Ione Belarra (Iruñea, 1987) izango da Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroa. Pablo Iglesiasen lekukoa hartuko du, horrenbestez, UP Unidas Podemoseko liderrak herenegun iragarri baitzuen gobernua utziko zuela eta maiatzaren 4an egitekoak diren Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeetarako hautagai izango dela. Moncloak hedabideei bidalitako ohar baten arabera, ministroen kontseiluaren ondoren bilera bat egin zuten, atzo, Iglesiasek eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta baieztatu zituzten UPko idazkari nagusiaren mugimenduaren ondorioz biek adostutako aldaketak. Belarrarena da horietako bat. Beraz, harekin lau euskal herritar dira egotekoak Espainiako Ministroen Kontseiluan: Belarra, Isabel Zelaa (Hezkuntzakoa), Fernando Grande-Marlaska (Barnekoa) eta Arancha Gonzalez Laia (Atzerrikoa). Apirilaren 20an da Iglesias kargua uztekoa, orduan baita hastekoa Madrilgo autonomia erkidegoko asanblea berritzeko hauteskunde kanpaina.
UPren idazkari nagusiak berak proposatu dio Sanchez presidenteari Belarra ministro izendatzea, azken urteotan bere konfiantzazko pertsonetako bat izan baitu. 2016ko urtarriletik da diputatua Espainiako Kongresuan, eta, behin PSOEk eta UPk koalizio gobernua osatuta, 2030erako Agendaren estatu idazkari izendatu zuten iazko urtarrilean.
Politikagintzan hasi aurretik, migrazio esperientziekin, generoarekin eta mugimendu sozialekin loturiko ikerketak egin zituen, eta, besteak beste, SOS Arrazakeriako eta Gurutze Gorriko boluntarioa izan zen. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Psikologiako lizentzia lortu zuen 2012an, eta, hain zuzen, fakultate hartan ezagutu zuen Irene Montero, egun Berdintasun ministroa dena. Haien arteko harremana estua da; adinkideak dira ia—Montero urtebete gazteagoa da—, eta eskutik egin dute bidea politikagintzan.
Belarra Podemosen zuzendaritzako kide da alderdi morearen hasieretatik. Boz primarioetan aukeratu zuten, 2014ko udazkenean, migratzaileen inguruko doktoretza egiten ari zenean. 2016ko ekainean BERRIAri esan zionez, migratzaileen mugimenduen alde beste urrats bat egiteko sartu zen politikagintzan. «Orain arte, Espainiak dena eman die barrukoei, eta ezer ez kanpokoei. Hori aldatu behar dugu». Urtebete lehenago aldaketaren gobernua abiatu zen Nafarroan, eta Belarra harro zegoen Nafarroako Ahal Duguk hori osatzerakoan jokatutako rolarengatik. Espainiako Kongresurako 2015az geroztik egindako lau hauteskundeetan Nafarroako zerrendaburua izan da, eta beti aukeratu dute diputatu. Podemosen talde parlamentarioaren bozeramailearen ondokoa izan da.
Politika sozialak
Azken urtean UPren kiderik nabarmenenetako bat izan da koalizio gobernua negoziatzen ari den bi auzitan: etxegabetzeak eta etxebizitza legea. Aurtengo maiatzaren 9ra arte, gutxienez, debekatuta egongo dira etxegabetzeak. Hori onartu zuen Espainiako Gobernuak joan den abenduaren 22an. Hilabete lehenago, ordea, artean 2021eko aurrekontuak negoziatzen ari zirela, etxegabetzeak eteteko zuzenketa bat jarri zuten UPk, EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak. Margarita Robles Defentsa ministroak zuzenketa bateratu hori kritikatu zuen, eta UPri egotzi zion ez dela arrazoizkoa aldi berean gobernua eta oposizio izatea. Belarra ez da askotan agertzen hedabideetan, baina bere Twitter kontuan aktualitatea komentatu zalea da. Roblesen adierazpenaren ondoren ezin izan zion eutsi. «Voxek edo PPk gobernatzea nahi duten botereen ministro kutuna zarenean, agian zure gobernuari min egiten diozu».
Apirilaren 20tik aurrera Roblesekin elkartuko da ministroen kontseiluetan —beste pare bat ika-mika publiko izan du harekin—, baita Nadia Calviño Ekonomia ministroarekin ere. Etxebizitza legean alokairuen arautzea jaso beharko litzatekeela defendatzen du UPk, baina Calviño ez dago ados. «Arazo zailak sinplifikatzeak ez digu laguntzen horiek konpontzen», esan zuen martxoaren 1ean. Belarrak segituan erantzun zion, Twitter bidez: «Badakigu Calviñok ez duela gogoko alokairuak arautzea, baina Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek sinatutako itunean jasota dago». 2016ko ekainean nabarmendu zuen bi PSOE daudela. «Batzuek politika aurrerakoiak babesten dituzte, baina besteek elitearentzat egin dute lan azken urteetan».
Belarrari ez zaio arraroa iruditzen koalizio berean dauden bi alderdik trapu zikinak jendaurrean garbitzea. «Normalizatu behar dugu gobernuaren barruan askotan posizio diferenteak daudela», azaldu zion berripaper honi, aurreko azaroan. Gainera, nabarmendu zuen ez dagoela politikan «lagunak egiteko».
Aldarrikatzen du bere alderdia gobernuan egonda egiten ari dena —«uste dut erakusten ari garela gauzak alda daitezkeela, eta baliagarriak garela gobernuan egonda»—, onartuta pausoak nahi baino motelago ematen direla eta zailtasunekin topo egin dutela.
Ez da nabarmendu lurraldetasunaren auzian iritzia emateagatik, baina, orain bost urte, Katalunian erreferendum bat egitea begi onez ikusten zuen, «%80k beren etorkizuna erabaki nahi baitute». Ez zen autodeterminazio eskubideaz mintzo. «Demokraziaren alde gaude». Bitartean, Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen blokeari eutsi nahi dio: «Gustatuko litzaidake formulak irautea,uste baitut gure herrialdeak itxuraldaketak sakonekoak behar dituela».
Ione Belarra
Podemosen egiturako kidea
Pablo Iglesiasen lekukoa hartuko du, eta Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroa izango da Belarra. UPko liderraren eskutik egin du ibilbide politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu