Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Soziometroaren azkeneko inkestaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar gaztetatik seiri ez zaio politika interesatzen. Edo ez, behintzat, arlo instituzionaletik egiten den politika. Errealitate horrek bertzelako eredu batzuen beharra erakusten du, herritik eta herriarendako egindako politikarena. Bide horretatik, gero eta herri eragile eta erakunde gehiago ari dira hausnartzen komunitatean lan egiteaz, eredu kooperatiboaz, edota arlo publikoak bi erpin horiekin izan dezakeen elkarlanaz.
Andere Ormazabal (Donostia, 1981) Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea da, eta parte hartze demokratikoko prozesuetan aditua da; Arianne Kareaga (Bergara, Gipuzkoa, 1979) Mondragon Unibertsitateko Lankiko ikertzailea da, eta KoopFabrika ekinbide kooperatibistan koordinatzaile gisa lan egin du; Enekoitz Etxezarreta (Donostia, 1981) Gezkiko kidea da, eta ekonomia sozial, solidario eta gizarte ekintzailetzaren inguruko gaietan dihardu lanean. Gobernantza eredu berriez hausnartu dute hirurek, nork bere arlotik.
Zeintzuk dira eredu publiko, komunitario eta kooperatiboaren osagai nagusiak?
ENEKOITZ ETXEZARRETA: Oinarri-oinarrian bi egon daitezke: batetik, logika ezberdinekin funtzionatzen duten hiru eragilek parte hartzen dute bertan, publikoak, komunitarioak eta, merkatuari erantzuten dion alorrean, eredu kooperatiboak; bestetik, hiru elementu horiek elkartzen dira lankidetza parte-hartzaileko eskema batean.
ARIANNE KAREAGA: Hori da. Baina, gainera, erdigunean dago behar bati edo erronka bati modu iraunkorrean erantzuteko nahia, hori delako alde batetik eragile guztien interes partikularrak eta aldi berean interes orokorra bermatuko dituen elkarlanaren muina. Merkatuaren logikan ez jaustea ere bada. Izan ere, badakigu zaintza, elikadura eta antzeko sektoreetan merkatuaren menpe jausten bagara, edo prekaritatea langileen gain jausten bada, unibertsaltasun hori ez dela bermatzen.
ANDERE ORMAZABAL: Formula horiek sortzen dira merkatu logika kapitalistari aurre egiteko erreminta gisa; helburua delako merkatu logika neoliberaletik atera, eta gizarte eraldaketan edo demokratizazioan sakontzea. Baina, noski, prozedura hori esperientziaren arabera aldatu egiten da: hiru eremu horien intersekzioan kasu bakoitza gorpuztu daitekeelako formula ezberdinen bitartez.
Zergatik indartu da eredu hori azken urteotan?
KAREAGA: Alde batetik, eredu kapitalistak baditu bizigarriak ez diren hainbat elementu. Esaten da kapitalismoaren garaipenik handiena ez dela alor ekonomikoari lotutakoa, baizik eta zelan ahuldu den komunitatea, eta zelan bizi duen bakoitzak bere bizitza indibiduala. Hortaz, uste dut hor zer edo zeren parte izatea oso inportantea dela, eta horrek ematen diela komunitate zentzua horrelako gauzei.
Badago, kapitalismoaren logika horrekin batera, instituzionala den krisi bat; hauteskundeen parte hartzea aztertzerik besterik ez dago hori ikusteko. Politika egitura tradizionalarekiko atxikimendu falta oso handia da; horregatik indartu dira herrigintza diskurtsoak azkenaldian, badagoelako ezkerraren aldetik norabide horien kontra joateko nahi bat.
«Badago, kapitalismoaren logika horrekin batera, instituzionala den krisi bat; hauteskundeen parte hartzea aztertzerik besterik ez dago hori ikusteko»
ARIANNE KAREAGALankiko ikertzailea
ETXEZARRETA: Ideia horri txertatu nahiko nioke trantsizio sozioekologikoaren ikuspegia, errealitate horrek termino ekonomikoetan dilema bat azkartzen duelako: materialki gutxiago edukiko dugu, eta, aldi berean, berrogei urteko programa kapitalista neoliberalak, komunitateak desegiteaz aparte, birbanakuntzarako geneuzkan mekanismoak oso ahulduta utziko ditu. Intuizioa da horri aurre egin beharko zaiola. Baina merkatua ez da birbanaketa mekanismo on bat; estatua izan daiteke, baina burokraziari dagozkion muga instituzionalak dauzka, eta, gainera, azken urteetan interes oligopolistikoei erantzun die, eta ez hainbeste interes herritarrari. Intuizioa da eszenatoki horretan herritarrak antolatuz joango garela, espazio gehiago komunitatean erabiliz.
Kontuan hartuta Euskal Herrian aspaldikoa dela komunitatean lan egiteko joera, eredu horiek politika egiteko modu berriak dira?
ORMAZABAL: Iraganari begiratzea besterik ez dago ibilbide baten parte izan dela konturatzeko; ez bakarrik Euskal Herrian, kontzejuen autogobernu figura hori IX-X. mendeen inguruan sortu zen, eta beste lekuetan ere badago. Orain hori hasi da apur bat egituratzen, eta honekin lotutako esperientzia batzuk erreferentzialtasun publiko bat hartzen ari dira. Baina ez nuke esango berria denik, egia da alderdi eta udal batzuentzat koordenatu horietan aritzea berria denik, baina komunala edo auzolana gure identitatearen osagaia da. Gaur egun, nagusiki, Nafarroako eta Arabako herri txikietan.
ETXEZARRETA: Politika instituzionalaz aritzean beti lotzen ditugu alderdiak, sindikatuak eta administrazioa, baina politika asko egiten da kooperatibetan eta herri mugimenduetan. Berria dena da ekonomia sozialak, ekonomia solidario eta eraldatzaileen eskutik lortu duela besarkatzea sindikalismoa eta herri mugimenduetatik landuriko zenbait ardatz, ekologismoa, feminismoa, bizitza bizigarriak, eta abar. Halere, nire ustez, badago gazteria berriro kateatzeko eta politika egiteko modu berria: lan esparrua. Hor landu daitezke herri mugimenduetatik datozen ekintza asko.
«Politika instituzionalaz aritzean beti lotzen ditugu alderdiak, sindikatuak eta administrazioa, baina politika asko egiten da kooperatibetan eta herri mugimenduetan»
ENEKOITZ ETXEZARRETAGezkiko kidea
Eredu horiek zer eskatzen diote eredu publikoari, komunitarioari eta kooperatiboari?
ORMAZABAL: Parte Hartuz taldeak ikertutako kasuetan ikusi dugu administrazio publikoa aliatu izan daitekeela hainbat berrikuntza txertatzeko. Halere, alderdi politikoak oso joera pertsonalistan murgildu dira azken urteetan, eta gobernuan aritzeko bestelako moldeak behar ditugu. Izan ere, horrelako prozesuek eskatzen dute beste jarrera politiko bat, ezker eraldatzaileak Euskal Herrian historikoki izan duena, baina, nire ustez, galtzen ari dena. Aldaketa prozesu hau egin behar da elkarrekin, politikari eta teknikarien arteko botere harremana problematizatu eta elkarlanean aritu behar dira, komunitateko eragileekin batera. Elkar ulermenerako bidelaguntza hori sortu eta burutuko duten teknikarien edota politikarien profila sustatu behar dugu.
Eredu komunitarioari dagokionez, herri mugimenduek ez dituzte instituzioen baliabideak edo sendotasuna, baina badute administrazioak ez duen indar eraldatzailea. Herri mugimenduak eta esparru komunitarioa indartzeko beharra dago, eta mugimenduek ere prozesu hauetan parte hartzeko dituzten baliabideak eta indarrak neurtu behar dituzte, lankidetzak dituen arriskuengatik —instituzionalizazioa edo autonomia galera—. Mugimenduen artean askotariko posizioak topatu ohi ditugu, eta guztiak dira ezinbestekoak. Mutur batean leudeke erakundeekin konfrontazioa bilatuko dutenak; beste muturrean elkarlanerako jarrera azaltzen dutenak, eta, tartean, momentuaren edota ekintzaren arabera kokatuko direnak.
KAREAGA: Oraintxe, zailena ikusten dudana da administrazioa lekuz mugitzea, ez dago prest. Hortaz, nik uste dut bene-benetan orain behar duguna dela politikariak honetan heztea eta sinesten duten horretan eragiteko tresnak eskuratzea. Herri txikietan berezkoagoa da herrigintzan jardutea, baina udal instituzio egitura handietan dago egiteko handi hori. Herri kontsentsuak lortu behar ditugu, politika egiteko beste modu bat behar dugu. Diskurtso aldetik badago, ezkerrean, baina praktikan?
«Alderdi politikoak oso joera pertsonalistan murgildu dira azken urteetan, eta gobernuan aritzeko bestelako moldeak behar ditugu»
ANDERE ORMAZABALParte Hartuz ikerketa taldeko kidea
Zer ikasi duzue zuen esperientzietatik?
ORMAZABAL: Parte Hartuz ikerketa taldean, adibidez, eredu komunitarioa eta administrazioa elkarrekin lanean aritu diren esperientziak ikertu ditugunean, ikusi dugu egoera gatazkatsua nagusi dela. Lan egiteko marko horretan, ezinbestean, sortu behar ditugu baldintzak sektore ezberdinek elkar aitortzeko, eta elkar ulertzeko hizkuntza partekatu bat ere sortu behar da. Prozesu logika, erraztatzaileen figura, harremanak asko zaintzea, edo botere asimetrikoak problematizatzea ezinbestekoa da. Nire ustez, trebatu egin behar da administrazioko jendea prozesu honetan parte hartzeko. Eta langile publikoaren rola eraldatu behar da, deliberaziorako gaitasunetan sakonduz.
ETXEZARRETA: Uste dut bi galderek laburtzen dutela hori guztia: zer egingo dugu elkarrekin? Nola erlazionatuko gara? Hortaz, beti dago eztabaida: osagarriak gara, ala ordezkagarriak? Oreka egon daiteke identitatean eta elkarrekikotasunean. Hau da, hiruko lankidetza honetan bakoitzak dauka bere identitatea, baina besteari aitortu behar dio zein den bestearen identitatea eta funtzionatzeko logika. Elkarrekikotasunak eskatuko luke berdinen arteko plano batean erlazionatzen asmatzea. Zure identitatea errespetatzen ez badut, ez dago elkarrekikotasunik. Identitateak errespetatuta ere joan gaitezke pribatizaziora, eta hor ere berdinen arteko traturik ez dago. Hor egon daiteke dilema laburtzeko gakoa.
«Hiruko lankidetza honetan bakoitzak dauka bere identitatea, baina besteari aitortu behar dio zein den bestearen identitatea eta funtzionatzeko logika»
ENEKOITZ ETXEZARRETAGezkiko kidea
KAREAGA: Modu iraunkorrean jarduteko ezinbestekoa da berdinetik berdinera jardutea, eta ez bata bestearen gainetik egotea. Hor zailtasun handiak daude, logikak oso ezberdinak direlako. Nik uste dut ulerkera komuna, hizkuntza komuna landu behar dela.
Zer oztopori egin behar dio aurre eredu honek? Zer korapilo daude?
ETXEZARRETA: Guk aztertu ditugun proiektu komunitarioetan lehenengo zailtasunetako bat da lantaldeak falta direla, ekintzaile profila. Ez da erraza norberak horrelako proiektu batean bere lan edo bizitza proiektua ikustea. Horrez gain, prozesu konplexuak dira, eragile anitzekoak, eta prozesu luzeak dira.
ORMAZABAL: Horrez gain, gizarteko arlorik zaurgarrienak ez dauka denborarik ez baliabiderik. Horri ere buelta bat eman behar diogu, eta inklusibotasun hori landu. Adibidez, ikuspegi lanketa edo zapalkuntza sistema. Hori ez da bakarrik instituzioen —politikari eta teknikarien— lana, baizik eta baita komunitatearen eta ekonomia sozial eraldatzailearen erronka ere.
«Administrazio publikoa edo udalak, orokorrean, euren burua zerbitzatzera ohitu dira, eta ez hainbeste herritarren nahiak edo beharrak betetzera»
ARIANNE KAREAGALankiko ikertzailea
Eta zein dira herritik eraikitako eredu horren erronkak?
KAREAGA: Nik ez dut zalantzan jartzen alderdiek edo politikariek sinisten dutela gobernantza eredu honetan, baina erremintak sortu behar dira administrazio publikoak logika hau bere egiteko. Oztoporik handienak hor daude. Administrazio publikoa edo udalak, orokorrean, euren burua zerbitzatzera ohitu dira, eta ez hainbeste herritarren nahiak edo beharrak betetzera. Zergatik? Batetik ezezagutza handia dago, eta horrek ere aldaketarako beldurra eragiten du. Horrez gain, formakuntza ere behar da, teknikariak eta politikariak hezi behar ditugu. Hau aldaketarako aukera bat da, baina oraintxe errazagoa da administrazio publikoak kontratu bat sinatzea Iberdrola moduko erakunde handi batekin, herriko komunitate energetikoarekin bazkidetza bidezko hitzarmenak sinatzea baino.
ETXEZARRETA: Praktikatik ikusten da korapilorik handienak administrazioan daudela. Esparru komunitariotik dator bulkada, baina horietan legitimitate arazoak daude, zeinek ordezkatzen duen zein. Deliberazio prozesuak dira, adostasunak bilatu behar dira, eta jende guztiak zerbait alboan utzi behar du.