Pobreziak emakumeak, haurrak eta migratzaileak jo ditu gogorren Nafarroan

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txosten bat aurkeztu du Errealitate Sozialaren Behatokiak. Aurrekoekin alderatuta, datuetan anbibalentzia handiagoa sumatzen da.

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txostena aurkezten, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 14a
13:22
Entzun

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txostena aurkeztu du gaur Errealitate Sozialaren Behatokiak, Iruñean. Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak, Luis Campos behatokiko zuzendari nagusiak eta Antidio Martinez de Lizarrondo sekzioko zuzendariak eman dute txostenaren ondorioen berri. Azaldu dutenez, aurreko txostenekin alderatuta, datuetan anbibalentzia handiagoa sumatzen da: ez dira hain positiboak, eta zenbait adierazlek nolabaiteko joera negatiboa erakusten dute. Pobreziak gogorren jo dituenak emakumeak, haurrak eta migratzaileak direla azpimarratu dute.

Gaurko txostenak ez du jasotzen pandemiaren eragina, datu gehienak 2019koak baitira. Hala eta guztiz, azaldu dute zantzuak daudela COVID-19ak areagotu egin dituela lehendik zeuden desberdintasunak, eta pertsona txiro eta zaurgarriei eragin diela gehien. Azken txostenean pandemiaren ondorioak islatzen ez badira ere, Nafarroako Biztanleriaren Errenta Estatistikaren arabera, pobrezia arriskuaren tasak behera egin du, modu jarraituan, baina pobrezia larriaren tasa 0,1 puntu handitu da. Esan dute adierazle hori dela Nafarroako egoerara hobekien egokitzen dena. Beste hainbat adierazlek panorama okerragoa erakusten dute.

Txostenean jasotzen denez, Nafarroan pobrezia eta gizarte bazterketa apalagoak dira beste eskualde eta herrialde askorekin konparatuta. Halere, azaldu dute arrakalak nabarmenak direla biztanle taldeari edota bizitokiari dagokienez. Maeztuk esan du beti dagoela «hobetzeko tartea», eta desorekak daudela sexua, jatorria, adina eta Nafarroako eremuak aintzat hartuta. Beharrezkotzat jo du hori zuzentzea. «Pobreziak haurraren, emakumearen eta atzerritarraren aurpegia du». Camposen esanetan ere, alde handiak daude kolektiboen artean, eta egoera okerragoa da Nafarroako hegoaldean. «Emakumeek eta 16 urtetik beherako pertsonek dituzte pobrezia tasarik handienak. Nazionalitatea ere gakoa da».

Maeztuk azpimarratu duenez, Nafarroan oraindik ere pobrezia eta ezberdintasun «maila baxuak» daude, baina gorakada «txiki» bat izan da: «Pobrezia erlatiboak hamarren bat egin du behera, eta larriak, hamarren bat gora. AROPE pobrezia tasari dagokionez, hiru hamarren igo da; 11,7tik 12ra». Halere, esan du AROPE neurgailua oinarri hartuta Nafarroa hamargarren dagoela pobrezia indize txikienak dituzten Europako eskualdeen artean.

Pobreziari aurre egiteko neurrien artean, Maeztuk funtsezkotzat jo du errenta bermatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.