Politika publiko «ausartak» eskatu dituzte eragileek Euskararen Egunean

Pradalesek esan du «jauzi kualitatibo bat» egin behar dela euskararen arloan. EH Bilduk eta EH Baik, berriz, azpimarratu dute «indartze aro bati» ekiteko garaia dela.

Pradales, gaur arratsaldeko ekitaldian, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Pradales, gaur arratsaldeko ekitaldian, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jone Bastida Alzuru - Arantxa Iraola
2024ko abenduaren 3a
11:30
Entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hori probestuta, hizkuntzaren inguruko aldarrikapenak, adierazpenak eta diagnostikoak egin dituzte hainbat alderdi, sindikatu eta erakundek. Ekitaldi ugari ere egin dituzte, eta adierazpen instituzionalak plazaratu. Mezu hainbatetan, politika publiko «ausarten» eskea egin dute. 

Arratsaldean egin du Eusko Jaurlaritzak ekitaldi nagusia, Bilbon, Bizkaia aretoan. Imanol Pradales lehendakariak adierazi du euskararen arloan «jauzi kualitatibo bat» egin behar dela. Propio omendu dituzte ekitaldian euskararen aldeko lan «boluntarioa» egin duten pertsonak, haien hatsa ezinbestekoa izan baita hizkuntzaren biziberritzean. Bat, bi...ehun. Euskararen geroa ehunduz leloaren inguruan ardaztu dute agerraldia. Izen hori bera du Jaurlaritzarekin batera hainbat erakundek gaurko egunaren garrantzia lau haizeetara zabaltzeko atera duten adierazpen instituzionalak ere. UEMAk, Eudelek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek izenpetu dute. Elkarlanerako deia egin dute bertan. «Euskararen ehuntze ariketa guztion ardura da. Erakunde publikoona eta gizarte eragileona. Ekina ezinbestekoa da».

«Nire aitortza eta eskerrik beroena helarazi nahi dizuet, banaka zein taldean, euskararen alde konprometitu zareten guztioi», azaldu du Pradalesek gaurko ekitaldian. Eta lanean jarraitzeko deia egin du. «Euskarak guztion mugimendua behar du, guztiona delako euskara, hemen bizi eta lan egiten dugun guztiona, baita etorriko diren guztiena ere. Guztiok behar gaitu: euskaldunak, euskaldun izango direnak, eta baita ez direnak ere», argudiatu du. Etorkizuna taxuz marrazteko aurrerabideak nora bideratu behar diren ere gogoratu du: «Erabilerara». Hor irabazteko eremu aski zabala dagoela gogoratu du: «Erabilera aisialdian, erabilera lan munduan, euskara eremu digitalera eraman eta euskararengandik urrun daudenak erakarri».

Bere euskalduntze prozesua ere propio gogoratu nahi izan du lehendakariak agerraldian. «Nire gurasoek ez zekiten euskaraz. Baina euren ametsa zen nire anaiek eta nik euskaraz ikastea. Argi zuten hori». Jokamolde horren garrantzia nabarmendu du: «Euskara delako herri egiten gaituena». Euskal Herrian berearen gisako bizipenak asko direla gogoan hartuta, adierazi du aurreko belaunaldiek «ekinean» egin zuten bideak goraipamena merezi duela.

Euskararen Eguna dela eta, Gipuzkoako Diputazioaren kontseilu ibiltaria, Ataunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskararen Eguna dela eta, Gipuzkoako Diputazioaren kontseilu ibiltaria, Ataunen. MAIALEN ANDRES / FOKU

Aurrerabideak

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak ere hartu du hitza ekitaldian. Azaldu du ezagutza sustatzen ere jarraitu behar dela, eta bide horretan abian jarri berri dituzten hainbat neurriren emaitza ona izan dela. Izan ere, aurten Jaurlaritzak A1 maila ikasleek gutxiago ordaintzeko bidea abiarazi du, eta nabarmendu du «doakotasun politika» horien ondorioz euskaltegietako martxa biziberritu egin dela: «Aurreikuspena da ikasturte honetan A1 mailan ikasleak %30 ugaritzea». Esan duenez, C1 mailako ikasleak ere aurreko ikasturtean halako bi dira orain kopuruan.

Instituzio gehiagok ere gogora ekarri dute gaur Euskararen Eguna. Keinu bereziak egin dituzte horietako hainbatek. Gipuzkoako Diputazioak, esaterako, Sara Etxean egin du gaur diputatuen kontseilua, Ataunen (Gipuzkoa). Urte askotan Joxe Miel Barandiaran ikertzailearen bizitokia zen, eta euskaltzale askoren topalekua; urte aski zailetan, gainera. Horregatik egin nahi izan dute propio han bilkura. «Euskararen desafio zahar eta berriei elkarlanean ekiteko garaia da, elkar hartuz eta berrituz, aurrekoek egin zuten moduan», nabarmendu dute.

Diputatu nagusi Eider Mendozak gogoan izan ditu aurrera begirako erronkak. «Sustraiko eraldatze sozialak eta teknologikoak bizi ditugu», azaldu du, eta horietako hainbat zerrendatu ditu: «Adimen artifiziala gure eguneroko bizitzan hedatzen ikusten dugu, eta euskal gizartearen aniztasuna ere areagotzen ari da». Datu soziolinguistikoak aztertzean usu atzematen diren korapiloei ere erreparatu die: «Bien bitartean, euskararen erabilerak ez du ezagutzaren pareko hazkunderik. Euskararen desafio zahar eta berriei elkarlanean ekiteko garaia da, elkar hartuz eta berrituz, aurrekoek egin zuten moduan. Etorkizuneko belaunaldiei zor diegun moduan».

Bilboko Udalak ere keinu berezi bat egin nahi izan du gaur propio Euskararen Eguna dela gogora ekartzeko. Juan Mari Aburto alkateak parte hartu du ekitaldian, eta baliatu dute hiriko dantza taldeei omenaldia egiteko. Propio laudatu du talde haiek Francoren diktadurapean euskara suspertzearen alde egin zuten lana. «Zentsura eta debekuak nagusi zirenean, Bilboko dantza taldeek zalantzarik gabe eman zuten euskal kultura ezkutuan eta agerian biziberritzeko aukera. Etsaiari aurre egiteko bat egin zuten, bere hizkuntza eta adierazpen tradizional eta sortzaile gehienak erabiltzea mugatuak zituen herriaren kohesio soziala eta arima bultzatuz».

(ID_14484031) ESPAÑA DÍA EUSKERA
Bilboko udaletxean gaur egindako omenaldia. M.TOÑA / EFE

Mezu ugari

EH Bilduk eta EH Baik agiri bateratua argitaratu dute, eta adierazi euskara biziberritzeko bidean «indartze aro bati» ekiteko garaia dela, «anbizio handiko hizkuntza politika martxan jartzekoa». Azpimarratu dute euskara egungo errealitatera egokitzen asmatu behar dela: «Gogoeta ugari egin dira eta egiten ari dira euskararen egoerari buruz. Oso garrantzitsuak dira, bidea erakusten dutelako. Eta gogoetekin batera, lidergoak behar dira, diskurtso argiak eta proposamenak».

Besteak beste, nabarmendu dute euskara ikasteak doakoa eta unibertsala izan behar duela, eta horretarako, euskara irakasteko metodo malguak eta doituak sortu behar direla. «Hizkuntza harrera eraginkorra eratu behar dugu». Horrez gain, adierazi dute premia dagoela hezkuntza komunitatean herriaren egoera soziolinguistikoaren kontzientzia zabaltzeko, eta gazteei «irakaskuntza araututik kanpoko mundu bat eskaintzeko euskaraz». Hala, esan dute euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdigunean jartzea nahi dutela.

EAJk, berriz, gogoratu du euskara dela norbait euskaldun egiten duena. Adierazi du hizkuntzaren egoera larria dela, eta azpimarratu «euskaldunen hauspoa» ezinbestekoa dela euskarak bizirik irauteko: «Azkenengo gizaldietan euskaldunek ez dute izan ez ofizialtasunik, ez lege eremuetako erraztasunik, ez epaileen laguntasunik euskaraz jarduteko, baina eutsi egin diote euskarari. Zelan? Euskaraz berba eginez; euskaraz hitz eginaz, euskaraz ele eginez, euskaraz mintzatuz». Beraz, eremu guztietan euskaraz jardutearen garrantzia nabarmendu dute jeltzaleek: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Inork egin dezakeenaren ardura hartu beharrean, egin dezagun geure artean euskaraz; hori bai, hori gure esku dago».

EAEko Ahal Dugu-k, bestalde, euskara ikastea doakoa izan dadila eskatu du, eta euskaltegien sarearen funtsezko rola nabarmendu: «Bada garaia mugak ezabatzeko, hizkuntza eskakizun berriak egungo errealitatera egokitu eta abian jartzeko, euskaltegietako eskaintza askotariko helburuetara moldatzeko, egungo makroazterketen sistematik ebaluazio jarraituko sistemara igarotzeko, eta egungo HABEren eta udalen diru laguntzetatik matrikulazioaren doakotasunera igarotzeko».

Sindikatuek ere hartu dute hitza. LABek euskal administrazioei exijitu die politika «ausartak» diseinatzea: «Berma dezatela euskaraz hitz egiteko, lan egiteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea. Administrazio publikoa derrigortuta dago herritarren hizkuntza eskubideak bermatzera, tartean herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea, eta horretarako deia egin nahi diegu».

ELAk ere «ausardia eta koherentzia» galdegin die instituzioei, euskaraz bizitzeko oinarrizko giza eskubidea bermatu dezaten: «Euskararen ezagutza unibertsalizatzeko neurri eraginkorrak ezinbestekoak eta premiazkoak dira». Pello Igeregi sindikatu horretako euskara arduradunaren arabera, euskara oldarraldi judiziala, politikoa, sindikala eta hedabideena pairatzen ari da, «gaztelaniaren hegemonia betikotu eta euskara zokoratzea helburu duena».

bi urterako lankidetza hitzarmena

Euskaltzaindiak bi urterako lankidetza hitzarmen bat egin du Espainiako Diputatuen Kongresuarekin. Francina Armengol Kongresuko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute. Akordioan jaso dutenez, euskararen arloko prestakuntza, jakintza eta hizkuntzaren zabalkundea sustatzeko ekinaldiak egingo dira, bereziki hizkera juridikoaren arloan.

 

Urrutiak adierazi du hitzarmena ez dela soilik sinbolikoa, eta eragina izango duela. Asmoa da testu juridikoen ikuspegian aurrerapausoak ematea, «Espainiako Estatuak bere lurralde osoan egikaritzen dituen eskumen zabalei eragiten dieten lege proiektuek korrelazioa izan dezaten estatuko hizkuntza koofizialetan». Euskaltzainburuaren ustez, akordioak modua emango du euskararen normalizazioan eta araugintzan «mugarri garrantzitsuak finkatzeko» aurrerantzean ere.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (4)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.