Euskal Elkargoaren urteurrena. Arloz arlo. Mixel Etxebest. Ekonomia sailburua

«Politika trenkatzen bada, hari gorria gutxienez izanen da»

Joanes Etxebarria.
Maule
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ekonomia sailburua da Mauleko auzapeza. Dioenaz, barnealdeko eta Zuberoako ikuspegia eraman nahi du Baionara. Laborantza eskumenari garrantzi berezia eman dio, lehentasun batzuk ikusten baititu eremu horretan.

Zertan da ekonomia saila?

Lehenik, sail alimala da: ekonomiak kontuan hartzen ditu enpresa eta lurralde ekonomikoak, industriekin eta beste, baina gehitzen dugu turismoa, goi mailako irakaskuntza eta ikerketak, eta berrikuntza da laborantza ere gehitzen dugula. Urtea iragan dugu beste eskumenetan bezala, ahal bezala. Antolatu behar zen; orain badugu taldea, egituratuak gara. Orain, gure egitasmo politikoa asmatzea, eztabaidatzea eta izkiriatzea gelditzen zaigu. Badira gizarte arloko sailak —zerbitzuak oro...—, baina bada geroari so den ekonomia ere, eta hor aiduru gara zerbait politika sor dadin. Nik bi gai baditut barnealdetik ikusirik: bat laborantza da, ea badenez egiazki nahikundea etxea eraikitzeko gutxienez lurrik ez dadin gasta edo jan. Hori igorriko dudan mezu bat da. Nahi badugu erran gure herrialdean laborantza azpiegitura gisa ikusten den sail bat dela, behar dira mezuak gisa horretan igorri. Bada urtea sartu garela jantzi berri batean, eta hautetsi oroek, ipar euskal herritar oroek ere ez dut uste ontsa konprenitzen dutenik zer den gure perimetro berri hori, gure jantzi berri hori. Gure elkargoa da Frantzia mailan laborari gehien duena. Ardura handia da, baina xantza alimala ere bai. Beharbada, bada bide bat laborantzan bermatzeko geroa; zergatik ez?

Ekonomia gerra bat dela erran izan duzu. Barnealdeko hautetsien ideiak defendatzeko indar harremanak ba ote dira?

Gerra zen hamar ginelarik eta bereiziak ginelarik; orain, denak bat gara. Ez da gerra, ez. Orain, mahai inguru berean gara denak, lehengo handiak eta lehengo txikiak, oro bat. Uste dut ez duela hautetsi bakar batek ere bere baitan pentsatzen ahal gure lurraldearen zati bat edo zati batzuk ahuldu daitezkeela, desagertu daitezkeela. Gure ibarrek —Zuberoa, Oztibarre, Hergarai, Baigorri eta Aldude— jendea galtzen dute, laurek. Nik hori esplikatzen dut, eta azkenean erraten dut ez daitezela lotsatu problematika horrekin, zeren 310.000 biztanleren artean —Ipar Euskal Herrian— lau ibar horietan orotara 16 edo 17.000 biztanle baitira. Egia da Zuberoaren garapena ez dugula ber gisan ikusten orain: gure muga ez da gehiago sosetan; ideietan da.

Markatu ote dituzue lehentasun argi batzuk?

Oraino ez. Ikusten da, halere, gure lurraldea nola zatitua den: badira aberatsak, eta han da dinamika azkarrena. Baiona inguruko ekonomia teknikarien ardura bakarra lantegi handiak ziren; lantegi txikiak, ez. Hemen banaka-banaka ustiatzen ditugu, ea lantegia nola doan eta batzuetan pertsona bera osagarriz nola den... inportantea baita gure barnealdearentzat. Biltzen garenean, ikusten da badela batasun bat, baina hor ez gaudela denak hein berean eta zonbaitzuk lagundu beharko direla.

Duzuen lege esparruak mugatuko zaituzte?

Gure aitzinkontua ikusi behar da, ikusteko zeintzuk diren gure ahalak. Baina mugak uste dut gehiago jendeetan eta gure asmakizun edo ametsetan izanen direla. Artean politika trenkatzen bada, hari gorria gutxienez izanen da.

Egitura anitz badira laborantzan, adibidez. Hori arazo bat da?

Badira anitz, denak doblean dira kasik, baina elkargoaren lana da guztien gainetik izatea eta ikustea. Hor tresna bat sortzen ari gara; badira hilabeteak erraten ari naizela tresna bat izanen zela eta ez bi; bi izanez gero, bat lagundua izanen zela eta bestea ez.

Zuzen zertaz mintzo zara?

Laborantza tresnez. Lurraldeak behar dituen tresna batzuk ez ditugu doblean ezarriko. Eztabaida politikoa edo sindikala bada bi sindikaturen artean. Guk lurraldetik ikusten dugu laborantzaren problematika. Bi sindikatuek sindikalki so egiten dute, laborari bakoitzarengana doaz; gu, lurraldera oro har. Lurraldeak politika bat egin nahi badu, erranen du zer bidetara joanen den, baina ez du hautatuko sindikatu bat edo bestea; erranen dugu zer motatako laborantza, zer motatako ekoizpenak nahi ditugun. Badira bilgune anitz, ideia berdintsu anitz, eta sinesten dut badela zerbait egiteko.

Lurren salmenta aipatu duzu. Berriki Kanboko hirigintza plana berrikustearen alde bozkatu zen, eta bertan laborantzako lurrak eraikuntzarako erabiltzea pentsatzen da.

Bai, ahal dira so egiten bi hektarea hor eta beste hiru han, baina kontua da zer politika nahi dugun. Lehenik politika sortu behar da; urte batez ez da hori egin. Baina presioa bada. Eztabaida bada, eta egun batez beharko da trenkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.