Itziar Gandarias Goikoetxeak (1982, Bilbo) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan dihardu doktoretza tesia egiten. Euskal Herriko mugimendu feministaren eta emakume etorkinen elkarteen artean aliantzak nola sortu ikertzen ari da. Hego Amerikan ezagutu eta bizi izan zuen feminismoa, ikasketak bukatu eta gero. Bueltatzerakoan arraroa egin zitzaion hemengo egoera: jabetu zen aparteko ibilbidea zutela talde feministek eta andre etorkinen elkarteek. «Iritzi komunak dituzte, baina ez dituzte gauzak elkarrekin egiten». Hori dela eta, bien arteko gatazkak eta korapiloak ikertzera jo zuen. «Tesiak militantziara eraman nau».
Intersekzionalitatea aztertu duzu. Zertan datza?
Tresna bat da, ikuspuntu bat. Normalki erabiltzen ditugun kategoria sozialak hauek dira: generoa, klasea, adina, jatorria, herritar gisa dugun posizioa, funtzio aniztasuna, heziketa maila... Baina ez dira naturalak, ez dira biologikoak; eraikiak dira. Eta harremana dute elkarren artean. Intersekzionalitateak zalantzan jartzen du botere harremanak nola eraikita dauden; hau da, zein kategoria sozialek duen besteak baino botere handiagoa. Pribilegioa nola antolatzen den ere zalantzan jartzen du.
Alde horretatik, zertarako balio du intersekzionalitateak? Badago aukerarik gidoi idatzi horretatik ateratzeko?
Intersekzionalitatea, kontzeptu teoriko gisa baino gehiago, tresna gisa interesatzen zait niri. Halere, ideia ez da berria: terminoa orain dela bi hamarkada zabaldu zen, feminismoaren eskutik. Lehenengo eta behin, tresna politikoa da, eta horrela erabili izan da beti. Ikusezinak diren eta diskriminatuta dauden pertsonen aurkako praktikak agerian jartzeko eta aztertzeko balio du. Eraikitako kategoria sozialetara ez gara beti ondo egokitzen: ez gara puzzleak, non fitxa guztiak perfektu lotzen diren. Denoi gertatzen zaigu, neurri handiago edo txikiagoan. Horrez gain, alternatiba bat da nortasun politiken aurrean. Kontuan hartzen du taldeen barruan ere desberdintasunak daudela. Mugimendu feministaren barruan diskriminazio esperientzia oso desberdinak daude, LGTBI mugimenduan ere bai...
Adibide bat jar dezakezu?
1970 eta 1980eko hamarkadetako AEBetako emakume beltz feministen kasua aipagarria da. Feministak eta lesbianak ziren, baina ez zuten euren burua eroso ikusten feminista zurien artean. Beltzak ziren, baina ez zuten euren burua eroso ikusten mugimendu beltzaren barruan, gizon beltz askoren zapalkuntza zutelako. Beraz, talde horien kanpoan eta barruan sentitzen ziren, outsider eta insider aldi berean. Emakumeak, beltzak eta feministak ziren; horiexek ziren euren kategoria sozialak; desberdinak ziren.
Gure nortasuna gure ingurukoek esaten dutenaren arabera egin eta desegiten da?
Bai. Nortasuna besteengan eraikitzen dugu: ni naiz zu zarelako, ni naiz besteak daudelako. Beste pertsonak behar ditugu gu izateko. Baina, era berean, eraiki dugun nortasun hori dugularik, besteen nortasun eta egoerak kontuan hartu behar ditugula dio intersekzionalitateak. Bazterketa egoerak, adibidez: sarri ez gara jabetzen gure pribilegioaz. Nortasun bat behar dugu bizitzeko, jakina, baina, nortasun monolitiko eta finkoen ordez, nortasun malguago, irazkorrago eta nahasiagoetan pentsatu behar dugu. Nor garen eta nolakoak garen zalantzan jartzeko, besteen ikuspuntuak kontuan hartzeko, besteen tokian jartzeko eta gure nortasuna eraiki eta deseraikitzeko.
Gizarteak ezarri eta normaltzat jotzen dituen inertziez, konbentzionalismoez eta automatismoez konturatzea zaila da sarri.
Non gauden jabetzen gara soilik. Arau asko hain ditugu barneraturik, konturatu ere ez baikara egiten. Inoiz ez dugulako geure burua ikusi, adibidez, elbarri. Leku batera joatean, inoiz ez diot erreparatu eskailera mekanikoak ote dauden, edo ateak elbarrientzat egokituta dauden, igogailua dagoen... Ez ditudalako eguneroko bizitzan erabiltzen. Horren aurrean, aniztasunak pentsamoldea zabaltzeko balio du. Bilera bat egitean, adibidez, pentsatu behar dut elbarrientzat sarbidea ote dagoen. Berdin euskararen kontuarekin: benetan hizkuntza aniztasuna errespetatuko dugun edo ez. Baina horrek guztiak tresna mordoa garatzea eskatzen du, esfortzua eta indarra. Aniztasuna oso polita da hitzetan, baina gero kosta egiten da praktikan. Garrantzitsua da gure kontzientzia zabaltzea eta gure ismo-ez ohartzea, errudun sentitu barik.
Zein harreman dauka intersekzionalitateak feminismoarekin?
Feminista beltzak eta chicano-ak ohartu ziren desberdintasun handiak zituztela klase ertaineko andre feminista zuriekin, eta mahai gainean jarri zituzten desberdintasun horiek. Denak ahizpak gara, emakume guztiak zapalduta gaude leloaren aurrean, haiek esan zuten: «Bai, andre guztiak zapalduta gaude, baina ez modu berean». Patriarkatuak ez du berdin funtzionatzen leku eta kultura guztietan. Ez da gauza bera emakume beltza edo zuria izatea. Generoaren barruan esperientzia ugari daude: zer da emakume izatea transexual batentzat? Zer da emakume izatea etorkin batentzat? Zer da emakume izatea lesbiana batentzat? Hori dela eta, intersekzionalitateak erdigunetik ateratzen du genero kategoria, eta nabarmentzen du kontuan hartu behar direla beste kategoria sozial batzuk ere. Elkarri lotuta baitaude kategoria sozial guztiak.
Feminismoa ohartu da emakume guztiak ez direla berdinak. Feminismoen arteko talka egon daitekeela esan nahi du horrek?
Gaur egun, ez dugu feminismoaz hitz egiten, baizik eta feminismoez, feminismo mota desberdinez. Elkar ezagutzen eta ikasten ari gara denok. Adibidez, hor ditugu feminismo kolonial eta postkoloniala —zapalkuntza koloniala bizi izan duena—, genero kategoria desegiten duen queer feminismoa, feminismo beltza, feminismo islamikoa... Nor da subjektua feminismoan? Ez dago definituta, itxita. Aldakorra da, eta etengabeko borrokan dabil, beti eraikitzen. Nire ustez, hau da feminismoaren indargune garrantzitsu bat: bere subjektua beti birpentsatzen eta berreraikitzen duela. Aniztasunari dagokionez, feminismoak tresna eta ekarpen asko ditu gizartea eraldatzeko.
«Bazterretan» daudenek aliantzak egin behar dituzte? Pribilegio egoeran daudenek ba al daukate erantzukizunik?
Pribilegiodunak garela ezin dugu ukatu: aitortu egin behar dugu, eta bazterretan jendea dagoela onartu. Baina ez dugu errudun sentitu behar pribilegiodun izateagatik: erantzukizuna hartu behar dugu gure kokaleku pribilegiodunean, eta hortik zer egin dezakegun pentsatu, gauzak aldatzeko. Aldentzen gaituena bainoago, hurbiltzen gaituena ikusi behar dugu. Denok ditugu kaltebera sentiarazi gaituzten esperientziak, pribilegiodunek zein bazterretakoek; esperientzia horiek oso desberdinak izango dira, noski, baina partekatu behar ditugu elkarrengana hurbiltzeko. Aliantzak egiteko abiapuntua izan daitezke. Aliantza politikoak egiteko, ezinbestekoa da aliantza emozionalak egitea ere.
Itziar Gandarias Goikoetxea. Psikologia sozialean aditua
«Polita da aniztasuna aipatzea, baina kosta egiten da praktikan»
Psikologia sozialean aditua da Gandarias. Intersekzionalitatea jorratzen du: Euskal Herriko mugimendu feministaren eta andre etorkinen elkarteen artean aliantzak nola sortu ikertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu