Pilar Garrido. Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusia

«Plurinazionala da Espainia, eta juridikoki onartzeko garaia da»

Garridok uste du «oinarrizkoa» dela Madrilen gobernu progresista bat eratzea, eta esan du heldu dela «lurraldetasunaren kutxa» irekitzeko garaia, «nazio batzuei eragiten dieten gatazka politikoa» bideratzeko.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
xabier martin
Donostia
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Euskal herritarrekin «berriro konektatu» behar du Elkarrekin Podemosek, koalizio horretako koordinatzaile nagusi Pilar Garridoren (Badajoz, Espainia, 1966) arabera. «Estatus politiko berribati buruz» eztabaidatzen hasteko garaia heldu dela uste du.

Hauteskundeetara deitu aurretik, tarte nahikorik ba ote dago lege garrantzitsuak onar daitezen Eusko Legebiltzarrean?

Herritarren beharrek ezin dute itxaron. Osasunak ezin du itxaron, eta buru osasunaren auziak, bereziki, ezin du itxaron. Bestalde, Hezkuntza Legea hor dago, eta gu ez gaude ados lege proiektuan egun jasota dagoenarekin. Hezkuntzaren ituna adostu genuen indar guztiek saiatu beharko genuke aurrez aurre ditugun benetako erronkei aurre egiten.

Zer aldatu behar da lege proiektu horretan Elkarrekin Podemosen babesa izan dezan?

Hezkuntza itunean sinatutakoa errespetatu behar da. Itun horrek bi ardatz nagusi zituen: euskal eskola publikoa sistemaren erdigunean jartzea eta segregazioaren aurkako neurri zehatzak ezartzea. Hezkuntza komunitateak berak dioen bezala, lege proiektuak ez ditu errespetatu.

Podemos Sumarren markapean lehiatu da Espainian. Marka horrekin lehiatuko da Legebiltzarrerako 2024ko bozetan ere?

Gauza batzuk argitu behar dira oraindik. Sumar hamabost alderdiko koalizio bat da. Euskadin, alderdi progresisten bat egitea Elkarrekin Podemos da. Espazio politiko hori zabaltzeko prest gaude; gure espazioa irekia da, eta Elkarrekin Podemos prest dago indar gehiago biltzeko.

Orduan ez da segurua Podemos Sumarren barruan lehiatuko dela hemen?

Ez. Elkarrekin Podemosen markapean gauden indarrak lanerako prest gaude gure espazioa indartzeko eta zabaltzeko. Baina gure marka egonkorra da, eta zoru bat dauka. Sumar alderdi politiko bihurtuko balitz estatuan eta Eusko Legebiltzarrerako lehiatzea erabakiko balu, ikusiko genuke hori nola uztartuko litzatekeen. Baina, oraindik, ez dago prozesu hori. Gure espazioaren erreferentzia Elkarrekin Podemos da, eta gure espazio politikoak badu autonomia gure lurraldean.

Sumarrek EPek baino emaitza okerragoak atera ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken bozetan. Nola lehiatuko da zure koalizioa EH Bildurekin, independentismotik kanpo ere botoa jasotzen ari denean hura?

Elkarrekin-ek zoru sendo bat dauka, udal eta foru hauteskundeetan erakutsi duen moduan. Erabakigarriak gara toki batzuetan —adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundian—, eta lanean jarraitu behar dugu erakusteko euskal ezkerraren proiektu eraldatzailea ordezkatzen dugula. Kasurako, berdintasunean eta trantsizio ekologikoan neurri ausartak hartzeko gai garela erakusten jarraitu behar dugu.

Dena den, erronka handia da EH Bildurekin lehiatzea hura bere espazio tradizionaletik harago zabaltzen ari den honetan, ezta?

Gure erronkarik handiena da euskal herritarrekin berriro konektatzea. Herritar asko eta asko ez doaz bozkatzera. Legebiltzarrerako azken bozetan ia hautesleen erdiak ez ziren botoa ematera joan. Hor badugu lan bat egiteko herritar horiek mobilizatzeko, umezurtz sentitzen direlako. Hori da gure helburuetako bat.

Podemosek autonomia handiagoa nahi du Sumarren talde parlamentarioaren barruan, soslai politiko gogorragoa ispilatzeko. Koalizio barruko borroka hori hasi besterik ez da egin?

Jakin behar da Sumar eta Sumarren talde parlamentarioa Kongresuan hamabost alderdi baino gehiagok osatzen dutela, eta alderdi horiek proiektu desberdinak dituzte. Koalizioan dauden alderdiek beren autonomiari eutsiko diote beren proiektuak azaldu ahal izateko, ziur naiz. Normaltzat hartu behar da.

Baina Podemos ez da edozein indar koalizio horretan. 2016an Espainiako Gorteetarako bozak irabazi zituen Hegoaldean. Aparteko arazorik gabe onartu duzue Yolanda Diazen marka?

Podemos indar politiko eraldatzailea izan da, eta Espainian gai izan da bipartidismoa hausteko, 40 urteren ondoren. Gainera,lehen koalizio gobernua egin du, eta eskubideen arloan aurrerapauso garrantzitsuak ematea lortu du. Podemos indar garrantzitsua izango du, bai Estatuan bai Euskadin. Ni, hemengo koordinatzaile nagusi gisa, batasunaren alde aritu naiz beti, gure espazioa zabaltzeko eta ezkerreko eraldaketaren gure ideiarekin bat datozenekin espazio politiko bakarra osatzeko. Beraz, bateragarriak dira Podemosek Euskadin egin duen lan bikaina onartzea eta gure espazioa zabaltzeko eta indartzeko lan egitea.

Madrilen gobernu progresista bat eratzeak zenbateko garrantzia du zuentzat hemen hobeto lehiatzeko?

Oinarrizkoa da gobernua eratzea. Etxeko lanak eginak ditugu, dena den, Unidas Podemosek erakutsi baitu eskubideetan aurrera egin daitekeela gobernutik. Boteretsuak ditugu aurrez aurre, baina ahal dugu aurrera egin, eta gobernu hori egin behar dugu, agenda zabal bat martxan jartzeko

Estatu eredua oinarrizko aldagaia izango da Madrilgo gobernuaren negoziazioetan. EP prest dago estatu federal baten aldeko urratsak egiteko?

Euskal herritar gisa beti esan dut Podemosen roletako bat izan dela gobernuan estreinakoz indar plurinazional bat ordezkatzea. Espainia plurinazionala da, eta juridikoki hori onartzeko garaia heldu da. Euskadiko indar politiko guztiak eseri behar gara, eta estatus politiko berri bat adostu. Legealdi honetan eman beharko genituzke horren aldeko pausoak.

Yolanda Diaz ez da agertu oso argi erabakitzeko eskubidearen alde. Elkarrekin Podemos euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea izatearen alde dago?

Bai, baina garrantzitsuena prozesua da. Aurrena estatus politiko berri bat adostu behar dugu, eta herritarrek prozesu horretan parte hartu behar dute, gero erreferendum batean burura eramateko. Prozesu luze bat da, eta erreferenduma azken urratsa da. Nik nahi dudana da pausoak ematen hastea. Batera edo bestera, lurraldetasunaren kutxa irekitzeko garaia heldu da, nazio batzuei eragiten dien gatazka politikoez ari baikara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.