioartera joan, eta esaten ziguten ondo ari ginela lanean, baina etortzen ginen, oposiziokoen-eta adierazpenak entzun eta ematen zuen dena aldrebes ari ginela egiten. Emazteari galdetzen nion ea hain baldarra naizen». Oposiziokoekin tratu pertsonala zeukan, eta aipatzen zien ez zuela ulertzen zergatik zuten Bildurekiko horrelako «jarrera bortitza». «Hauteskundeetako emaitzengatik Goia zoriondu nuenean, esan nion gure kontrako halako jarrerarik izan gabe ere euren diskurtso politikoarekin igual-igual irabaziko zutela agian».

Proiektu politikoari eusteko asmoz, murriztu zitekeen gastu publiko mota bat murriztea zen Bilduren udal gobernuaren xedeetako bat. «Krisi bete-betean heldu ginen gu, eta zaila zegoen kontua, baina...». Donostiako Udalak 2011 hartan aurrekontuetan 304 milioi euroren sarrerak aurreikusi zituen—2010ean, 380koak—, eta 2012an, Izagirrek-eta prestaturiko lehendabiziko aurrekontuetan, 286koak. «Hasteko, azaleko gastu batzuk kentzen hasi ginen; bidaiak, dietak eta halakoak. Segituan, urte baterako bi milioi euro aurreztu genituen, aurreko kopuruaren erdia». Diru publikoarekin bidaiak egin behar baziren, «dudarik gabe, merkeenak» hartzen zituzten. Izagirreren kolaboratzaile batek dio behin hiru laguneko udal ordezkaritza bat Hiroshimara (Japonia) joan zela eta bidaia zazpi mila euro kostatu zela. Izagirrek dio jatetxeetako arduradunek ere nabaritu zutela aldaketarik: «Bazkariak, ofizialak ez zirenak, bakoitzak bere poltsikotik ordaintzen genituen, eta jatetxekoak harrituta geratzen ziren gurekin, faktura ez genielako eskatzen».

Auto ofiziala, «behar-beharrezko» kasuetan erabiltzen zuen. Bestela, ia beti, motoa, baita Jaurlaritzako lehendakariarekin hitzordua bazuen ere. Justu ibili zen egun batean: lehendakariak Miramarren uda bukaerako bilkura zuela-eta Izagirrek harrera egin behar zion, eta motoan joan zen, baina ertzainek ez zioten utzi pasatzen, kaskoarekin ez baitzuten ezagutu, eta alkateak lehendakaria autoan atzean zeukan; ozta-ozta iritsi zen hura baino lehenago.

Aitortu du: protokolo kontuetan ez ziren iaioenak. Behin, Donostia 2016ko proiektua dela-eta Madrilera joan zen Espainiako ministro batekin hitz egitera, baita sandaliekin eta manga motzean joan ere. «Batzuei ez zitzaien gustatu. Baina kalean 40 gradu egiten zuen!». Lehen jaka ezkondu zenean erosi zuen; hurrengoa, alkatetzara heltzean; orain baditubatzuk armairuan. Nahiago zuen beste klase bateko harremana. «Jendea hartzen nuenean, askotan Parte Zaharrera joaten ginen trago bat hartzera. Jendea horrela, natural, hobeto ezagutzen duzu».

«Herritar xumeak» ziren harentzat lehentasun, «ez eragile boteretsuak», solasaldian behin baino gehiagotan aitatu duenez. «Adibidez, udaletxean ate-joka ari direla militarrak gauza bat eskatzeko? Ilarara. Finantza erakundeak ate-joka zirela? Haiek ere, ilarara. Bulegoetan nahiago genituen herritarrak, banketxeak-eta baino». Finantza entitateak ere hartzen zituen, baina «amen» egin gabe. «Batzuk ohituta zeuden udaletxera joan eta nahi zutena egitera, botere bat dutelako. Gurekin ez zen horrela gertatzen». Behin finantza entitate bateko arduradunak joan zitzaizkion Izagirreri, etxe berri batzuen proiektuaz eskaera bat egitera: babes ofizial modura tasatuta zeuden etxeak libre jartzea nahi zuten, krisian etekinak izate aldera, baina alkateak erantzun zien beharra herritarrek zutela benetan eta han babes ofizialeko etxeak egingo zirela, eta finantza entitateak ez bazituen egingo etxeak, udalak egingo zituela, baina emateko mailegu bat. «Ez ziguten eman!». Udalak lortu zuen babes ofizialeko etxeak egiten hastea. «Hipokrisi handia dago».

Udal kudeaketan, «ondo»

Krisi ekonomikoan politika sozialei —etxez etxeko langileen baldintzak, etxegabetzerik ez, etorkinen integrazioa...— eta zerbitzu publikoei eutsi izanaz harro dago. «Indartu ere egin genituen». Udal langileekin itunak egiteaz ere kontent da. «Udal teknikariek aitortu digute ondo kudeatu genuela, eta udala hobeto utzi genuela».

Bakearen alde jarritako aleaz ere gustura da. Aieteko Konferentzia historikoan «anfitrioi» aritzea egokitu zitzaion. «Alkateen nazioarteko topaketa bat ere antolatu genuen. Bakegintzan erreferente bihurtu gara, eta toki askotatik deitu ziguten azalpenak emateko». Halaber, Tabakalera Egia auzoko proiektu gisa txertatzeko egindako lana du beste ekinbide inportante baten moduan. Euskararen aldeko udal politika ere bai; «udaletxeko bilera asko eta asko euskaraz egitea lortu genuen. Tartean jende erdalduna zegoenean, udaletxeko itzultzaileak azkenerako euskaratik gaztelaniara itzultzen hasi ziren dokumentuak-eta; hura bai berritasuna».

Eta, dioenez, ezin aipatzeke utzi parte hartzea, Bilduren «ikur nagusietako bat». Adibide praktiko bat jarri nahi izan du: Martuteneko-eta uholdeak. «Alkatetzara heldu eta bost hilabetera izan ziren. Gogorra zen egoera: jendea etxerik, autorik edo negoziorik gabe. Lehen egunean bertan joan ginen Martutenera, eta laurehun bat laguneko bilera batean hartu genuen parte. Denei esan nien: 'Konpromisoa dugu arazo hau lehentasun modura hartzeko, eta aterako dugu aurrera, baina zuekin aterako dugu, zuek ere erabakiguneetan egonda'. Eta hala egon ziren. Egiteko bi gauza garrantzitsu zeuden: larrialdi plana hobetzea zen bat, eta auzokoek haren informazio osoa izatea; eta bestea, uholdeei konponbidea topatzea, zubiak aldatuz, ibaia zabalduz... Larrialdi planeko batzordean udal eragileak zeuden batik bat, eta haien artean sartu genituen auzotarrak, lehen aldiz. Obretan, Espainiako Gobernuak bazuen zeresana, Jaurlaritzak eta aldundiak ere bai, baina auzotarrak ere sartu genituen batzordean, botoa eta guzti». Izagirre Martutenegatik busti da pankarta jarri zuten kanpainan.

Donostia «orekatuagoa» egitea zen Bilduren helburua; kasurako, udala ez egotea horrenbeste Kontxari begira, eta auzoak ere kontuan hartzea. Datu bat nabarmendu du Izagirrek: urtean auzoetan berrehun bileratik gora egiten zituen gobernuak. «Gu ez gindoazen argazkiaren bila». Dena dela, parte hartzeari buruzkoa da hark egiten duen autokritika nagusia. «Eredua ez genuen nahi bezainbeste finkatu eta garatu. Indar handiagoa egin behar genuen».

Herritarrak kontuan «ikaragarri» hartu arren, herritarrek kendu zuten hura alkatetzatik, Goia jartzeko. EH Bilduk hirugarren bukatu zuen, EAJ irabazlearengandik 8.500 boto pasara. Alkate berriari ari zaizkio tokatzen bateko eta besteko inaugurazioak. «Ez dit axola», dio Izagirrek. «Garrantzitsuena gauzak ondo egitea da, ez zeinek inauguratzen dituen. Gure garaian oinarri handiak jarri genituen proiektu berri hauetan».

Errespetua eta gorrotoa

Bukatu zuen Izagirrek udaleko eginkizuna, eta mediku lanetan da berriro. Gustura dago egindakoaz, politika ereduaz arrastoa utzi duelakoan. «Jendearen aldetik errespetatua sentitu izan naiz. Baina gorrotoa ere badigute batzuek, eta bihotzean badut arantza hori». Alkatetza utzi berritan hedabide handi bateko zuzendariaren mezu elektroniko bat jaso zuen, estimu handitan zutela-eta esanez. «Protokolo kontuak izango ziren...», adierazi du Izagirrek. Beste kazetari batek berriki galdetu zion ea zer moduz den, eta erantzun zion «oso pozik» dagoela, «Donostia eder-ederra» ikusten duelako, «zikinkeriarik gabe eta».

Biharkoa egun berezia da Donostian, San Sebastian festa izanik, eta Izagirre aurten gauerdian ez da bandera igotzen izango Konstituzio plazako liburutegiko balkoian. «Ez dut penarik. Beti esan izan dut nahiago dudala behean egon, goian baino». Gainera, gaur gauean guardia lana izango du Errenteriako osasun etxean. «Nola edo hala, baina joko dugu danborra». Azken ohar bat egin du: Bilduren garaian atera zutela berriro ikurrina bandera igotzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.