Iker Aroztegi. Elkartzen-eko kidea

«Pobretze orokorra estatistikek dioten baino handiagoa da»

Hiru biztanletik bat hilean 999 eurorekin baino gutxiagorekin bizi da Euskal Herrian. Pobreziaren muga kopuru horretan jarri du Elkartzen-ek, eta esan du lana ez dela babesgabetasun egoerak saihesteko bermea.

Jon Rejado.
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Hilean 999,78 euroan jarri du 2017ko pobreziaren muga Elkartzen gizarte eskubideen aldeko mugimenduak. Iker Aroztegi (Deustua, Bizkaia, 1978) kideak gaineratu du aurtengo lanbide arteko gutxieneko soldatak 1.333,04 euro izan beharko lukeela, herritarren artean aberastasuna egokiago banatzeko.

Pobreziaren atalasea neurtzeko hainbat irizpide daude. Elkartzen-en arabera, per capitaBPGaren %37,5 izan beharko litzateke. Zergatik?

Ikertzaile sozialez osatutako sare batek proposatu zuen lanbide arteko gutxieneko soldata lurralde bakoitzeko BPG barne produktu gordinaren arabera artikulatzea. Guk geure egin dugu. Horregatik diogu gutxieneko soldata ez litzatekeela inoiz izan behar per capita BPGaren %50 baino txikiagoa, eta prestazio bat bera ere ez litzatekeela %37,5 baino txikiagoa izan beharko. Azken hori litzateke pobreziaren muga.

Pobrezia neurtzeko irizpideak betaurreko batzuen gisara jantziko bagenitu, zer mundu erakutsiko luke irizpide bakoitzak?

Hasteko, errealitateaz jabetu behar dugu: aberastasuna gero eta esku gutxiagotan dago. Administrazio publikoek, Europatik hasita, soldatan oinarritutako sistema baliatzen dute. Baina soldatek gero eta pisu txikiagoa dute aberastasunaren banaketan. Beraz, zergatik lotu pobreziaren muga kapitalaren mesedetan etengabe galtzen ari diren soldatei? Pobreziaren hedatze basatia ezkutatu nahi du: betaurreko ilunak jantzi.

Eta pobrezia erlatiboa?

Txosten ofizialak pobrezia erlatiboari, pobrezia energetikoari, ongizaterik ezari eta abarrei buruz mintzatzen zaizkigu. Indize eta zenbakien bidez, benetako errealitatea estaltzen dute: Euskal Herrian hiru pertsonatik bat pobreziaren mugaren azpitik bizi da.

Zein sektoretan eragiten du nagusiki pobrezia horrek?

Gero eta sektore gehiagotan; baina sistema patriarkal baten bizi garen heinean, emakumeek pairatu dute gehien. Datu askok erakusten dute: gogoz kontrako lanaldi murriztuak, lan berdinagatik soldata txikiagoak izatea... Horrez gain, lan erreproduktiboaeuren gain dago oraindik; alegia, lanaldia bikoiztu edo hirukoiztu dute. Badaude gogorki jotako beste sektore batzuk ere, eta denetan emakumeek sufritu dute gehien: guraso bakarreko sendiak, migranteak, emantzipa ezin daitezkeen gazteak, lanik ez dutenak, pentsiodunak...

Zehaztu duzuen mugaren arabera, herritar asko pobre lirateke, horren pertzepziorik izan gabe ere. Zer garrantzi du nor bere egoeraz jabetzeak?

Lehen aipatutako betaurrekoek eragin handia dute pertzepzioan. Pobrezia, beste hainbat kontu bezala, arazo indibidual baten moduan ikustera bultzatzen gaitu sistemak; pobrezian baldin bagaude, gure errua dela pentsatzera ez dago salto handirik. Egoerari buelta emateko, betaurrekoz aldatu beharko dugu. Soilik eskubideen alde borrokatzen duen herri antolatu batek lor dezake egoeran eragitea.

Zenbait agintarik eta enpresarik krisia amaitzen ari dela diote...

Okerrerako norabidea besterik ez dute erakutsi datuek azken urte hauetan. Gure metodologiaren arabera, pobreziaren mugaren azpitik leudeke gutxieneko soldata, hainbat soldata, gizarte laguntzak, eta pentsio gehiegi. Berriz diot: horren atzean dago Euskal Herriko biztanleen herenak pobreziaren mugaren azpitik irauten duela.

Aberastasunaren banaketa orekatua egiteko bidean, atzerapausorik gertatu al da 2008tik? Norbait atera al da indartuta?

Jaurlaritzaren 2014ko behar sozialen inkestaren arabera, 2008 eta 2014 artean desberdintasun ekonomikoak handitu ziren. Ordea, pobretze orokorra estatistikek dioten baino handiagoa da. Zergatik? Instituzioek pobreziaren muga murriztu dutelako: besteak beste, zortzi urtean ia ehun euro jaitsi dute Espainiako pobreziaren muga.

Pobreziaren kronifikazioaz mintzatu dira zenbait eragile. Egoerak konponbiderik badu?

Herritarron antolakuntza eta borrokatik dator irtenbidea. Hala ere, egia da pobreziaren mugaren gainetik egongo diren prestazio edo gizarte soldatekin ez dugula pobrezia desagerraraziko. Pausoak ematen hasi behar dugu, lege kolpez prekarizatutako gizarte batetik, esplotatutako pertsonak izango ez dituen batera.

Zuen ustez, zenbait neurri —gutxieneko soldata handitzea kasurako—, ez lirateke helduko zaintza lanetara. Nola zuzendu daiteke hori?

Jendarte kapitalista eta patriarkal honetan lan guztiek ez daukate balio sozial bera. Lan erreproduktiboak eta zaintza lanak ez daude baloratuta; gehienak lan merkatutik at daude, emakumeen gain. Gure proposamenak ez du, berez, banaketa bidezkoago bat ekarriko. Horretarako, lan erreproduktiboaren garrantzia eta balioa jendarteratu behar da.

Espainian gaia gori dago. Zer gogoeta egiten duzue gutxieneko soldata %8 igotzeaz?

Guk proposatutako kopurutik urrun dago, baita Europako hainbat estatuk duten gutxienekotik urrun ere, ez baitira 1.450 eurotik jaisten. Hori esanda, ez dugu guk esango igoerak txarto daudenik.

Espainiaren erabakiak agerian utzi ditu hainbat jarrera.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak horren harira esandakoa ezaguna da. Diru sarrerak bermatzeko errentaren igoera gutxieneko soldatarena ez den beste era batean zehaztu nahi izatea, egun, legez kontra doa. Adierazpen zitalak egin dituzte.

Gutxieneko soldata tentuz igotzearen alde agertu da BBVA, beste soldatetara zabal daitekeelakoan.

Hori da, hain zuzen ere, guk lortu nahi duguna.

Langile pobreez ari zarete...

Egun, lana edukitzeak ez du pobretzetik babesten. Soldatak gakoa badira ere, pobrezia etxeetan sartzen da, politika publikoek ez dutelako aberastasunaren banaketan beren funtzioa betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.