Politikagintzan «gizalegez» aritzeko dekalogo bat proposatu die Pradalesek alderdiei

Dokumentua Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko du, alderdiek «eztabaidatu, osatu eta aberastu» dezaten. Jardun politikoan aritzeko «gutxienekoak» zehazten ditu proposamenak.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Donostiako Miramar jauregian. JUAN HERRERO/EFE
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Donostiako Miramar jauregian. JUAN HERRERO/EFE
aitor biain
2024ko abuztuaren 29a
12:45
Entzun

Ezberdinen arteko akordio zabalak josiz hasi nahi du Imanol Pradalesek bere agintaldia. Bi «herri itun» adostea izango du lehentasuna: Osakidetzaren aldekoa eta politikagintzan «gizalegez» aritzekoa. Bereziki bigarrenaren inguruko xehetasunak eman ditu gaur. Lehendakariak hamar puntuko dokumentu bat proposatu die alderdiei, politikagintzako «praktika txarrei atea itxi» eta muturreko jarrera totalitarioei «harresi sendo bat» eraikitzeko. Bere nahia da Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta adostea. Adierazpena «adostasun handiz» onartzeko aukera baduela uste du, alderdiek uztailean esandakoaren arabera.

Ohitura duen legez, Donostiako Miramar jauregian eman dio hasiera urte politikoari Eusko Jaurlaritzak. Urtearena ez, ia-ia legealdiarena ere ezarri du gobernu bilerak, argazki berritua utzi baitu. Gobernu kontseiluaren aurretik, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakariak eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak, eta Nekane Arzallus Donostiako udaleko zinegotziak harrera egin diete Pradalesi eta sailburuei. Bileraren ostean, komunikabideen aurrean azaldu da lehendakaria, eta ordu erdi inguru aritu da kazetarien galderak erantzuten.

Abuztuko etenaren aurretik alderdi politikoekin eta eragileekin izandako bileretan iragarritakoa zertxobait garatu du Pradalesek; ez gehiegi, halere. Azaldu du etika itunaren helburua dela politikagintzan «gero eta sarriago ikusten diren praktika txarrei atea ixtea». Izan ere, haren hitzetan, politikaren sinesgarritasunari eta prestigioari eragiten dio horrek, eta «populismoa, demagogia eta muturreko jarrerak» indartzea dakar, demokrazia «arriskuan» jartzeraino. «Gizartea nekatuta dago krispazioarekin, polarizazioekin, deskalifikazioekin, irainekin eta liskarrekin».

Horri aurre egiteko bi aukera daudela esan du lehendakariak: alde batera begiratu edo aurre egin. Bigarrenari heldu nahi dio berak: «Gure esku dago hori galgatzea». Dekalogo batekin egin nahi du hori, hamar puntutan laburbiltzen baita alderdiei proposatu dien ituna. Jardun politikoan «gutxienekoak» izan beharko liratekeenak jasotzen ditu dokumentuak, hala nola «desberdin pentsatzen duena errespetatzea; guztien ongia bilatzea; elkarguneak aztertzea; gizarte zibila errespetatzea eta norbere alderdien intereserako ez erabiltzea; demagogia, manipulazioa eta albiste faltsuak baztertzea; ordezkari publikoen aurkako erasoak arbuiatzea; eta komunikabideen autonomia errespetatzea».

Lehendakariaren helburua da ituna Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea, alderdiek «osatu eta aberastu» dezaten. Haien esku utzi du jada dokumentu hori, hain zuzen, eta iragarri du gaur bertan aurkeztuko duela Gasteizko ganberan. Alderdi politikoei ekarpenak egiteko eskatu die, haren proposamena ez baita «testu itxia». «Euskadin harresi sendoa eraiki nahi dugu, gure herrian demokrazia indartzen sakontzen eta hobetzen jarraitu nahi dugulako».

Pradalesek azpimarratu du bere itunak ez duela ordezkatu nahi Espainian Pedro Sanchez gobernuburuak sustatu nahi duena, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada lehendik eraikita dagoena «sendotu» baizik. Eta azpimarratu du jardun politikora mugatzen dela soilik, jarrera «eredugarriak» zein izan beharko liratekeen zehazten duelako. Hala ere, ez du baztertu beste eragile batzuk ere itunera batzea; komunikabideak, esate baterako.

Dekalogoa

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurkeztutako Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna dekalogo batek osatzen du:

 

  1. «Ongi komuna lehenestea». Herritarren ongizatea «bestelako interes politiko, ekonomiko edo partikularren» gainetik jartzea.

  2. «Pertsona oro errespetatzea». Denak entzun eta horiek esanak kontuan hartzea, eta herritarrei kontu ematea.

  3. «Eztabaida publikoa zabaltzea». Ikuspegien «aniztasunari» balioa ematea, giza eskubideekiko errespetuan.

  4. «Adostasuneko guneak aurkitzeko jarrera». Interes orokorreko gaietan «elkarrizketa eraikitzailea lehenestea».

  5. «Interes partidista saihestea». Gainerako eragileekin elkarlanean aritzea, «ahalik eta inpartzialena izanik».

  6. «Erakundeak aitortzea». Euskal Herriko erakundeen autonomia eta eskumenak errespetatzea.

  7. «Komunikabideen gizarte funtzioa aitortzea». Hedabideen autonomia errespetatzea, «haien jardunean bortxarik edo esku hartzerik gabe».

  8. «Herri ordezkariak errespetatzea eta babestea». Ordezkari publikoen «intimitaterako eskubidea» errespetatzea eta erasoak «gaitzestea».

  9. «Desinformazioa ez elikatzea». Errespetuz aritzea komunikazio arloan, «datuen erabilera partzial eta interesatuak» egin gabe.

  10. «Zintzotasunez aritzea». Jarduera politikoan «azpijoko, tranpa edo bestelako trikimailurik» ez erabiltzea, eta «jarrera eraikitzailea» izatea.

Osakidetza

Osakidetzako herri itunaz ere izan du hizpide. Gogorarazi du datorren astean hasiko duela «bidea», ostegunean, irailaren 5ean, eratuko baita eragile guztiak batuko dituen mahaia. Bilera horretan Alberto Martinezek lehen dokumentu bat aurkeztuko duela iragarri du, osasun sistemari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko baliagarri izan nahi duena. «Bakoitzak ekarpenak egiteko aukera izango du, eta pausoz pauso joango gara. Sei hilabeteko epea jarri dugu itun hori lantzeko», esan du, eta nabarmendu «modu eraikitzailean» lortzea duela. Berretsi du Osakidetza dela Jaurlaritzaren lehentasun nagusia, etxebizitzarekin batera. Eta esan du legealdia hasi zenetik horiei begira aritu direla lanean.

Oposizioari eskatu dio, bada, modu eraikitzailean jarduteko, baita Osakidetzari dagokionez ere. Izan ere, EH Bilduk Martinezen agerraldia eskatu du asteon Eusko Legebiltzarrean, joan den asteburuan Laudioko bizilagun baten heriotzari lotuta larrialdi zerbitzuei buruzko azalpenak emateko. Eta hor jarrera aldaketa bat sumatu du Pradalesek, koalizio abertzaleak iragarri baitzuen ehun eguneko kortesiazko tartea emango ziola Jaurlaritzari eta Osakidetzaren gaia aurrekontuen eztabaidatik aterako zuela. «Jaurlaritzak ez zuen ehun eguneko tarterik eskatu», azpimarratu du, «baina hitzak gauza bat dira, eta ekintzak beste bat».

Denbora eskatu du, aldiz, estatutu berri bat adosteko. Pradalesek gogorarazi du EAJk bere gain hartu zuela negoziazioaren gidaritza, eta alderdiekin bilera sorta bat iragarri. Bada, elkarrizketa horiek egiteko tartea eskatu du: «ikusiko dugu zer dakarren». Jaurlaritzak negoziazio hori babestuko duela esan du, gogorarazi bere lehentasuna Gernikako Estatutua osatzea dela.

Horri lotuta, esan du Sanchezek hitza eman ziola transferentzien bitariko mahaia urrian aktibatzeko. Oraingoz egun jakinik ez badu ere, lehendakariak espero du bileran falta diren 29 eskumenetako batzuk eskualdatzeko akordioa ixtea. Bereziki negoziazioak «aurreratuen dituztenak» aipatu ditu: atzerritarrentzako lan baimenena, itsas salbamenduarena, meteorologiarena, laneko segurtasun eta osasunarena, eta zinematografia babesteko funtsarena.

Migrazio politika

Beste gai batzuei buruz ere jardun du lehendakariak. Kazetarien galderei erantzunez, migrazio politika izan du ahotan, esaterako. Pradalesek esan du «sorpresaz» hartu duela Sanchezen «migrazio zirkularra» sustatzeko proposamena. «Ematen du aldaketa bat egon daitekeela migrazio politiketan, baina zuhurtziaz jokatu behar da. Gai korapilatsua da eta momentuz informazio gutxi daukagu Sanchezen asmoen berri», esan du.

Hala ere, aurreko legealdian Eusko Legebiltzarrean onartu zen migrazio ituna nabarmendu du. Pradalesek gogorarazi du PP ez beste alderdi guztiek sinatu zutela, eta bere gobernuaren bide orria horri atxikita dagoela. «Jaurlaritzaren zeregina orduan hartu ziren konpromisoetara mugatzen da. Baina ikusiko dugu Sanchezen proposamenak nola eragin dezakeen».

Irakurri hemen dokumentu osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.