Ehunka lagun kalera atera ziren atzo Bilbon pobreziaren aurkako «borondate politikoa» eskatzeko. Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harirabihar izango da egin zuten atzoko mobilizazioa, eta deialdiak hainbat gizarte erakunde eta sindikaturen babesa jaso zuen. Manifestazioaren amaieran, diru sarrerak bermatzeko «sistema irisgarria» galdegin zuen EAPN Pobrezia eta Giza Bazterketaren Aurkako Europako Sareko ordezkari Alfonso Lopezek. Egoera arintzeko «borondate politikoa» falta dela erantsi zuen.
Antolatzaileek gogora ekarri zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bost lagunetik bat pobrezian eta baztertuta dagoela. 385.560 lagunek 1.020 euro baino gutxiago dituzte hilean bizitzeko, eta 132.173 pertsonak 680 euro baino gutxiagorekin moldatu behar dute hilean. Etxebizitzarik ez duten 2.797 pertsona daude gaur egun. Bestetik, salatu zuten «pobrezia arrisku errealean» dauden biztanleen %29,75ek ez dutela aukerarik diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izateko. Jaurlaritzaren datuen arabera, 54.127 pertsona daude egoera horretan.
«Etengabeko» igoera
Aurtengo mobilizazioetan, pobrezia energetikoan jarri dute arreta berezia. Lopezek gogora ekarri zuen argindarraren faktura «etengabe» igotzen ari dela: «Hau da jende askoren bizitza zailtzen ari diren elementuetako bat». Gasteizen, elkarretaratzea egin zuten Iberdrolaren aurrean, Araba Bizirik plataformak deituta. Energia enpresak «naturaren espoliazioaren kontura aberasten» direla salatu zuten, eta pobrezia dakartela. Donostian, Zero Pobrezia Plataformak kartelak banatu zituen hirian zehar, pobreziaren ondorioz herrialde askotan txertoak lortzeko dituzten zailtasunen berri emateko.
Pobrezia desagerrarazteko «borondate politikoa» galdegin dute kalean
Pobrezia energetikoan jarri dute arreta berezia, argindarraren prezioen igoeraren harira. Diru sarrerak bermatzeko sistema hobea eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu