Pobrezia energetikoa hautemateko metodologia bat sortu dute, genero ikuspegitik

Sarbide publikoko datuak erabiliz, metodologiak pobrezia energetikoa hauteman dezake edozein hiri zein herritan. Egileek baieztatu dutenez, emakumeek arrisku handiagoa dute pobrezia energetikoa pairatzeko.

Berogailu bat. GUILLAUME FAUVEAU
Berogailu bat. GUILLAUME FAUVEAU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Europako Batasunean, 36 milioi biztanlek zailtasunak dituzten oinarrizko behar energetikoak asetzeko, EHUren arabera. Horren aurka borrokatzea erronka handia da administrazio publikoentzat. Politika egokiak egiteko, ezinbestekoa da aurretik eremu bakoitza ezagutzea, eta pobrezia energetikoa pairatzeko arriskua duten guneak hautematea. Toki horiek ezagutzeko metodologia bat landu du Nayely Capetillok, eta genero ikuspegia txertatzea ezinbestekotzat jo du. Sarbide publikoko datuak erabili ditu proiekturako.

Pertsona askoren ongizateari eta bizi kalitateari eragiten dio pobrezia energetikoak, baina zaurgarritasun hori aldatu egiten da ezaugarri demografiko eta sozioekonomikoen arabera. Banaketa hori ezagutaraztea da Capetilloren asmoa. EHUko Smart Cities and Communities masterrean sortu du metodologia; master amaierako lanean, hain zuzen. Jon Teres Zubiaga EHUko Bilboko Ingeniaritza eskolako irakasle eta ikertzaileak zuzendu du, Madrileko Eduardo Torroja Eraikuntza Zientzien Institutuarekin eta Belgikako Monseko Unibertsitatearekin batera.

Teresen iritziz, elkarlanak egiten du proiektua «aberasgarri». Aurretiaz ere izan dira datu publikoak baliatuz pobrezia energetikoa aztertzen duten metodologiak, baina lan honek badu berezitasun bat: genero ikuspegia. «Metodologia honek emakumeen eta gizonen datuak bereizten ditu; hartara, azter daiteke ea emakumeek gehiago pairatu dezaketen zaurgarritasun energetikoa». Hau da, pobrezia energetikoa jasateko arriskua duten eremu geografikoak hautemateaz gain, generoak eremu horietan duen eraginari buruzko informazioa ematen du metodologiak.

«Metodologia honek emakumeen eta gizonen datuak bereizten ditu; hartara, azter daiteke ea emakumeek gehiago pairatu dezaketen zaurgarritasun energetikoa».

JON TERES ZUBIAGAEHUko Bilboko Ingeniaritza eskolako irakasle eta ikertzailea

Lanaren helburua da hiri edo herri baten «lehen argazki orokor» bat egitea, sarbide publikoko datuak erabiliz, hala nola udal estatistikak edo katastroak. Aztertutako gunean, metodologiak lau zona zehazten ditu: lehentasun kritikoko zonak, lehentasun zorrotzeko zonak, lehentasun moderatuko zonak eta lehentasun arineko zonak. Adibide gisa, Madrilgo auzoak aztertu dituzte. Auzo bakoitzeko datu demografikoak eta sozioekonomikoak oinarri hartuta, pobrezia energetikoaren banaketa adierazten duen mapa bat sortu dute.

Zazpi adierazle

Pobrezia energetikoa areagotu dezaketen zazpi adierazle hartu dituzte kontuan. «Besteak beste, pertsona zaharrak izatea, migratzaileak, desgaitasunen bat izatea, guraso bakarrak, langabezian daudenak, edota lanaldi erdiak dituztenak», azaldu du Capetillok. Ikerketaren lehenengo urratsean, pertsona oro aztertu dute; emakumeak eta gizonak bereizi zituzten gero. «Emakumeek arrisku handiagoa dutela ikusteaz gain, ikusgaitasuna eman zaie talde zaurgarri batzuei; besteak beste, ikusi dugu desgaitasunen bat dutenek eta guraso bakarrak direnek arrisku handiagoa dutela pobrezia energetikoa pairatzeko».

Auzo bakoitzean agertzen den adierazle kopurua ere neurtu dute. Horrela, «intersekzionalitatea» aztertu dute: «Adierazle bat baino gehiago dituen pertsona batek arrisku handiagoa du pobrezia energetikoa izateko». Lortutako datuak Eduerdo Torroja institutuak egindako azterlanekin elkartu dituzte. Izan ere, institutuak pobrezia energetikoa neurtua zuen Madrilen, baina genero ikuspegia kontuan hartu gabe. Horrela, sexuaren araberako pobrezia energetikoaren indizea sortu dute.

Capetilloren arabera, hainbat arrazoi daude emakumeak zaurgarriagoak izateko: «Hotzarekiko eta beroarekiko kalteberagoak dira. Are, urte gehiago bizi direnez, gastu gehiago izaten dituzte; besteak beste, energia gastu handiagoa behar duten gaixotasunak dituztelako». Soldata arrakala ere nabarmendu du Capetillok. Eta erantsi du emakume askok lanaldi erdiak dituztela. «Askotan, euren gain hartzen dute etxearen, familiaren eta gaixoen zaintza; batetik, hori ez dago ordainduta, eta, bestetik, malgutasuna duen lan bat izan behar dute, zaintza lanetarako denbora izateko». Horregatik dira emakumeak zaurgarriagoak.

«Generoarekin lotutako pobrezia energetikoa neurtzen badute, erakundeek politika hobeak diseinatuko dituzte».

NAYELY CAPETILLOPobrezia energetikoari buruzko master amaierako lanaren egilea

Madrilen egindako azterlanak adierazi du hegoaldean iparraldean baino zaurgarritasun handiagoa dagoela. Hain zuzen, 42 auzo hauteman dituzte; horietatik lau auzo dira lehentasun kritikoko zonak. «Lau auzo horiek hiriaren hegoaldean daude; errenta apalenak dituzten auzoak dira, eta eraikinen %80 1980. urtea baino lehenago eraiki zituzten; hau da, energia eskari handiagoa dute, ez baitaude ondo isolatuta edo eraginkortasun txikia dutelako», arrazoitu du Capetillok. Horrez gain, lanaldi partzialak dituzten migratzaile ugari daude, edota lehen sektorean lan egiten dutenak.

Genero ikuspegia txertatuta, ikus daiteke emakume ugari daudela lau auzo horietan. Are, 75 urtetik gorako emakumeak daude, lanaldi partzialeko kontratuak dituztenak, eta lehen sektorean lan egiten dutenak. «Horrez gain, desgaitasunak dituzten emakumeak dira, edo gaixotasun kronikoak dituztenak», gehitu du Capetillok. Hortaz, pobrezia energetikoaren «foku oso handia» dago bertan.

Edozein tokitan

Madril aztertu badute ere, edozein tokitan erabil daiteke metodologia. Izan ere, hori da lanaren helburua, eta horregatik da garrantzitsua sarbide publikoko datuen erabilera ezarri izana. Euskal Herriko ezaugarrietara moldatuta, bertan ere aplika daiteke, Teresek azaldu duenez: «Hemen Espainiako katastroa kontuan hartu beharko litzateke, baina baita Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako katastroak ere». Capetillok erantsi du Europara ere zabaltzea dela asmoa.

Pobrezia energetikoa murrizteko politika eraginkorragoak egitea ahalbidetu dezake metodologiak. Capetilloren iritziz, neurriak hartu aurretik, ezinbestekoa da eremua ezagutzea, eta talderik zaurgarrienak kontuan hartzea. «Hori ez badute ondo ezagutzen, litekeena da emaitza onak ez ateratzea», aitortu du. «Generoarekin lotutako pobrezia energetikoa neurtzen badute, erakundeek politika hobeak diseinatuko dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.