SERIEA. Krisi ekosozialari begira (eta V). Yayo Herrero.

«Politika, egun, behartua dago beharrezkoa dena posible bihurtzera»

Ekintzaile ekofeminista sinetsita dago azken urteetako krisien ondorioz hedatutako etsipenaren aurrean sistema ekonomiko eta sozial hobe bat eraiki daitekeela; are, uste du eredu berri horrek hondamen ekologikoa geldiarazi eta oinarrizko bizi baldintzak berma ditzakeela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Errealitatea argitasunez aztertzeko eta itxaropena kutsatzeko gaitasuna du Yayo Herrerok (Madril, 1965). Ikasketaz antropologoa, nekazaritza ingeniaria eta hezitzailea da, eta hamarkadak egin ditu borroka ekofeministan, besteak beste, Ecologistas en Accion elkartean. Duela gutxi mugitu da Madrildik Kantabriako (Espainia) herri txiki batera, eta hurbiltasunak hainbatetan ekarri du Euskal Herrira azken hilabeteetan. Rol berezia izan zuen irailean Portugaleten (Bizkaia) eginiko Ekotopaketetan: aurkezpen eta hasiera hitzaldiak eman zituen. Etsipenaren aurka mintzatu zen orduan, eta mezu horretan sakondu du BERRIArekin ere.

Krisi ekosozialaz aritzen zara, baina zer dago zehazki kontzeptu horren atzean?

Ekosoziala zer den ulertzeko, kontuan hartu behar da gizakion bizimoduak ekosistemen mende eta elkarren mende daudela, nahitaez. Hortaz, krisi ekosoziala ekologikoa da, baina, aldi berean, ekonomikoa, eta soziala, balioena... Dimentsio anitzeko krisi horretan, konexioak aurkitu behar ditugu, erroan egiturazko kausak baitaude, denetan oso antzekoak, baina, aldiz, inpaktuak askotarikoak izan daitezke: lurraldea suntsitzea, osasun sistema publikoa kaskartzea, prezioak igotzea...

Badago krisi handi bat, baina gizartean, alternatiba borrokatzeko grina bainoago, beheraldia sumatzen da, nekea, ezintasuna. Zeri egozten diozu aldarte hori?

Aldarte horrek ikusgaitasun handia du orain, baina esango nuke atzean jende pila bat ari dela modu askotara antolatzen: ekonomia sozial eta solidarioa eremu gehiagotara zabaltzen ari da, landa eremuko mugimenduak sendotzen, zaintza dinamikak areagotzen... Egia da, halere, garai historiko honetan, ustekabeari beste ustekabe batek segitzen diola. Isabelle Stengers filosofoak dio hau Gaiaren intrusioaren garaia dela: natura autoantolatua politikan sartu da —lehen ere bazegoen, baina orain agerikoa da—, eta jende pila bat ohartu da ezin dela harekin negoziatu. Gurearen gisako gizarte teknologikoetan, zeintzuetan ustez denak duen erremedioa, harridura eta egonezina eragin du deskubritzeak gauza batzuk ezin direla konpondu—nahiz eta gizakiok badugun egokitzeko gaitasuna—; nolabait, ziurtasun pila bat erori zaizkigu, eta ez dakigu zer egin horrekin.

Pandemiak izan al du eraginik sentipenetan, harremanetan...?

Erabat, baina uste dut oraindik ez dugula ondo aztertu. Mugimendu sozialetan, adibidez, askok esan didate kostatzen ari zaiela presentzialtasunera itzultzea. Lanean ere, nolabait, harremanak ez dira beti errazak, gatazkak egoten dira, eta jende askok sentitu du etxetik arituta parte hori kendu zezakeela, eta lasaiago egon. Baina gizakiak ez gaude ohituta gorputzik gabe erlazionatzera, nahiko berria da hori, eta gauza asko galtzen dira. Bestalde, askok gertuko pertsonak galdu ditugu izurrian, eta ezin izan diegu agur esan, negar egite hori ere falta zaigu. Errituei lotuta baikaude gizakiok: agur egiteko, ospatzeko edo eztabaidatzeko elkartzen ez bagara, hutsune moduko bat sortzen zaigu, eten bat harremanetan eta denboran; ikusteko dago horrek zer eragin duen.

Beldurra ere badago, ziurtasunik ezarekin lotuta. Nola ari da beldur hori kudeatzen?

Aurrez ere beldurraren gizartean bizi ginen: beldurra genion lanik ez izateari, etxea galtzeari, pobretzeari, zahartzeari, gizentzeari... Beldurrean oinarritzen den antropologia bat da kapitalismoa, eta, aldi berean, bere burua aurkezten du orotariko segurtasun sortzaile gisa. Baina gizakiak prestatuta gaude beldurra sentitzeko, bestela ezingo genukeelako geure burua salbu jarri. Kontua da orain gure begiez ikusten ari garela klima aldatzen ari dela, pandemia datorrela, gerraren ondorioz argindarra moztu dezaketela... Eta arazo horiek kausekin lotzen ez badira, sentituko dugun beldurra inproduktiboa izango da, ez dugulako ulertuko zerk jartzen gaituen arriskuan eta nola erantzun behar dugun. Baina beldur hori guztiz osasuntsua da: larridura sentitzen dugu bizi moldeak daudelako gaixo. Horregatik, giltzarri da beldurraz hitz egitea: sozialki detektatzeko zerk jarriko gaituen salbu.

Etsipenak ere badu politikotik. Ezkerraren barne liskarrek elikatu al dute?

Badago ezintasun sentsazio bat horrekin lotuta, bai. Ezagutzen dudan eremuaz hitz egin dezaket. 2011-2015eko mobilizazioen ondorioz, beste begirada politiko bat zuten pertsona batzuk iritsi ziren erakundeetara. Alde batetik, egiaztatu dugu instituzio neoliberalak oso erresilienteak direla: erakunde bat ez da kapitalista soilik alderdi kapitalistek gidatzen dutelako; ohiturak, helburuak, printzipioak, egiteko moduak ere kapitalismoaren tresnen araberakoak dira, eta instituzioak berak irmo defendatzen du ekonomia eta politika ulertzeko modu hori. Eta, bestetik, ikusi dugu erakundeen azpian basamortua geratu dela; presioa egingo zuen mugimendu sozial sendorik gabe, politika berri hori ezinean aritu da, eta, azkenean, zera defendatu du: posible dena besterik ezin dela egin. Eta hori arazo handi bat da, eztabaidatzen ari baikara instituzioei zer eska dakiekeen, posible dena ala beharrezkoa dena. Izan ere, beharrezkoa dena gauzatzen ez badugu, bizitza batzuk ezingo dira sostengatu. Hortaz, krisi ekosozial betean, egungo politika derrigortuta dago beharrezkoa den hori posible bihurtzera. Eta hori egiterik ez dago tokian-tokian jendea antolatuta ez badago.

Alegia, ezker instituzionalak ere barneratu du sistema aldatzea politikoki ezinezkoa dela?

Hala adierazi dute batzuek: ikuspegi sozial eta ekologikotik beharrezkoa dena bideraezina dela politikoki. Niretzat, hori esatea suntsigarria da: gobernatu nahi duenak uste badu ezin dela ezer egin pertsona guztiek gutxieneko batzuk edukitzeko, zertarako dago politika? Nire ustez, planteatu behar dugu nola egin dezakegun politikoki bideragarri beharrezkoa den hori, eta horren parte bat da onartzea politika ez dela soilik instituzioan gertatzen. Eta kontuz, nik uste dut erakundeetara heltzea eta hor jende zintzoa egotea funtsezkoa dela. Baina gauza asko egin daitezke autoantolakuntzatik, tokian tokitik, publiko-komunitario aliantzetan...

Ez duzu uste ezin denik ezer egin. Hortaz, zer egin daiteke?

Batzuetan sentsazioa dugu ezin dela ezer egin kapitalismoaren aurka, eta arazoa da ez zaigula bururatzen errezeta erraz, sinple eta azkarrik. Eredua aldatzeko eta iritsi nahi dugun lekura iristeko, pausoak eman beharko ditugu, eta hasieran kontraesanak izango ditugu, akatsak egingo ditugu... Baina egin egin behar da.

Nondik hasi?

Pentsatuz nolako bizimodua nahiko dugun eta zein diren lehen urratsak. Konfinamenduan Espainiako Gobernuak lan eta etxe kaleratzeak edo argindar mozketak debekatu bazituen, zerk eragozten du anormaltasun une honetan horri eustea? Zer gehiago behar da? Bestelako zerga sistema bat? Bada, pentsa dezagun; hainbat herrialdetan ezkerreko erradikalak ez diren sektoreak ere ari dira sistema banatzaileagoen alde. Beraz, hori ez da ezinezkoa. Ezta oinarrizko errenta unibertsal bat ere, ez duena zertan dirutan izan, baizik eta, demagun, etxebizitza, gutxieneko hornidura energetikoa, inguru hurbiletarako garraio publikoa eta zaindua izateko eskubidearen bermea; babes sozial hori martxan jartzen baldin bada metabolismo ekonomiko-ekosoziala eraldatzen den bitartean, aldaketa hobera izango da seguru. Pentsa genezake jendeak asko galduko duela desberdintasunik edo pobreziarik ez badago, baina datuek ez diote hori. Hondamen ekologikoa geldiaraziko duen eta, aldi berean, bizi baldintza oinarrizkoak blindatuko dituen eredua askoz hobea izango da, argi eta garbi.

Eta metabolismo ekonomiko hori nola aldatuko zenuke?

Planifikatu egin behar da; adibidez, elikagaien produkzioa, edo industria ekoizpena. Serio eztabaidatu behar genuke zer beharrizan bermatu behar zaien pertsona guztiei, eta, horren arabera, zein sektore eta lan diren sozialki beharrezkoak; zaintza, esaterako, hazi egin behar da, kalitatezko eta ondo ordaindutako enpleguarekin. Eta, era berean, eztabaidatu behar dugu zer egin murriztu beharreko sektoreekin.

Adibidez?

Turismo burbuila erraldoia dugu: nire ustez, ez dago sektorearen bolumena salbatuko duen trantsizio iraunkorrik. Ezarri beharko dugu zenbat eta nolako turismoa jasan dezakeen lurralde bakoitzak, eta, pertsona asko enplegurik gabe geratzea aurreikusten badugu, hausnartu beharko dugu nola sostengatu pertsonak, ez sektoreak. Izan ere, kapitalismoarentzat, pertsonak babesteko, sektorea babestu behar da, baina sistemaren bulimiak berak hondoratuko du turismoa: erregai fosilak amaitzeak, hondartzak zikintzeak... Eta kapitalismoak lasai asko egiten du paso errentagarri izateari uzten diotenez, baina gu behartuta gaude pentsatzera nola zainduko dugun kolektiboki jende hori.

Beste eztabaida bat: nola gauzatu desazkundea? Pertsona guztiek berdin egin behar dute?

Desazkundeaz ari naizenean, ekonomiaren esfera materialaren uzkurtze ezin eragotzizkoaz ari naiz: gizakiek eta metabolismo ekonomikoek erabiltzen dituzten mineral eta petrolio tonez, ur litroez, lur emankorrez... Izan ere, muga fisikoek gainezka egin dute, eta klima aldaketak berak ondorioak ditu jada ekonomiaren materialtasun horretan; adibidez, Valentzian aurten hainbat uzta %70 gutxitu dira. Denok jo behar dugu berdin desazkundera? Nire ustez, ez. Hiru printzipio jarri behar dira praktikan. Bat, nahikotasuna: mundu guztiak bizi behar du nahikoarekin, hau da, batzuek gehiago beharko dute, eta beste batzuek gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dute. Bi, banaketa: gutxiago egongo bada, mundu guztiak nahikoa edukitzeak esan nahi du dagoena hobeto banatu behar dela. Eta hiru, biziaren iraunkortasuna, bizi guztiak duintasunez sostengatzeko.

Desazkundeak bidezkoa izan behar du, beraz.

Noski. Orain inoiz baino gehiago, munduaren akabera gelditzea eta hilabete amaierara iristea arazo bera dira: auzi ekologikoak lotuta egon behar du pertsonen beharrizanak asetzearekin. Duela gutxi Pedro Sanchezek [Espainiako Gobernuko presidenteak] esan du Espainian ez dela egongo energia errazionamendurik. Ez al dago jada errazionatuta? Pagatu ezin duenak ez badauka, merkatua ari da energia errazionatzen. Desazkundea gertatuko da, onean ala txarrean; onean egiten ez badugu, eztabaidatuz eta birbanatzearen logika aplikatuz, merkatuak banatuko ditu, eta faxismoa ekarriko du: botere ekonomiko, politiko eta militarrak babestutako sektoreek jarraituko dute euren desio guztiak asetzen, eta babestuta ez dauden besteak bizitzaren bazterretan geratuko dira.

Desazkundearen eztabaidan nahastu dira pribilegioak eta ardurak. Pertsona guztiek erantzukizun bera dute?

Ez. Baina garrantzitsua da errua eta erantzukizuna bereiztea. Errua seinalamendu bat da, ezinegona eragiten du; erantzukizuna, berriz, gauzen kargu hartzeko gaitasuna da. Nik ez dut errurik banku batek familia bat etxegabetzen badu, baina eragozten saiatzeko ardura har dezaket. Eta erantzukizunen sistema hori asimetrikoa da, ekintza jakin batzuek inpaktu handiagoa dutelako ongizate kolektiboan: transnazionalek edo gobernuek beren gain hartzeak denon biziak babesteko ardura eragin askoz handiagoa eta azkarragoa izango du, baina horrek ez du esan nahi denok ez dugunik ardurarik. Besterik da sektore pribilegiatu batzuek nahi dutena egiten jarraitu nahi dutela; horiei mugak jartzea gobernuaren eta gizartearen ardura da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.