Garai batean, etxerik ezean kalean bizitzera behartuta zeudenen profila oso zehatza zen: gizonak ziren gehienak, helduak, muturreko bazterketan kateatuak, eta, maiz, droga menpekotasunak eta arazo mentalek erasanak. Egun, soslai hori aldatu da, eta askotarikoak dira horrela daudenak: gazte migratzaileak, esaterako, ugariak dira. Etxerik gabe daudenak gizonak ala emakumeak izan daitezke, migratzaileak edo bertan jaiotakoak, zaharrak edo gazteak, baina den-denek ezaugarri bat dute: pobreak izatea. Etxerik gabe egotea pobreziaren ondoriorik muturrekoena eta makurrena da.
Zaila da jakitea zenbat lagun dauden Euskal Herrian etxerik gabe. Behetik jota, kalkula daiteke 5.500 inguru direla egoera horretan daudenak, baina, beste estimazio batzuen arabera, kopuruak aise gaindituko du 7.800 pertsonaren langa.
Ikusi gehiago
Eustaten arabera, 2022an 762 lagun zeuden etxerik gabe Araban, 1.947 Bizkaian, eta 1.747 Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 2022an 603 etxegabe zeuden, Nastat estatistika institutuaren arabera, baina zenbait elkartek behin baino gehiagotan salatu dute asko ez direla azaltzen zenbaketa ofizialetan. INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, esaterako, Nafarroan etxerik ez duten herritarrak 214 dira 100.000 biztanleko: horrek esan nahi du etxegabeen kopuru absolutua 1.400 eta 1.500 artekoa litzatekeela.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere zaila da datu zehatzak eskuratzea. SIAO Ipar Euskal Herriko larrialdiko aterpetzeak kudeatzen dituen egituraren arabera, 2023an 1.914 lagunek egin zuten larrialdiko aterpe baten galdea. Baionak, Angeluk eta Miarritzek zedarritutako eremuan, 400 bat lagun bizi dira «gordinki karrikan, Atherbearen egiturez aparte, beste inolako aterabiderik gabe», Atherbea elkarteko zuzendari Pantxika Ibarburuk azaldu duenez.
Ikusi gehiago
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zuzeneko behaketa egiten da 2012tik. Bi urtean behin, zenbait boluntariok hiriburu eta udalerri nagusiak zeharkatzen dituzte, kalean lo egiten dutenak zenbatuz, eta aterpetxeak ere bisitatzen dituzte. Azken zenbaketa 2022ko urriaren 26tik 27rako gauean egin zuten: etxerik gabe zeuden 359 lagun topatu zituzten Araban, 1.669 Bizkaian, eta 1.352 Gipuzkoan.
Aintzat hartzen diren datuak edozein direlarik ere, joera oso argia da guztietan: kalean daudenen kopuruak gora egin du azken urteetan. Eta bilakaera ere sumatzen da haien ezaugarrietan: gehienak gizonak dira, hamarretik zortzi, baina emakumeen kopurua emendatu da azken urteetan, eta gazteen eta atzerritarren portzentajeek ere gora egin dute.
Baliabide nahikorik ez
Instituzioek eta gizarte erakundeek baliabide sare bat atondu dute arazoari buru egiteko, baina, itxura guztien arabera, ez da nahikoa eskaera guztiei erantzuteko. Araban, esaterako, bi leku daude zabalik etxerik ez dutenentzat: Aterpea eta Harrera Sozialerako Udal Zentroa. Orotara, 95 ohe eskaintzen dituzte, eta orain okupazioa %95 ingurukoa da. Foru aldundiak Besarkada Etxea dauka prest oso egoera larrian daudenak artatzeko.
Bizkaian, baliabide gehienak Bilbon daude. Udalak Elexabarriko aterpetxea eta Uribitartekoa ditu; 178 ohe orotara. Gizarte arloko elkarteek ere zenbait baliabide dituzte, eta denen artean 80 bat leku eskaintzen dituzte. Inguruko herrietatik, Barakaldo eta Getxo dira zerbitzu hori eskaintzen duten bakarrak. Durangok ere hamar leku eskaintzen ditu Errota ostatuan, baina horrek Durangalde osoko eta inguruko eskualdeetako 18 herriri ematen die zerbitzua. Aldundiak, berriz, 30 etxebizitza ditu Habitat Bizkaia izeneko programan.
Gipuzkoari dagokionez, Donostian bi abegi etxe daude: Intxaurrondoko Abegi Etxea eta Zorroagako aterpea. Errenterian Gaztetxulo dago, Tolosan Abegi zentroa, eta Zarautzen Negu etxea. Orotara 133 plaza dira, baina aterpetxe gehienek larrialdietako plazak dituzte. Horrez gain, Donostian bada La Sirena aterpetxea. Gazteentzako aterpetxea da, baina neguan etxerik gabekoak jasotzeko atontzen dute. Iazko neguan hamar gauez soilik ireki zuten.
Ipar Euskal Herrian, etxerik gabekoentzako 79 toki eskaintzen dituzte urte osoan, eta horiei 36 gehitzen dizkiete neguan. SIAOk dituen sei galdetatik bakarrak lortzen du larrialdiko aterpe bat. 115 larrialdi zenbakiak ere kudeatzen ditu galdeak —Biarno eta Ipar Euskal Herriko datuak ez dituzte bereizirik ematen—, eta horien artean %80ri ematen diete ezezkoa.
Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera, 23 zentro daude herrialde osoan, eta, guztira, 547 toki eskaintzen dituzte batez beste. Datu horiek, baina, duela bi urtekoak dira. Ordutik, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak aterpetxe berri bat zabaldu dute hiriburuan, 60 ohe dituena.
Zenbait herrialdetan, eta bereziki Bizkaian, Araban eta Nafarroan, baliabideak hiriburuetan kontzentraturik daude, eta udalerri handi gutxi batzuetan. Horrek esan nahi al du gainerako herrietan ez dagoela zerbitzu horren beharra duen inor? Hori uste dute askok: adibidez, 2022ko urrian kaleko zenbaketa egin zutenean, Laudion (Araban), Ermuan, Portugaleten (Bizkaia), Arrasaten eta Legazpin (Gipuzkoa) boluntarioek ez zuten inor topatu kalean lo egiten.
Baina errealitatea oso bestelakoa da. Hodei Mentxaka Gonzalez Etorkintza fundazioko hezitzailea da, eta Bizkaian lan egiten du, Erdu programaren barruan, batez ere droga menpekotasunari dagozkion arazoak dituztenekin: «Jende askok uste du norberaren herrian ez dagoela etxerik gabeko inor; egon, badaude, baina ez ditugu ikusten, beste leku batzuetara joan behar izaten dutelako. Udalerri askotan, Bilbora bidaltzen dituzte etxerik gabeko pertsonak, baliabide gehienak han daudelako».
Askotan, sorgin gurpila da arazoaren eta baliabideen arteko harremana. Herri askotan kalean bizi direnen arazoa ikusezina denez, udalek ez dute hori konpontzeko baliabiderik jartzen. Aldiz, neurriak hartzen dituztenean, eta lo egiteko tokiak atondu edo kalean aritzeko begirale taldeak antolatzen dituztenean, orduan arazoa azaleratzen da, eta inguruetako herrietatik ere hara jotzen dute beharra dutenek. Hori ikusita, udalerri batzuek nahiago izaten dute bertan goxo egin eta neurririk ez hartzea, arazoa beste erakunde batzuek konponduko dutelakoan.
Zentralizazioa ez da baliabide horien inguruko arazo bakarra. Mentxakak dioenez, «etxerik gabe dauden pertsonentzako baliabide ia guztiak erabat maskulinizatuta daude. Askotan esaten da emakumeek ez dutela errekurtso horietara jotzen, baina arazoa da errekurtso horiek gizonezkoentzat direla. Normala da indarkeria matxista pairatu duen emakume batek, edo kalean erasoak jasan dituenak, horietara joan nahi ez izatea».
Izan ere, emazteen kasuan etxerik gabe egoteak ezaugarri bereziak ditu. Ibarburuk dioenez, egoerak are eragin handiagoa du emazteengan. «Gehienetan, emazteak dira guraso bakarreko familietan, eta, beraz, horiek are bortizkiago pairatu dute inflazioa eta prekaritatearen handitzea», azaldu du. Atherbeak larrialdiko aterpearentzako dituen egituretan emazteentzako toki kopurua emendatu du: duela hiru urte bost ziren, eta, orain, hamazazpi: «Seinale gorri bat da».
Etorkintzan artatzen duten jendearen tipologia oso zehatza da, Inma Cuena elkarteko psikologoak dioenez: «Kalean bizitzeaz gain, droga kontsumoaren edo buru osasunaren inguruko arazoak izaten dituzte». Hala ere, badakite nabarragoa dela kalera jotzera behartuta dagoen jendearen soslaia. Eta, desberdintasun guztien gainetik, arazoaren iturria antzekoa dela: «Pobrezia da guztien ezaugarria», azaldu du Mentxakak.
Ibarburuk ere pobreziarekin lotu du etxerik gabekoen auzia: «Pobreziaren inguruko politika publikoen ikuspegia anitz aldatu da; aurreiritziekin lantzen dira. Gizarte laguntzak eskuratzen dituztenekin zorroztasun handia bada, eta laguntzen ordainez anitz gauza eskatzen zaizkie. Ikuspegi oso neoliberala da, norberari egotziz norberaren egoeraren ardura».
Arazoa ez da sinplea, ertz asko ditu, eta irtenbideak topatzea ere ez da erraza. Cuenaren ustez, gakoa «elkartasuna» da: «Beharrezkoa da bestearen lekuan jartzea, eta batez ere ikuspegia zabaltzea. Badirudi etxerik gabe dauden pertsonak ikusezinak direla, edo ez direla gutarikoak. Baina hemen daude, askotan ikusi nahi ez baditugu ere».
Baliabide gehiago eskatu du caritasek
Kalean bizi behar dutenen kopurua «esponentzialki» emendatzen ari da, Gipuzkoako Caritasen arabera, eta salatu dute gero eta okerragoak direla haien bizi baldintzak. Baliabide eskasia deitoratu dute: «Prestazioak eta zerbitzuak ez dira nahikoa gizartean hain larriki baztertuta daudenei gutxieneko arreta emateko».
Horiek horrela, administrazio publikoa akuilatu dute, behar bezalako baliabideak jar ditzan. Eguneko eta gaueko aterpeak eskas dira, elkartearen arabera, baina, batik bat, gaueko aterpeetara sartzeko bidea errazteko eta malguago egiteko eskatu dute. «Gure ustez, berrikusi egin behar dira hotzaren aurkako lekuak irekitzeko irizpide batzuk, hala nola izotz arriskuaren edo gradu bateko tenperaturaren irizpidearen arabera irekitzea. Jardunbide egokiak hedatzeko eskatzen dugu, hotz protokoloak aktibatzeko gaur egun erabiltzen diren irizpideak berrikusita».