Arkaitz Fullaondo. Ikuspegiko ikertzailea

«Politikak behar dira kolektibo batzuekiko sentsibilizazioa indartzeko»

LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
edurne begiristain
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek begi onez ikusten dute gizartearen «aniztasun etno-kulturala», eta horregatik erakusten dute jarrera «toleranteagoa» immigrazioarekin, Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikertzaileak dioenez. Hala ere, ohartarazi du kolektibo batzuen gaineko «mesfidantza» handia dela oraindik ere.

Jatorri atzerritarra duten pertsonekiko tolerantzia indizea inoizko altuena dela ondorioztatu duzue. Azken urteotako joera egonkortuz doa?

Bai, joera argi bat dago, eta ez da koiunturala. Immigrazioak sortzen duen aniztasun horrekiko tolerantzia gero eta handiagoa da. Eta esango nuke joera hori sendotu dela euskal gizartea onartzen hasi delako aniztasun etno-kulturala euskal gizartearen beste ezaugarri bat dela. Hori onartzen den heinean, errealitate horrek gero eta babes zabalagoa izango du gizartean.

COVID-19aren pandemiaren krisiak ez du eraginik izan immigranteekiko pertzepzio eta jarreretan?

Aurreko krisialdiarekin alderatzen badugu, oso alde nabaria dago. Krisi hau oso ezberdina da 2008ko krisiarekin alderatuta, eta emaitzetan isla du horrek. Krisi hau sanitarioa izan da, baina sistemikoa ere izan da, krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioa izan delako, arlo asko ukitu dituelako. Eta euskal gizarteak ez du loturarik egin krisi honen ondorioen eta immigrazioaren artean. Aurreko krisian, ordea, lotura hori egin zuen. Krisi hura bereziki ekonomikoa izan zen, eta austeritate politikak ezarri ziren, eta arazoak sortu ziren lana lortzeko edota dirulaguntzak jasotzeko. Horrek lehiakortasun soziala sorrarazi zuen. Egungo krisian, ordea, ez da oraindik austeritate politikarik ezarri, eta, ondorioz, gizarteak ez du immigrazioa arazo gisa ikusten.

Aldagai onak egonkortu dira, baina beste batzuk, berriz, ez dira hobetu. Adibidez, kolektibo jakin batzuen estigmatizazioak bere horretan jarraitzen du.

Fenomeno batzuk egonkortzen ari dira: orokorrean aniztasunarekiko tolerantzia handiagoa du gizarteak, baina beste aldean, letra txikira jotzen badugu, ikusiko dugu badirela estigmatizatuta dauden kolektibo batzuk. Estigmatizazio hori egonkortzen hasi da, gainera. Hala nola gizartean mesfidantza handia dago islamarekiko, kultura musulmanarekin lotutako jatorriarekiko, eta jatorri errumaniarra dutenekiko. Gure kulturarekin eta erlijioarekin alde handiagoa duten horiekiko enpatia apalagoa dugu. Hori egonkortzen ari da.

Aniztasun politikak beharrezkoak dira joera hori aldatzeko?

Kolektibo zehatz batzuekiko sentsibilizazioa indartzeko politikak behar dira diskriminazioari aurre egiteko. Baina klase dimentsioa ere aintzat hartu behar da: jatorri atzerritarra duen populazioa, oro har, egoera prekarioan dago. Normalean, sinpatia handiagoa dugu klase ekonomiko hobea dutenekin, baliabide ekonomiko apalagoak dituztenekin baino. Kohesio soziala beharrezkoa da kolektibo hauek bizi duten prekaritate sozialari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.