«Mundu osoko 1.300 milioi pertsonak euro batekin baino gutxiagorekin bizi behar dute egunero. Horrek esan nahi du zerbait gaizki egiten ari garela. Aberastasunaren %85 munduko biztanleen %10en esku dago». Txirotasuna fenomeno globala dela salatuko dute bihar, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, baina inoiz baino hurbilagotik aztertuko dute. Izan ere, Euskal Herrian ere bada desorekarik: Zero Pobrezia plataformak atzo emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %1,3 barne produktu gordinaren %44,4ren jabe dira, baina, bestalde, %4,1 pobrezia egoeran daude, eta %15 pobrezia, arriskuan. Beraz, txirotasuna desagerrarazteko neurri eraginkorrena argi dute gizarte eragileek: «Konponbidea aberastasuna kontrolatzean dago».
Ekuazioa jakina da: aberatsak gehiago aberasten diren heinean, pobreak gehiago pobretzen dira. Zero Pobreziak gogora ekarri du «sistema kapitalista eta patriarkalean» duela iturburua auziak: «Biztanleriaren zati txiki baten aberastasuna lehenesten du, gehiengoa pobretzearen eta planeta hondatzearen gainetik». Eta krisiak larriagotu egin du egoera: «Erakunde ekonomikoak doikuntza eta mozketa sozialen bidea markatzen ari dira, baina politika horiek langabezia, prekarietatea eta bazterketa handitu besterik ez dute egin».
Hori dela eta, Murrizketei bai, aberastasunean, desberdintasunean eta xahutzeetan lelopean, politika horien norabidea alda dezaten galdegingo dute egunotako mobilizazioetan, «bidegabeak, atzerakoiak eta inposatuak» direlakoan. Bestelako gizarte eredua eta bizimodua aldarrikatzen dute, «parte hartzailea, soziala, aberastasuna banatzen duena, ingurumena errespetatzen duena, generoen arteko ekitatea bilatzen duena eta pertsona guztientzako bizitza duina nahi duena».
Laguntza gutxiago
Oraingoz, ordea, pobrezia eta bazterketa hedatzen ari direla ohartarazi dute eragileok, baita aurretik krisia jasan gabeko sektoreetara ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 88.643 lagun zenbatu zituzten iaz pobrezia edota gizarte bazterketa egoeran, hau da, biztanleen %15,6. Baina datuok 2011koak dira; 2012rako nabarmen ezkorragoak espero dituzte, «aurten krisia areagotu baita».
Eta abagune horretan, erakunde publikoek laguntzak gutxitu dituztela salatu dute. Adibidez: Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko irizpideak zorroztearen ondorioz,3.600 familia geratu dira laguntzarik gabe. Bizkaiko Ezkerraldeko Berri-Otxoak taldeak gaineratu du 2008tik 2012ra 9.000 sendik galdu dutela etxebizitza, hipoteka ordaindu ezinda, baina Etxebideren «eraginkortasunik ezak» 161.000 etxe dauzkala hutsik.
Egoeraren jakitun dira erakunde publikoak, Berri-Otxoaken arabera: «2010ean Bilboko Udalak ia mila etxegabe detektatu zituen hirian, eta bi urtean ez du neurririk hartu egoera dramatiko horri aurre egiteko». Iaz Bizkaian kalean bizi ziren bost lagun zendu zirela gogora ekarri du; «aurten, dagoeneko, sei dira hildakoak».
«Pobreziaren egoerak okerrera egin du azken urteotan», onartu zuen Jaurlaritzak, beharrizan sozialei buruzko 2010eko inkestako ondorioetan. Orduko datuek zioten ia 100.000 lagunek zeuzkatela oinarrizko beharrei erantzuteko arazoak, eta 167.000 pertsonek zituztela hilabete amaierara heltzeko zailtasunak. «Lau urtean %3 igo dira arazorik larrienak».
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Pobreziaren aurka «aberastasuna kontrolatzeko» eskatu dute
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %1,3k BPGaren %44 daukate, baina %4,1 pobrezian daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu