Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Pobrezia gutxitu, aberastasuna kontrolatuz

«Mugagabeko hazkunde ekonomikoaren» ordez txikitzearen aldeko apustua aldarrikatu du Zero Pobrezia plataformakBazterkeria arriskuan daudenen artean %80 emakumeak direla salatu dute

Berri Otxoak taldeak deituta atzo gizarte bazterketa salatzeko Barakaldon egindako protesta. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Aitor Renteria-Jon Rejado
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko 36.000 biztanlek 37.502 milioi euroko ondarea zuten 2009an. Hau da, Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %1,3k lurralde horietako barne produktu gordinaren %44,4rekin pareka daitekeen aberastasuna zuten. Urteen joanarekin joera hori indartzen ari dela jakinarazi du Zero Pobrezia gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundeak. Hortaz, datu horiek ikusita, Aberastasunaren aurka jo, orain! leloa aukeratu du Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean kalera ateratzeko.

«Ezin da pobrezia kontrolatu ez bada aberastasuna kontrolatzen, batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla», nabarmendu du Janire Saenz de Buruagak, Zero Pobreziako kideak. Aberastasunaren pilaketa azken hamarkadetan gertatzen ari dela egiaztatzen duten datuak ere eman ditu. 1960. urtean, aberats bakoitzeko pobrezian bizi ziren 30 pertsona zeuden; 1997an, berriz, aberats bakoitzeko 80 txiro zeuden.

«Sistema kapitalista eta patriarkalak» pobrezia eta bazterkeria geroz eta sektore gehiagotara hedatzen ari direla kritikatu du Zero Pobreziak, Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %4,1 pobrezian bizi ziren 2008an, eta %20 inguru pobrezia edo bazterkeria arriskuan bizi ziren. 2008tik gaur egunera arte krisi ekonomikoak gora baino ez du egin, eta, datu gaurkoturik ez badago ere, zenbait elkartek jakinarazi dute azken hilabeteotan egoera okerrera doala.

Emakumeak eta gazteak

«Pobrezia kopuruan eta larritasunean ari da handitzen», nabarmendu zuen Mikel Ruiz Bilboko Caritaseko zuzendariak 2010eko memoria aurkeztean. Hain zuzen ere, bertako zerbitzuetara lehenengoz gerturatzen diren pertsonen kopurua apur bat jaitsi arren, geroz eta gehiago dira behin eta berriz itzultzen direnak behar egoeratik ateratzeko aukerarik ez dutelako. Ruizek nabarmendu zuen babesgabetasun egoeratik ateratzeko ezintasuna dela-eta pertsona horien egoerak «txarrera» egin duela eta are zailagoa bihurtu dela gizarteratzea.

Caritasen datuetan agerian gelditzen da krisiarekin areagotu den zerbait: emakumeek pairatzen dute babesgabetasun egoera handiena. Arabako Caritasera joan ziren hamar pertsonetatik sei emakumeak izan ziren 2010ean, eta gehienak 25 eta 40 urte artekoak. Pobrezia eta bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen artetik %80 emakumeak direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Txikiagotzearen alde

Krisi ekonomikoak gazteengan duen eragina ere nabarmendu dute: lan baldintza eskasak, behin-behineko kontratuak... 18 eta 30 urteko Bizkaiko gazteen %42k mila euro baino gutxiagoko soldatak dituztela nabarmendu du Berri-Otxoak Gizarte Bazterkeriaren aurkako plataformak. Bide batez, pentsioak jasotzen dituztenen egoerak ere kritikatu dituzte, eta, batez ere, alarguntza pentsioak jasotzen dituztenenak. Azken horien %70 pobreziaren mugaren azpitik bizi direla gogorarazi dute.

Krisi ekonomikotik ateratzeko agintariek «mugagabeko hazkunde ekonomikoa» proposatu izana kritikatu du Zero Pobreziak. «Egungo egoera konpondu beharrean mugagabeko hazkundeak pobrezia eta desberdintasuna sortzen duen sistema iraunaraziko du». Hala, hazkunde horrek helbururik ez duela berretsi dute, helburu bakarra hazkundea bera baita. Horren aldean, aberastasuna bidezko moduan banatzen duten ereduen alde egiteko beharra aldarrikatu dute.

Agintari politikoen partetik aldaketa horri ekiteko borondaterik sumatzen ez duten arren, ZeroPobreziak gizabanako bakoitzak har ditzakeen erabakien garrantziaz ohartarazi du. «Injustizia sortzen duten gaur egungo politika hauek aldatu nahi baditugu, gizarteak mobilizatu egin behar du, eta egoera hau salatu». Hori egiteko proposamenen artean banka etikoa eta kontsumo arduratsua aldarrikatu dituzte.

Iparraldea eta Frantzia

Ipar Euskal Herriak ez du egitura administratiborik, eta, horren ondorioz, ez dago pobreziaren jarraipena egiten duen erakunderik. Frantziako INSEE inkesta etxeak egin dituen galdeketa eta ikerketetan Frantziako erreferentzia hartzen da aintzat. Frantziako Sokorri Katolikoaren arabera, larriki emendatu da pobrezia. Frantzian pobreziaren heinaren azpitik bizi dira biztanleen %13,5 (%13 2008an), alegia, zortzi milioi pertsonatik gora. Hilabetean 954 euro baino gutxiago irabazten duten biztanleak kokatzen dira pobreziaren heinean. 2009ko emaitzetan oinarritzen da ikerketa, eta errealitatea «oraindik larriagoa» dela azpimarratu du Julian Laupetre Sokorri Katolikoko presidenteak.

Izan ere, behartsuenei laguntza ematen dieten elkarteen eskariak gero eta handiagoak direla jakinarazi dute. Baionako elikadura bankuak hiru hilabetez xahutu zuen iaz urte osorako aurreikusi zuena. Ipar Euskal Herriko Sokorri Katolikoak ere nabarmendu du laguntza eskatzen dutenen kopurua emendatu dela. «Gero eta gehiago dira hilabetea bukatu ezin duten familiak, langabeak, baina baita lan prekarioa dutenak eta gure laguntzarik gabe hilabetea bukatu ezin dutenak ere».

Adinari dagokionez, gazteenek eta zaharrenek pairatzen dituzte pobreziaren emendatze handienak. Gazteek ezin dute lan munduan sartu, eta, zaharren kasuan, erretretak ez dira biziaren garestitzearekin parekatzen. Pobreziarekin batera, miseriarik gorrienean bizi diren jendeen kopurua gero eta handiagoa dela dio Sokorri Katolikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.