BRUSELA. Idoia Villanueva Podemoseko eurodiputatuak Europako Batzordeari galdetu dio Mikel Zabalzaren hilketaz. Zehazki, eskatu dio azaltzeko zer neurri hartzeko asmoa duen Sekretu Ofizialen Espainiako Legeak ez dezan oztopatu Zabalzaren auzia argitzea. Gainera, Villanuevak batzordeari itaunduko dio ea «onargarritzat» jotzen duen Europako Batasuneko kide den estatu batek informazioa ezkutatzea ustez segurtasun indarrek eginiko torturez eta hilketez.
Villanuevak gogorarazi du Sekretu Ofizialen Legea 1968. urtekoa dela, frankismo garaikoa: «EBko kide den estatu demokratiko batean onartezina da demokraziaren aurreko legeak egotea eta horiek egiarako eta justiziarako eskubidea blokeatzea». Haren esanetan, Espainiako Gorteetan ia legealdi osoa igaro da, eta Espainiako Barne eta Defentsa ministerioek segitzen dute Zabalzaren auziari buruzko informaziorik eman gabe; are, nabarmendu du Sekretu Ofizialen Legea baliogabetzeko edo moldatzeko ahalegin oro blokeatu dutela: «Mikelen familiak eskubidea du egia jakiteko. Tamalez, ez da kasu bakan bat».
Hori horrela, eta Eusko Jaurlaritzak Zabalzaren auziaz eginiko txostena oinarri hartuta, Villanuevak Europako Batzordeari galdetu dio ea Espainiaren jarrera Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Kartaren aurkakoa izan ote daitekeen.
Podemosek Zabalzaren auziaz galdetu du Europan
Europako Batzordeari itaundu dio ea neurririk hartuko duen Sekretu Ofizialen Espainiako Legearen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu